Ganibetek autotunea ala autotuneak Ganibet; horra Altsasun (Nafarroa) jaiotako musika taldearen hastapenak esplikatzeko amu izan litekeen duda bat. Ea bietako zeinek aurkitu ote zuen bestea, edo bietako zein atera ote zen bestearen bidera, bat egiteko. «Kontua ez da egun batean hasi ginela autotunea erabiltzen, baizik eta autotuneak ekarri zuela Ganibet bera», erantzun du Ekain Alegre taldeko kideak (Altsasu, Nafarroa, 2001). «Elektrotxarangan proposatu nuen ea norbaitek nahi zuen autotunea probatu, eta Amaiurrek bere burua eskaini zuen, eta hor sortu zen dena». Amaiur Goikoetxea herrikideaz ari da, zehazki. Harekin batera sortu zuen proiektua, orain dela bi urte luze, eta, bolada batez beste musika talde batzuen bertsioak taularatuz zaildu ondoan, salto bat egin dute orain. Beren lehenbiziko albuma kaleratu dute: Zure Zeru.
Sei kantuz osatutako EPa da Zure Zeru. Alegreren esanetan, bi kideek zeukaten «barne gogoa» ase nahiak ekarri du horien guztien sorrera, eta, orain bai, sentipena dute proiektua «osoagoa» dela dagoeneko. «Bertsioak egiten hasi ginen, momentu horretan ez genuen-eta aurrera egiteko bestelako materialik eskuartean, baina hasi eta berehala erabaki genuen geure zerbait ere egingo genuela», ekarri du gogora.
Funtsean, bertsioek tranpolin gisara balio izan diote bikoteari. Eta ez soilik oholtza gainetan trebatzeko: haietako zenbaitek erdietsi dute sonarik euskal eszenan —2023ko Xorieri da adibiderik garbiena, Erramun Martikorenaren izen bereko kantutik abiatuta sortua—, eta, besteak beste bultzada horri esker, enkargu inportanteak jasotakoak ere badira jadanik: Ziztadarekin batera, Ganibetek egin zuen 2024ko Gazteon Eskutik topaguneko kantua —Galdera guztiak—.
Ikusi gehiago
Baina gogoz ziren saltorako, kantu propioak sortzeko ez ezik, baita bilgarri baten barrenean sartzeko moduko abesti sorta bat egiteko ere. «Ez genekien zenbat pieza izango ziren, azkenean sei izan dira EPan, baina bagenuen asmoa singleak atera baino zerbait gehiago egiteko», kontatu du Alegrek. Behar adinako pausa hartuz jardun dutela esplikatu du, gainera. Oro har, bi kideen artean konposatu dituzte kantak, Alegrek hartu du produkzioa bere gain, eta Goikoetxeak jarri du ahotsa.
Saturazioa lagun
Elektronikan oinarritutako eta autotunean bernizatutako kantuak izan dira emaitza, gutxi-asko. Izan ere, hori du Ganibetek berezko estiloa, bertsiogintzan ere erakutsi zutenez. Erritmoari dagokionez, haien kantuak bizi-biziak dira. «Elektronika azkarra; hiperpop azeleratua dela ere esan izan du jendeak», azaldu du Alegrek.
Bestalde, autotuneari buruz, musikariak aitortu du hasieran «hautu estetiko baten ondorioz» erabaki zutela hura erabiltzea, baina, argitu duenez, gaur egun are eta muturrerago eramaten dute tresna hori: «Guztia esajeratzeko erreminta gisa erabiltzen dugu orain. Izan baldin bazitekeen ez-dakit-nolakoa, ba are eta horrelakoagoa izan dadin». Dioenez, orain arte eginikoetan nabarmen gustatu zaie autotuneak «melodiak esajeratzeko» ematen dien aukera; baita ahotsa modulatzeko eta, oro har, «saturaziorako» ematen dien aukera ere. Kolpe bakoitzeko kantuan, esaterako, Goikoetxearen ahotsa muturreraino saturatzen da une jakin batean, goraino zolitu, eta kolpe batzuen gisako musika nota batzuekin diluitzen da ohartzerako.
«[Autotunea] guztia esajeratzeko erreminta gisa erabiltzen dugu orain. Izan baldin bazitekeen ez-dakit-nolakoa, ba are eta horrelakoagoa izan dadin; melodia esajeratzeko, ahotsa modulatzeko, saturaziorako»
EKAIN ALEGRE Ganibet taldeko kidea
Abestien hitzei dagokienez, «istorioen gainean» lan egiten dutela nabarmendu du Alegrek. Dioenez, fikziozko istorioak ere baliatu izan dituzte narrazioetarako, baina, edonola ere, batik bat metaforak erabiliz aritzen dira gustura. «Saiatzen gara gauzak ez esaten zuzen-zuzenean, baizik eta asmatutako istorio batzuk erabilita», zehaztu du. Albumeko abesti guztiei antzeko airea darie, nolabait. Batera edo bestera, hainbat alditan mintzo baitira hausten edo lehertzen ari den zerbaitez. Eta eszenak irudikatzea da Ganibeten estrategietako bat. «Guztia bete da orain kristal zatiz/ nire azala pixkanaka ebakiz./ (...)/ Zeruak eztanda egingo zuela/ esan zenidan lotan nengoenean,/ ez entzutea nahiko bazenu bezala», diote, adibidez, albumari izen eman dion Zure zeru abestian.
Ganibet Igorreko (Bizkaia) Kiñu gaztetxean ariko da gaur. Izan ere, egun osoko egitaraua antolatu dute haren XI. urteurrenaren karietara —manifestazioa ere eginen dute, 18:00etan, «gaztetxearen defentsan»—, eta bost kontzertu izanen dira, 21:00etan hasita. Ganibet bigarren ariko da; aurrez, Silitia, eta, ondotik, J Martina, Acido Folclorico eta Izarren Ahuntza.
Gainera, datozen asteei begira, beste data batzuk ere iragarri ditu Ganibetek: maiatzaren 9an Bilboko Biran joko dute; maiatzaren 24an, Oñatin (Gipuzkoa), eta 31n, Markina-Xemeinen (Bizkaia).