Musika

Sumindurari lekua eginda

Lucinda Williamsek 'Good Souls Better Angels' disko rockzale eta bortitzera eraman du bere inguruneari eta munduari begiratzeak sorrarazten dion haserrea.

Lucinda Williamsen estudioko hamalaugarren diskoa da Good Souls Better Angels. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Haserre dago Lucinda Williams (Lake Charles, AEB, 1953). Sumindua munduak eta batez ere bere herrialdeak hartu duten norabidearekin. Triste, dena erortzen ikusten duelako. Haserre, sumindua eta triste dago americana-ren esparruan azken hamarkadetan sortu den musikaririk inportanteenetako bat, eta sentipen horiek Good Souls Better Angels (2020) azken diskoko pasarte ia guztiak zeharkatzen dituzte. Iluntasuna gailendu arte.

Amorru eta min hori guztia modu askotara isla zezakeen Williamsek; izan ere, 1979an Ramblin diskoarekin debutatu zuenetik, behin eta berriro erakutsi du musika estiloen jantzi hertsiak ez dituela gogoko. Folkaren, country-rockaren, bluesaren eta rockaren artean mugitu da, baina bide bakar batean bertan goxo gelditu gabe, eta kantu biziak nahiz balada aztoragarriak aurki ditzake kantariaren diskografian arakatzen duenak. Good Souls Better Angels, baina, bere diskorik gordin, zuzen eta rockzaleena izan liteke, leku gehien uzten diona bluesaren eraginari eta elektrizitate sutsuenari. «Aurreko diskoen oso ezberdina da», aitortu du Williamsek berak: «Garage-rock disko bat da, blues lan». Hamalau egunetan grabatu zuen, bere zuzeneko bandarekin. Apaingarrientzako tokirik utzi gabe. «Horrela du soinu egokia».

Nolanahi ere, Good Souls Better Angels ez da ezerezetik ateratzen den disko bat, Down Where The Spirits Meet The Bone (2014) disko bikoitzak bazuelako, beste modu batean bada ere, blues ukitu hori. Eta berdin Ghost of Highway-k ere (2016). Gainera, Down...-etik hona, aldatu egin du abesteko modua: zakarragoa, markatuagoa da orain, eta apenas uzten dio lekurik Essence (2001) eta World Without Tears (2003) blaitzen zuten ahots malenkoniatsu eta goxoari.

Azken urteetako garapen horrek isla izan du Williamsen hitzetan ere. Hiru hamarkadaz, lehen pertsonan idatzitako testuek jantzi zituzten musikariaren kantuak, eta askok erraietatik ateratakoak ziruditen, biluzte emozional baten laginak. Blessed (2011) diskoak, ordea, beste perspektiba bat ekarri zion Williamsen musikari, kolektiboarena; eta bere inguruari begiratu eta ikusten duena gustatzen ez zaion begiralearen ikuspuntutik kantatzen dio orain munduari.

Trumpen herrialdean

Ez du bere izena aipatzen kantu osoan, baina ez du ezkutatu ere. Man Without a Soul tempo lasai baina gordineko kantuan Donald Trumpez ari da. Nahiz eta hura bezalako beste batzuk ere izan zitezkeen. Eta salaketa lehen lerrotik: «Egiarik gabeko gizona zara / Diruzaletasuna duen gizona, gorrotoa duen gizona / Inbidia eta zalantzadun gizona / Arimarik gabeko gizona zara». Orain dela aste batzuk, Trumpi buruzko artikulu bat argitaratu zuten The New York Times egunkarian, eta Williamsek Man Without a Soul kanturako lotura jarri zuen iruzkinetan. Erantzunak, ordea, ez ziren izan berak espero izandakoak. «Batek esan zuen: 'Pentsatzen nuen Lucinda pertsona bihozbera zela. Ez du eskubiderik halako kantu bat abesteko'. Beste baten iritziz, abesten ari naizenean, bihotzekoa ematen ari zaidala ematen du. Eta beste batek betikoa adierazten zuen, alegia, musikariok ez dugula eskubiderik politika kontuetan sartzeko. Egia esateko, desatsegina izan zen».

Disko iluna eta energiaz betea da Good Souls Better Angelsdark eta darkness hitzak behin eta berriro erabiltzen ditu kantariak—, Williamsen eta Stuart Mathisen gitarrei protagonismo ia osoa ematen diena. Bortitza askotan, intentsitate handikoa beti (Big Rotator, Bone of Contention). Apenas uzten die Williamsek tarte bat hain bikain menderatzen dituen pasarte leunei: Big Black Train, Good Souls...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.