Sugarra bizirik mantentzeko

Goitibera konpainiak 'Kasilda, bukatzen ez den sua' antzezlana estreinatuko du bihar, Eibarren. Kasilda Hernaez Vargas iraultzailearen bizitza izango da obraren ardatz

Aiora Sedanok bete du Kasilda Hernaezen rola Kasilda, bukatzen ez den sua antzezlanean. GOITIBERA KONPAINIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
1914ko apirilaren 9an jaio zen Maria de la Soledad Kasilda Hernaez Vargas, Zizurkilen (Gipuzkoa). Emakume iraultzailea izan zen, eta bizitza osoa eman zuen emakumeen eskubideen eta askatasunaren alde borrokan. Askok, halere, ez dute inoiz izan haren berri, eta hori da, hain zuzen, Goitibera konpainiak Kasilda, bukatzen ez den sua antzezlanaren bidez lortu nahi duena: Kasilda Hernaez Vargasen historia lau haizeetara zabaltzea. Saioa Iribarrenek idatzi eta zuzendu du obra, eta Leire Orbe, Aiora Sedano eta Ander Basaldua aktoreak igoko dira oholtza gainera. Musikak eta umoreak lagunduta, bihar estreinatuko dute obra Eibarko (Gipuzkoa) Coliseo antzokian.

Iribarrenen hitzetan, Kasilda Hernaez da obraren ardatz: «Kasildaren istorioa kontatzen dugu, baina haren ikuspegitik». Zehazki, 1934ko greba izango da obraren abiapuntua. Izan ere, greba egiteagatik, 29 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Hernaezi. Hala ere, gerora, 36ko gerraren gaia ere landuko dute antzezlanean. «Gerran emandako gertaera asko oraindik ere isilpean mantentzen direnez, zauriak sendatu gabe daude», azpimarratu du zuzendariak. Horrekin batera, memoria historikoaren «garrantzia» azpimarratu du Basalduak: «Kontua ez da iraganean bizitzea, baina bai iragana antolatzea etorkizuna eraiki ahal izateko». Hain justu ere, urteek aurrera egin ahala, «gero eta gutxiago» direlako gertaera historiko hori bizitakoak: «Memoria historikoa galtzeko arriskua dagoela ikusita, lan honen bitartez, gure aletxoa jarri nahi dugu».

Ikuskizun «korala» da. Hau da, pertsonaia nagusiez gainera, beste pertsonaia batzuk ere interpretatuko dituzte hiru aktoreek. Tartean, milizianoak eta tropa frankistak. Hala ere, hiru dira antzezlanean nagusituko diren pertsonaiak: Kasilda Hernaez, Felix Likiniano eta Manuel Chiapuso. Hiru pertsonaia horiek denbora asko igarotzen zuten elkarrekin, eta hori izan da gehienbat zuzendariaren arreta erakarri duena: «Oso lagunak ziren, eta, ondorioz, hirurek toki bat izan behar zutela iruditu zitzaidan». Basalduaren pertsonaia Likiniano da: «Felix Kasildaren bikotekidea zen, oso pertsona liluragarria eta bihotz onekoa». Aiora Sedanok beteko du Kasilda Hernaezen rola, eta Chiapusorena, berriz, Leire Orbek.

Aktore esperientzia «oso polita» izan dela nabarmendu du Basalduak, eta, aldi berean, denen artean, lantalde «bikaina» osatu dutela. Horrez gainera, zuzendariak egindako lana ere goraipatu nahi izan du: «Zuzendari gisa, aktoreon onena ateratzen saiatu da une oro».

Goitibera konpainiak ondutako laugarren antzezlana da Kasilda, bukatzen ez den sua. Lehenengoa I'm a real artist (2016) izan zen, eta haren atzetik heldu ziren Yijaaa! (2019) kale ikuskizuna eta Amatxik Dixit (2019). Zehazki, azken horren haritik tiraka sortu da obra berriko ideia. «Aurreko emanaldiaren bitartez konturatu ginen memoria historikoaren gaiak interes handia pizten zuela gugan; hortaz, ildo horretatik jarraituz sortu dugu ikuskizun hau ere», dio Basalduak. Horrekin batera, Iribarrenek argi izan zuen emakume baten istorioa kontatu nahi zuela: «Emakumeoi ahotsa ematea ezinbestekoa zela iruditu zitzaidan». Gainera, ez zuen zailtasun handirik izan pertsonaia aukeratzeko orduan: «Pentsatzen hasi, eta berehala etorri zitzaidan burura Kasildaren irudia».

Esperientzia berria

Espazioarekin jolasteko aukera ematen duen eszenografia eraiki dute. «Mugimendu asko dago, eta ikuskizun osoaneszenografia aldatuz doa», azaldu du zuzendariak. Aktoreak beraiek izango dira eszenaratzea aldatzeaz arduratuko direnak, publikoa horretaz jabetu gabe. Era horretara, ikuskizunean hainbat leku bisitatuko dituzte: espetxea, barrikadak, trena...

Otsail amaieran egin zuten aurrestreinaldia Sopelan (Bizkaia). Hala ere, orain arte itxaron dute estreinaldia egiteko. «Egoera nola zegoen ikusita, estreinaldia atzeratzeaerabaki genuen; baina, orain, lehengo egoera berdintsuan egon arren, aurrera egiteko erabakia hartu dugu», adierazi du Iribarrenek. Gainera, lehenengo emanaldia Eibarren egin ahal izateak «ilusio handia» egin die, antzerkiko pasarte bat Eibarko bonbardaketan oinarrituta baitago: «Oso eskertuta gaude egindako gonbidapenarekin». Gaurko emanaldiaz gainera, maiatzaren 8an Zizurkilen izango dira, Hernaezen jaioterrian.

Antzezlana esperientzia berria izango dela aurreratu dute konpainiako kideek. «Publikoa ez dago ohituta egiten dugun antzerki motara», dio Basalduak. Gorputza, espazioa eta mugimendua lantzen dituzte euren ikuskizunetan, eta ikusteko aukera izanez gero beren emanaldiren batera joateko gonbita egin du zuzendariak: «Emanaldian sentimendu ugari tartekatuko dira, eta, era berean, ahaztu ezin dugun eta gure parte den historiari errepaso bat emango diogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.