Punk bat, printzesa bat, hippy bat... eta bi pailazo elkartu dira biribilgune baten ondoko saltokian. Jaiak mozorro denda zabaldu zuen aspaldi Agustin Mujikak Zaldibian (Gipuzkoa), eta han bertan dira elkartzekoak. Izan ere, Takolo eta Bea Egizabal pailazoak mozorroturiko manikiz inguraturik daude, euren clowntasunaren berri emateko prest. Bi belaunaldi eta bi estilo, gai eta filosofia ordezkatzen dituzte. Ikuskizunetan, milaka haurri algara eginarazi die Takolo pertsonaiak urteetan eta urteetan, eta kantuan jarri ditu, bere ahots sendoarekin. Egizabal emakumetasunaren eta gizartearen inguruan aritu da ikuskizunetan, taldean zein bakarrik. Pertsonaiez harago, antzezleak mintzatu dira, sudur gorria erantzita.
Apple konpainia garaje batean hasi zela kontatzen digute, eta Facebook, logela batean. Takolo pailazoa, berriz, ikasgela batean jaio zen?
AGUSTIN MUJIKA 'TAKOLO': Bai. Erabateko giro erdaldunean, A ereduan. Zazpi gela nituen, eta bakoitzean 30-35 ume. Klaustroan 30 irakasle ginen, eta lau bat ziren euskaldunak. Neu ere 17 urterekin hasi nintzen euskara ikasten, eta 19 urterekin, AEKn irakasle hasi nintzen, irakaslerik ez zutelako aurkitzen. Irakasletza neukan eginda, eta eskola publikoan hasi nintzen soldaduskatik bueltan. Udalekuetan egoten nintzen Bernedon [Araba] eta Goiatzen [Bidania-Goiatz, Gipuzkoa], eta han egunak eta egunak pasatzen genituen. Gau batean, 18 urte edo izango nituela, bakarrizketa-parodia bat inprobisatu nuen. Haurrek barre asko egin zuten, eta lagunak esan zidan: «Oso ondo; hik balio duk horretarako». Ni, neurez, oso lotsatia naiz. Ezin dut testu bat irakurri jendaurrean; halako zera bat daukat... muga bat.
Bea Egizabalen clowna, berriz, laborategi batean jaio zela esan daiteke. Eureka esan zenuen?
BEA EGIZABAL: Arrasaten bizi nintzen [Gipuzkoa], eta Lagun Aroren laborategian egiten nuen lan. Kimika ikasi nuen eta hirugarren ikasturtera heldu nintzen, baina, orduan, krisi existentziala izan nuen, eta ingurumen modulua ikasi nuen. Mary Poppins bihurtu nintzen orduan. Tximiniak aztertzen egiten nuen lan: laginak hartu, eta kutsadura neurtzen genuen. Langileek lanpostuan jasotzen zuten kutsadura aztertzen genuen, eta baita enpresek airera jaurtitakoa ere bai.
Lan horrekin gizarteari eta gizateriari mesede handia egiten zenion. Nolatan aldatu zenuen norabidea eta pailazo bihurtu?
EGIZABAL: Asperdurarengatik. Astelehenetan lanera joan, eta fitxa sartzen nuen. Lan astea amaitzeko 42 ordu geratzen zaizkizula ikustea... Ezinezkoa da! Petronorren tximinian igota ibili nintzen. Gailuak igo, zunda sartu, iragazkiak pisatu... Azkenean esan zuen: begira, gustura geratu naiz; erakutsi dut gai naizela lan hau egiteko, baina ez dut berriz egin nahi. Antzuolan [Gipuzkoa] kontalari ikastaro bat egina nuen, eta hasia nintzen ipuinak kontatzen. Beraz, «nahikoa da!», esan nuen, eta amildegira!
Euskararen kezkak eta herrian euskal giroa sortzeko gogoak bultzatu zintuzten euskararen lehenengo maratoia antolatzera Lasarten. 1987 hartan pailazo mozorroa jantzi zenuenean, bazenekien luzerako hartuko zenuela?
MUJIKA: Kantagintzan ez zegoen gauza handirik haurrentzat. Imanol Urbietaren Ran rober ran eta halakoak zeuden. Hari baimena eskatu genion bere kantak jotzeko, eta beretzat «ohorea» zela esan zigun. Gainera, haren semea ere pailazoa zen Zarauzko talde batean: Kakax, Kokox eta Kirriki. Maratoia egin genuenean atera ginen lehen aldiz, eta Usurbilgo batzuk zeuden han. «Hurrengoan etorri herrira»; eta geu hara. «Etorri Bilbora», gero, eta han aritu ginen Aste Nagusian, ez megafoniarik eta ez ezer. Donostiako Aste Nagusian ere, agertoki handi bat genuen, eta plaza leporaino beteta. «Hau da hau! Non sartu gara!», pentsatu genuen. Gero poliki, megafonia erosi, furgoneta hipotekatu... Eta herriz herri hasi ginen.
Ulertzen ez zizueten lekuetara ere bai?
MUJIKA: Bai. Nafarroa hegoaldera, Cortes, Ablitas, Cascante.... «Ez dakizue gazteleraz?», galdetzen ziguten. Baina geurea oso bisuala zenez, keinuen eta kantuen bidez aritzen ginen. Koloreak ere ez zekizkiten: «Zer kolore da hau? Gorria!», geuk esaten genien guztia.
Clown ikastaroetan esaten dizute barruan duzun haurra atera behar duzula. Baina zeuk esan izan duzu zeuk barruan ez zenuela halakorik. Nola sortu zen, bada, zure clowna?
EGIZABAL: Ni ume tuntuna izan nintzen, jatorra gurasoentzat, baina zintzoa. Nik ez nuen ume hori atera nahi. Kixki, Mixki eta Kaxkamelon ikusiko nituen txikitan, baina pailazoek ez ninduten erakartzen. Baina, non eta Brinkolan [Gipuzkoa], asteburu bateko ikastaro bat egin nuen, eta hantxe konektatu nuen, porrotaren bidez. Hor, bat-batean, porrota da arrakasta. Pailazoa erori egiten da, ez du asmatzen, dena apurtzen zaio... Hori espero da pailazo batengandik, eta niri horrek katakrak moduko bat eragin zidan. Zure bizitzan ere porrotari umorea ateratzeko tresna bat da sudur gorria. Horrek ez du esan nahi zure porrotak txantxa bat direnik; sufritzen dituzu, baina baduzu beste toki bat horiek ikusteko. Hori ematen dit niri sudur gorriak.
MUJIKA: Niri eman dit neure burua pixka bat ateratzeko aukera. Etxean egoera gogorrak izan ditut. Haurtzaroa ez dut nik oso zoriontsua izan. Irtenbide bat izan da niretzat. Beste bat zara oholtzan, sudur gorria jantzita, eta autoestimua edo ez dakit zer goratzen dizu horrek. Baina jendeak gero uste du beti barrezka ibiliko zarela. Bada, ni ez naiz halakoa.
EGIZABAL: Esaten dutenez, sudur gorria munduko maskararik txikiena da. Beraz, maskaraturik zaude, eta zeuregandik oso gertu dagoen pertsonaia bada ere, modua ematen dizu gauza batzuk egiteko, bestela inolaz ere egingo ez zenituzkeenak.
Badabil meme bat XIX. mendetik, eta azken urteotan indarberritu egin da: gizon bat psikiatrarengana doa, eta lur jota dagoela esaten dio; psikiatrak, terapia gisa, hirira heldu berri den sudurgorri ospetsu baten ikuskizunera joateko gomendatzen dio, algara batzuk eragingo dizkiola esanez; gizonak, orduan, psikiatrari azaltzen dio bera dela pailazo ospetsu hori. Identifikatzen al zarete horrekin?
MUJIKA: Ni pixka bat bai. Ez dakit orain den garaia esateko, baina 17 urte nituenerako anaietako bat hilda zegoen. Bi arreba oso gaixorik zeuden, eskizofreniarekin. Beste anaia bat hortik... Ama ere ezinean. Soldata bakarrarekin bizi ginen sei seme-alabak eta gurasoak, etxe txiki batean. Gure lagun asko heroinarekin hasi ziren. Gipuzkoan lehenengo hildakoak geure auzokoak izan ziren. Hori ez bazen, gai politikoa zen: atxilotuak, torturatuak... «Nola aterako da pailazo bat halako auzo batetik?», esaten zuten.
EGIZABAL: Clown ikastaroetara zoaz, eta talde guztietan badaudebat edo bi psikologoak edo psikiatrak bidalitakoak. Erabiltzen da, baina aukera ematen dizulako beste ikuspegi batetik ikusteko dena. Zure errealitatea gogorra denean, aukera izatea gauzak ikuspegi dibertigarri batetik ikusteko... Hori umoreak egiten du orokorrean. Gainera, pailazoaren inozentziarekin... Ongi sentiarazten dizu agertokian eginiko jolasak. Jolasak balio du: hemen eta orain zaude. Jolastea oso terapeutikoa da, eta heldutan jolasa desagertu egiten da gure bizitzetatik. Jolasa umeekin lotuta egoten da. Baina helduok probatzen dugunean, berriz egin nahi dugu denbora guztian. Une horretan ez duzu zeure miseriaz pentsatzen. Hori opari bat da.
Sudurgorriari egiten dion mesedeaz aritu zarete, baina hor dago besteei eginiko onura. Takoloren miraria deituriko kasua argitaratu zenuten Sentitu, pentsatu, ekin liburuxkan. Bihotz arazo baten eraginez, paralizaturik geratu zen Julen haurra, eta Takoloren bisitak suspertu zuela kontatzen duzue. Kanonizatzeko prest al zaude?
MUJIKA: Koman egon zen haurra, eta, atera zenean, gauza bakarra esaten zuen: Takolo. Gurasoek deitu zidaten Bilbora. Han zegoen haurra ohean, gurutzez eta amabirjinaz inguraturik. Abesten hasi nintzen, eta haurra mugitzen hasi zen. Gurasoak oso pozik geratu ziren. Hor dago oraindik mutila. Tarteka deitzen diot. Askotan egiten ditugu saioak leuzemia eta halakoak dituzten haurrekin. Baina gogorra da. Negarrez ateratzen zara. Etxera negar batean, Bilbotik.
EGIZABAL: Pena da ospitaleko pailazoen lana txertaturik ez egotea hemengo erietxeetan. Leku batzuetan bai: ospitaleko taldeko kide dira pailazoak, eta, haurrekin batez ere, baina helduekin ere egiten dute lan. Formakuntza handia behar da horretarako, ezin duzu edozer gauza egin.
Julenen anaiak —Yeraik—, ikusi zuenean Takolok zer eragin izan zuen gaixoarengan, zera esan omen zuen: «Pailazoak dira gauzak alda ditzaketen bakarrak». Horrek ez dizuete beldurrik ematen?
EGIZABAL: Oso ohituta gaude gauzak modu batean egiten gizarte gisa. Bat-batean, gauzak beste modu batean egiten dituen izaki dibergente bat ateratzen denean, danba!, zirkuitulaburra eragiten du. Umoreak ahalmen hori du, baina pailazoaren emozionalitate berezia da. Tragikomikoa da: komikotasuna tragediarekin lotuta dago. Komikotasunak askoz gehiago funtzionatzen du tragedia batean gertatzen denean. Hileta batean, edo errepide kontrol batean, esaterako.
MUJIKA: Behin, hementxe bertan gelditu ninduten guardia zibilek, ikuskizun batetik bueltan nentorrela. «Zabaldu atzekoa! Animalia bat, bonbo bat... Baina zertan egiten duzu lan?». Eta nik: «Pailazoa naiz». Eta guardia zibilak: «Ongi, norberak ahal duen bezala irabazi behar du ogia». Isildu egin nintzen. Bestela esango nion: «Bai, jauna, zeuk bezala».
Autozentsura, beraz.
EGIZABAL: Bizirik iraun nahia!
Askok izango dute gogoan Jordi Pesarrodona Kataluniako pailazo eta ekintzailea. 2018an, bolo-bolo zabaldu zen haren irudia, sudur gorriarekin guardia zibil armatu baten ondoan protesta egiten, Kataluniako erakundeen kontra eginiko operazio batengatik. Epaitu ere egin zuten gero, eta zigortu, desobedientziarengatik. Batzuek serioegi hartzen dituzte sudurgorriak?
EGIZABAL: Erridukulua ez da batere erosoa boterearentzat. Ez zuen berez ezer egin: gizajo eta galtzaile itxurarekin hor jarri, besterik gabe, baina autoritatea kentzen dio besteari.
«Ez da kontu barregarriagorik gehiegizko solemnitatea baino», idatzi zuen beste pailazo batek, Jose Inazio Ansorena Mirri-k. Boterearen estetika agerian uzten duelako gorroto dute umorea?
EGIZABAL: Botereak erritualak ditu, eta hori apurtzea berez oso erraza da, edozein tontakeriak apurtzen baitu solemnitatea. Baina horrek prezio bat dauka.
Politikari batzuen artean, joera dago pailazo gisa agertzeko, eta pitokeriak apropos esateko, jator emateko eta entzuleak eurekin identifikatzea bilatzeko. Zuen trikimailuak ikasi eta intrusismoa egiten dizuete?
EGIZABAL: Tesiak egin dituzte horren inguruan, eta ondorioztatu dute botereak beti erabili duela umorea. Umorea oso zapaltzailea izan daiteke, baina oso askatzailea ere bai. Botereak, edo mainstream-ak, beti egin die barre zapalduei. Egin diezaiegun barre homosexualei, emakumeei..! Zapalduak boteredunari barre egiten dionean, orduan da umorea askatzailea. Mintzeko ere erabili daiteke umorea, baina erabaki behar duzu nor mindu nahi duzun, guardia zibila ala atxilotua? Ezin da aseptikoa izan, ez dago neutraltasunik, eta, dagoenean, askotan mainstream-a da, eta hori biolentoa da.
MUJIKA: Aho biko ezpata da umorea. Neuk ere erabili dut mintzeko. Pailazoak tarta hartzen du, eta bere aurpegira botatzen du, jendeak barre egin dezan. Bestearen aurpegira botatzen duenean, ordea, ederra egin du orduan! Nik jendeari esaten diot bihotza eta burua zabaltzeko, komikoak besterik ez direlako. Niri etortzen zaizkit andaluziarrak mozorro dendara, eta flamenko dantzariaren mozorroaz kexatzen zaizkit: «Nola sal dezakezu hau, gero jendeak barre egiteko?».
EGIZABAL: Eta inauterietan baserritar jantziz gero euskaldunen lepotik barre egingo balitz? Ez al da norbait haserretuko? Oso zaila zaigu gutxitua eta zapaldua sentitzen denaren lekuan jartzea. Batzuk inauterietan emakumez nola mozorrotzen diren ez dit inongo graziarik egiten: prostitutak, erizainak... Mezu bat bidaltzen ari zara. Ulertzen dut beltzak haserretzea zuri bat beltzez mozorrotzen denean. Ez gaude gizarte berdindu batean. Zu pribilegiotik ari zara.
Umorea gizartearekin aldatzen da. Zuri gertatzen al zaizu garai bateko txantxa edo esketxen bat gogoratzea, eta esatea: «Gaur hau onartezina litzateke; nolatan egiten genuen hau»?
MUJIKA: Beste parametro batzuk ziren lehen, genero gaian, esaterako. Lehen edozein gauzarekin egiten ziren txisteak: gorrekin, itsuekin... Gaur, erne! Ezin da hori egin.
EGIZABAL: Ahal da, eta jendeak egiten du. Orain kantzelazioaren kontuarekin jendeak esaten du: «Orain ezin dugu ezer esan!». Hori esaten dutenak gizon zuri heteroak dira beti. Zuek nahi duzuena esaten duzue orain ere, baina badago adierazpen askatasuna. Kontua da orain besteok ere badugula adierazpen askatasuna zuri esateko adierazi duzun horrek indarkeria dakarrela. Nik dakidala, ez dago inor kartzelan arrazakeria edo matxistadak botatzeagatik. Kartzelan daudenak horren kontra joateagatik daude. Zuk nahi duzuna zera da: sekulako matxistada botatzea eta, gainera, jendeak esatea barregarria dela. Bada, ez. Jendeak «nahikoa da» esan du. Erantzukizuna eskatzen da.
MUJIKA: Garaietara moldatu behar duzu; bestela, erantzuna helduko zaizu. Ni beti saiatu naiz pailazotzan beste zer edo zer egiten, magia adibidez. Kaiolaturiko uso zuriekin hasi nintzen lanean, esaterako. Gero Beltzi txakurra izan nuen. Neuk trebatu nuen. «Beltzi, guau, gau, lagun maitagarria...». Hori ikaragarria zen haurrentzat: igo eta jaitsi! Gero Margarita oiloa ere bagenuen... Animaliak erabiltzea ikuskizunetan? Oso kritikagarria da. Baina garai hartan niretzat familia ziren, etxekoak bezala. Etxeko sofa Beltzirena zen. Izugarria zen hura, artista zen, kobratzen ez bazuen ere. Hamahiru urtez bizi izan zen gurekin.
Zein izan zen Takolo, Pirritx eta Porrotxen arrakastaren funtsezko arrazoia?
MUJIKA: Hutsune bat bete genuen, baita linguistikoa ere. Ez zebilen maila horretako beste talderik herriz herri. Telebistakoak bazeuden, baina ez ziren plazetara iristen. Geu bai, baina larunbatetan eta igandeetan lan egitearen truke.
Familientzako musika ere zabaltzen lagundu zenuen, kanpoko kantak moldatuta. Asko harritu al dira jakitean haurren bainurako Riki Riki bertsio bat dela?
MUJIKA: Ez dakit zer zintatatik atera genuen kanta. Arrakasta bihurtu zen. Batzuk gero harrituta etortzen zitzaizkigun: «Zuen kanta Bartzelonan entzun dugu. Kendu egin dizuete!». Hitzak dira geureak. Beste kanta batzuk bai, geureak dira; tira, Iñaki Salvadorrek-eta eginikoak. Oraindik jaietan talde batek kanta jotzen badu, jendea deika hasten zait: «Takolo! Igo agertokira Riki riki kantatzera».
25 urteren buruan esan zenuen nahikoa zela. Barnetegiko lana, familia, asteburuetan lan egin beharra... Damutu al zara inoiz?
MUJIKA: Agian bai. Oraindik barruan daukat. Batzuetan oraindik amesten dut bihar saio bat dudala, eta badira 18 urte utzi nuela. Urte gogorrak izan ziren, baina onak. Garai hartan, geuk egin behar genuen dena: muntatu eszenatokia, megafonia jarri... Zazpi ordu ziren ordubeteko saiorako.Orain, berriz, beste batzuek egiten badizute hori, eta zeu, antzeztu, eta etxera bazoaz... Hola bai!
Zer iruditzen zaizue azken boladan zabaltzen ari den pailazo beldurgarrien fenomenoa: Pennywise, Joker...? Koulrofobia da pailazoen beldur izatearen izen teknikoa. Ulertzen duzue?
MUJIKA: Buruhandiekiko fobia ere badago. Ordizian [Gipuzkoa], Ertzaintza «pailazo hiltzaile» baten bila ibili zen behin [2016an].
EGIZABAL: Behin, Martuteneko espetxera sartu nintzen tailer bat ematera [Gipuzkoa]. Baina ez zidaten sudur gorriak sartzen utzi, emakume moduluko preso batek fobia zuelako, eta ez zutelako izua zabaltzea nahi.
Zu orain menopausiaren inguruan ari zara, Magma mia saioarekin. Zer helburu duzu etorkizunerako?
EGIZABAL: Orain salatu nahi ditudan gauzak umorearen bidez kontatu nahi ditut, eta ikuspegi feminista batekin. «Begira neskak nolakoak diren», entzuten duzu plazetan. Ez! Begira neskak nola egiten ditugun! Hori ulertaraztea nahi dut, sistema oso bat baitago horren atzean. Aurkikuntza bat egiten denetik gizartera iristen denerako ehun urte pasatzen ohi direla irakurri dut. Nik egon nahi dut aurkikuntzatik 70 urtera, eta jendeari 30 urte aurreztu.
Eta bilobak dira orain zure entzuleak?
MUJIKA: 5 urteko bilobak orain jakin du Takolo naizela, batzuk hasi zirelako «Takolo, Takolo!». Ezagutzen zuen, behin antzeztu nuelako, baina ez zen konturatu neu nintzela.
EGIZABAL: Oraindik ukazio fasean egongo da.
MUJIKA: Okerrenak gurasoak dira: ez kendu ilusioa haur txikiei!
SUDUR GORRIEN BIRIBILGUNEAN
Pailazo deprimitua, pailazo beldurgarria, pailazo feminista. Sudur gorri txiki baten atzean milaka aurpegi ezkutatzen dira.Agustin Mujika 'Takolo' pertsonaiaren sortzaileak eta Bea Egizabal clownak azaldu dute nolakoa den pailazoterapiari eskainitako bizitza bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu