«Subjektu maketoaren» manifestu poetikoa

'Haragizko erreformak' olerki liburua ondu du Mari Luz Estebanek. «Euskararen periferietako batean» euskaldun izatea zer den kontatu du, besteak beste. Pamiela etxeak argitaratu du lana

Mari Luz Esteban, Haragizko erreformak poema liburua esku artean duela, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Asfalto artean, datozen kotxeei erreparatu gabe/ tente, tinko, adoretsu jaiotzen diren/ belar ñimiñoen alde egiten dut nik/ Lorategi eta baratzetan indartsu hazten diren belar txarren aurrean makurtu/ Belar txarrak agerira irteten dira/ ez dira erraz erauzten/ berriz sortzea dute itxaropen bakar». Oroitzapenen txatal poetikoak osatu ditu Mari Luz Estebanek (Pedrosa de Valdeporres, Burgos, Espainia, 1959) ondu berri duen Haragizko erreformak poema liburuan. Iratxe Retolaza aritu da editore lanetan, eta Pamiela etxeak eman du argitara berriki.

«Liburu honetan, genealogia geografikoetan, kulturaletan, sozialetan zein linguistikoetan arakatu du Mari Luzek. Askotariko adarkatzez osaturiko genealogia afektibo eta politikoak gorpuztu ditu modu poetikoan». Hala mintzo da liburuaz Retolaza. «Haurtzaroko geografia afektiboetan arakatu du klase eta hizkuntza kontzientziaren ernamuinak aletzeko. Hortik jotzen du poema bilduma osoan zehar».

60 poema ondu ditu, eta bederatzi ataletan banatu ditu horiek: Elurraren alaba, Genealogiak, Neskatila bat, Mintzo berria, Animalia poetikoa, Teoria maketoa, Haragizko lur hau, Aro berrirako ariketak eta Gibel solasa. Retolaza: «Bizipenak, eszenak eta oroitzapenak kontatzen ditu atal horietan. Horietatik elikatzen da poema liburu hau, baina jotzen du, pixkanaka, teorizatze poetikorantz ere».

Egileak bizipen propioak izan ditu gidari poemok sortzerako garaian. Hala azaldu du berak: «Euskaldun bihurtzearen eta izatearen ibilbideaz idatzi dut liburu honetan, ibilbide horrek dituen konplexutasun guztiekin». Burgosen jaioa da bera, baina haur zela, Basaurira (Bizkaia) joan zen bizitzera. «Basaurin bizitzeak eragin du mundua ikusteko dudan moduan. Esan ohi dute Basauri itsusia dela, gogorra dela... Bada, ni saiatu naiz azaltzen Euskal Herrian asko dugula hausnartzeko edertasunaz eta itsustasunaz. Beraz, kontatzen dut zer suposatzen duen euskaldun izateak euskararen periferietako batean».

Horren adibide da, kasu baterako, Bere egin ninduen herria olerkia. Hala dio: «Bere egin ninduen herria/ ez zen ederra/ ez zen adikorra/ ez zen baketsua/ Bere egin ninduen herria/ arrea zen/ iluna/ izerbera/ kirasduna/ Bere egin ninduen herria/ espaloigabea zen/ fabrikak/ obrak/ lokatza/ harmoniarik gabea [...]/ [...] Bere egin ninduen herriak/ berezko zuen/ etxekotasun-/ segurantzia-/ komunitate-/ askatasun-/ eta ahalbide-/ sentimenduak sortzeko/ ahalmen miragarria/ Bere egin ninduen herriak/ bazuen/ badu/ bizi taupada».

Bizipenetatik abiatuta, posizio jakin bat erabiltzen du teorizatze prozesu horretarako. Teoria maketoa atala da horren erakusle. «Zapalkuntza asko aletzen dira atal horretan, eta kontzientzia feministatik, hizkuntza kontzientziatik eta klase kontzientziatik kontatzen ditu. Posizio politiko poetiko berri bat sortzen du horrela; subjektu maketoarena», azaldu du Retolazak. Hain zuzen, XXI. mendeko begiradatik begiratzen dio iragan horri egileak.

Izenburuaren esanahiari egin dio, ondotik, erreferentzia. «Jean eta John Comaroff antropologoek lan egin zuten Hegoafrikako herri batean, eta aztertu zuten nola herri horretan kolonialismoari edo kolonialismoaren ondokoari aurre egiteko praktika erlijioso berriak hartu behar izan zituzten. Horrek ekarri zizkien gorputz praktika berriak». Hain zuzen, gorputz erreformak izendatu zuten prozesu hori bi antropologoek. «Bada, liburu honetan kontatzen ditudanak nire haragizko erreformak izango lirateke; halere, nire haragizko erreforma horietan bada oihartzun kolektibo bat», zehaztu du Estebanek.

Aurreko lanak

Pamielarekin argitaratzen duen hirugarren olerki liburua daHaragizko erreformak —aurretik argitaratutako poema bildumak Amaren heriotzak libreago egin ninduen ( 2013) eta Andrezaharraren manifestua (2019) dira—. «Egia da bere poema bilduma guztietan harreman sareetan arakatu izan duela. Poesiaren bitartez adierazi izan du zer gertatzen den nitasuna eta gutasuna elkarrekin gurutzatzen direnean; alegia, harreman sareek eragindako tentsioak, desirak, zauriak eta grinak landu zituen», Retolazak.

Hain zuzen, aurretik egindako lan horiekin alderatu du oraingoa editoreak: «Aurreko lanetan bazen poeta egiteko bidean zegoen ahots bat, eta iruditzen zait poeta horrek gogoeta linguistiko kokatu bat egin duela oraingoan». Orain arte argitaratutakoak «erreferente» izan direla dio Jose Angel Irigarai Pamielako kideak;«Eta azken honek ere traza guztiak ditu erreferente bilakatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.