Gaur mugimendua, Ez Dok Amairu eta Euskal Sukaldaritza Berria. Horiek dira osagaiak. Guatemalako, Mexikoko, Txinako, Kataluniako eta Euskal Herriko kideak, berriz, sukaldariak. Basque Culinary Centerreko sutan prestatu dute otordua, eta chef lanetan aritu dira Ander Iriarte eta Aitor Bereziartua zinemagileak. Horra zer den Bihar dok 13 dokumentala: duela 60 urteko mugimenduen esentzia gaur egunera ekarrita. «Zentzumen guztiekin dastatzeko esperientzia», Bereziartuaren esanetan. Gaur estreinatuko dute filma, Culinary Zinema sailean.
2016an hasi ziren dokumentalaren inguruko gogoeta egiten Bereziartua eta Iriarte: «Ohartu ginen bazegoela berezitasun bat; Gaur eta Ez Dok Amairu 1966koak dira, eta Euskal Sukaldaritza Berria, 1976koa. Garai horretan zer mugitzen zen aztertu nahi genuen». Hala jo zuten garai hartako zenbait protagonistarengana, baina haiek berehala egin zieten proposamen berri bat: «Benito Lertxundik, Hilario Arbelaitzek eta besteek esan ziguten aspertuta zeudela atzera begirakoekin, zerbait berria nahi zutela». Orduan sortu zen proiektua: bost sukaldari gaztek orduko mugimenduen esentzia jaso, eta otordu bat prestatzea zen erronka. Hala, tradizioa eta gaurkotasuna, biak nahastu dituzte plater berean.
Lehenik sukaldariekin jarri ziren harremanetan: «Beren ikasketak egiten ari ziren bitartean lotu genituen bost kide prozesua egiteko». Sukaldariekin ez ezik, hiru mugimenduetako ordezkariekin ere jarri dira harremanetan dokumentalerako eta orduko informazioa osatzeko. Road movie baten modukoa da filma: kultur mugimendu horietan inspiratuta sukaldariek menu berri bat nola diseinatzen duten jasotzen dute dokumentalean. Horretarako, Euskal Herriko hainbat leku esanguratsutara eraman dituzte sukaldariak Iriartek eta Bereziartuak: Gipuzkoan, Arantzazuko santutegira (Oñati), Txillida Lekura (Hernani), Jose Luis Zumetaren estudiora (Usurbil), Oiasso museora (Irun) eta Donostiako Tabakalerara joan dira, baita Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museora ere.
Bisita horiek oinarri, sukaldari bakoitzak bere platera osatu du, Gaur-en, Ez Dok Amairuren eta Euskal Sukaldaritza Berriaren balio nagusiak kontuan hartuta. «Mugimendu horiek hiru ezaugarri zituzten: elkarlana, iraganera jo zutela modernitatera joateko, eta hizkuntzaren balioa», azaldu du Iriartek. Filmean horixe islatzen saiatu dira, beraz. Horregatik, dokumentala hiru obren zati bat besterik ez da; arte plastikoarena. Gastronomiari dagokionez, gaur bertan, filmaren ostean dastatu ahal izango dute ikusleek Basque Culinaryko sukaldariek berariaz egindako menua. Disko bat ere grabatu dute, garai hartako poesiak oinarri hartuta egindako kantuez osatuta.
«Finean, dokumentala askotariko sentsazioen bilduma izatea nahi dugu», nabarmendu du Bereziartuak. Izan ere, sukaldariek ikusitakoarekin eta entzundakoarekin osatu dute dastatzeko menua: «Alderantzizko bidea egin dute. Zentzumen batzuekin jaso dute informazioa, eta beste forma batean eskainiko dute platerean», esan du zuzendariak. «Prozesu sinestesiko» gisa definitu du bi urteko ibilbidea Iriartek.
Tradizioaren eta aro garaikidearen arteko jolas hori ez ezik, bertakoaren eta nazioartearen arteko harreman hori ere jaso nahi izan dute Iriartek eta Bereziartuak: «Basque Culinary Centerren munduko hamaika txokotako ikasleak elkartzen dira». Horregatik bildu dituzte jatorri ezberdinetako bost kide. Ez hori bakarrik, ordea. Bi zuzendariek ohartarazi dute orain 60 urteko mugimendu horiek euskaldunak «munduan» kokatu zituztela, eta horregatik bazuela interes antropologiko bat bertakoen inguruko filma egiteak. «Orain ez dago interes antropologiko hori», adierazi du Iriartek: «Mundura zabaldutako kultura bat gara, kosmopolitak. Gure identitatea ez da hain kontu antropologikoa. Hori nabari da euskal zinemagintzan ere; orain garrantzia duena kalitatezko film bat egitea da, ez guri buruzkoa izatea. Berria ez da euskaraz egitea, zer egiten den baizik». Bat egin du Bereziartuak, eta areago jo du: «Nola ekoizten dugun aztertzea ere interesgarria da. Agerikoa da modu kolektiboan ekoizten dugula euskal zinemagileok». Elkarlan hori ere ageri da filmean, sukaldari bakoitzak bere platera eduki arren, elkarri laguntzen baitiote etengabe.
Ekoiztetxe berria puntuan
Hain justu, sareak sendotzeko asmoz sortu zuten Iriartek eta Bereziartuak Mirokutana ekoiztetxea orain bi urte. «Dokumentala egiten ari ginen heinean hazi gara geu ere», nabarmendu du Bereziartuak. «Besteentzat lan egitea utzi, eta besteekin lan egin nahi genuen», gehitu du Iriartek.
Oraingoz, Bihar dok 13 dokumentala ekoitzi dute, baina eskuartean badituzte proiektu berriak: besteak beste, El sonido del crak lana ekoizten ari dira, Euskal Herrian izandako tortura kasuak aztertzen dituena. Gainera, gaur aurkeztuko duten filma nazioarteko beste jaialdietan ere aurkeztu nahi dute. Edonola ere, pozik daude emaitzarekin. Bereziartua: «Donostian estreinatzea nahikoa opari bada. Gure asmo nagusia omenaldi bat egitea izan da».
Donostiako 66. Zinemaldia. Culinary saila
Su txikian egositako pelikula
Ander Iriartek eta Aitor Bereziartuak 'Bihar dok 13' aurkeztuko dute gaur, Culinary sailean, Zinemaldian. Ez Dok Amairu, Gaur eta Sukaldaritza Berria mugimenduak dituzte ardatz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu