Su lametan bildurik

Carlos Panerak zuzenduriko 'Gernika sutan' lanean bonbardaketaren ondorengo orduak antzeztuko dituzte gernikarrek, astearteanJon Lopategi, Xabier Amuriza eta Edorta Jimenezen bertsoekin ondu dute antzezlana

Gernika sutan herri antzezlana prestatzen ari dira hainbat herritar, eta bonbardaketaren 74. urteurrenean aurkeztuko dute. MASKARADA.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Egun hartan gaua ez zen sekula iritsi Gernikara, garrek ez zutelako iluna egiten utzi. Edo gauak hartu zuen bat-batean Gernika, arrats hasieran zerua bonba eta ehiza hegazkinek ilundu zutelako. Bonbardaketak luze jo zuen, lau orduz iraun zuela diote, eta su lamen ondoriozko argitasuna Bilbotik ere ikus zitekeela. Francoren agindupean jardundako tropa alemaniarrek sarraskia eragin zuten. Sua pizteaz bat, milaka gernikarren biziak itzali zituzten. Carlos Panerak zuzenduta, bonbardaketaren ondorengo orduak antzeztuko dituzte 150 bat herritarrek hilaren 26an, 20:00etan.

Gernika sutan antzezlana eskainiko dute herriko kaleetan, Jon Lopategik, Xabier Amuriza, Onintza Enbeitak eta Edorta Jimenezek beren beregi sortutako testuekin. Joseba Sarrionandiak Ken Zazpirentzat idatzitako Gernikan ere abestuko dute.

Bertsoak eta kantuak egongo dira Gernika sutan antzezlanaren oinarrian. Hala, elkarrizketarik apenas egongo dela esan du Panerak. Herritarrak izango dira aktoreak, adin askotako gernikarrak. Eta Panerak zuzentzen duen Maskarada antzerki taldeko profesionalak ekoizpenaz baino ez dira arduratuko, alderdi teknikoaz. «Artistikoa herritarren esku egongo da erabat», nabarmendu du zuzendariak. Garrantzitsua iruditzen zaio gernikarrei eurei ematea hitza, «beti kanpokoek hitz egiten dugu bonbardaketaz, urteurrenez, omenaldiez...».

Halaber, Panerak argitu du asteartean egingo duten emanaldia hurrengo urtean emango dutenaren abiapuntua baino ez dela izango, lehendabiziko urratsa, datorren urteko obra definitzen eta egituratzen haste aldera. 2012an izango dira 75 urte Gernikari su eman ziotena, eta ekitaldi ugari egingo dituzte, instituzionalak zein herrikoiak. Orduantxe aurkeztuko dute Gernika sutan «osoago eta biribilagoa», esan du Panerak.

Izan ere, gisa horretako antzezlan bat egiteak «lan handia» eskatzen duela dio. «Agenda asko bateratu behar dira, testuak enkargatu eta landu, herritarrak koordinatu eta prestatu». Gernikako Udalak jarri zuen abian ekimena, Arrano elkarteak proposatuta. Urtarriletik ari dira entseatzen, gogoz eta gogor. «Oso esperientzia polita izaten ari da».

«Ez da lan efektista»

Ez dutela antzezlan «efektistarik» egingo ohartarazi du Panerak. Iluntzean emango dute, «eguneko argia eta ilunabarrekoa baliatzeko, eta joko hori egiteko. Piroteknia erabiliko dugu, baina oso gutxi». Gernikako kaleetan barrena ibilbide bat osatuko dute, Merkurio iturrian hasita. 1937an, han zegoen azoka.Elai-Alai taldeakdantzatuko du obraren hasieran, eta, Panerak esan duenez, hurrengo urtean koreografia landuago bat aurkeztuko dute. Dantzariekin batera, audio batek emango dio hasiera antzezlanari. Agirre lehendakariaren eta Mola jeneralaren hitzak nahasiko dira, testuinguru historikoaren berri emanez. Eta Sarrionandiaren Gernikan abestia errezitatuko dute ume batzuek, bonbardaketan hildako emakume eta gizonen izen-abizenak zerrendatuz.

Bidean aurrera antzezpen bi izango dira. Gipuzkoatik Gernikara babes bila joandako errefuxiatuen azalean jarrita abestuko ditu herritar talde batek Onintza Enbeitak idatzitako bertsoak. Okindegiko ahizpa biak ere arras ezagunak ziren Gernikan, eta haiek gogoratuko dituzte emakume bik, Edorta Jimenezen bertsoak emanez.

Bidean aurrera, beste geldialdi bat egingo dute, eta hiru eszena antzeztuko dituzte. Lehenean baserritar bi azalduko dira, hondakinen artean. Jon Lopategiren hitzak hartuko dituzte doinu. Eta suhiltzaile baten paperean jarrita abestuko ditu gizon batek Xabier Amurizaren bertsoak. Gudariak izango dira geldialdi hartako azken eszenako protagonistak, eta Lopategik idatzitako gogoeta eta ereserkiak harilkatuko dituzte.

Azken geldialdia gordelekua izandakoan egingo dute, egungo euskaltegian. Ume hila besoetan duen ama eta gordelekuan babes hartutako herritar taldea izango dira bertan. Eta Eneritz Artetxek eta Jimenezek ondutako testuak izango dituzte helduleku.Foru Enparantzan emango diote amaiera obrari, «bonbardaketa nazioartean zabaldu zutenenak gogoratuz eta omenduz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.