Su Ta Gar, Sune, Rudiger, Janus Lester, eta Octopussy ere EHZ festibalean izango dira

Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen, eta Auhen, Pelax, Old School Funky Family ere bertan izango direla iragarri dute.

Janus Lester.
Janus Lester. MIKEL CASTELLANO
Inigo Astiz
2024ko apirilaren 2a
12:30
Entzun

Badoaz kartela osatuz. Iragarria zuten Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata, Eesah Yasuke eta Vincen Garcia bertan izango zirela, eta beste zortzi talderen berri eman dute orain EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalaren antolatzaileek: Su Ta Gar, Sune, Rudiger, Auhen, Pelax, Old School Funky Family, Janus Lester eta Octopussy.

Arberatzen (Nafarroa Beherea) egingo da 28. EHZ Euskal Herria Zuzenean festibala, ekainaren 28an, 29an eta 30ean. Lehen aldia izango du bertan, Irisarrin (Nafarroa Beherea) bost urte eman ondoren. Hiru egunetarako bonuak 50 euroan izango dira salgai, maiatzaren 5era arte; eta egun horretatik aurrera, 60 euroan eskuratu ahalko dira. Maiatzaren 6tik aurrera izango dira salgai egunez eguneko sarrerak, eta maiatzean irekiko dute jaialdian boluntario aritzeko aukera ere, ehz.eus webgunean.

Old School Funky Familyren 'Kampala' kanta.

Bi agertoki nagusi izango ditu festibalak. Baina, arratsaldeko kontzertuak ez ezik, egun osoz bestelako emanaldiak ere izango dira herriko plazan. Iragarri dutenez, Euskabaret emanaldia eta ZeC dantza taldearen Zenzero e Cannella ikuskizuna izango dira haien artean. Herriko eskolak, berriz, mintzaldiak, mahai inguruak eta tailerrak hartuko ditu.

Euskal kulturari buruz, ikastetxeetan

Iragarri dutenez, jaialdia heldu artean, euskal kulturari eta ikusgarrigintzaren inguruko hainbat saio antolatuko dituzte ikastetxeetan. Antolatzaileek hala azaldu dute zergatia: «Auzolanean eraikitzen den festibal honen balioak gazteei transmititu eta iraganetik gerorako bidaia eskaini nahi diegu, bizi den euskal kulturaren inguruko ezagutza sustatzeko xedearekin».

Apirilaren 13an egingo dute jaialdiaren aurkezpen ofiziala, bestetik. Donapaleuko Chemin-Bideak espazioan izango da (Nafarroa Beherea), eta iragarri dutenez, kantu poteoa egingo dute ekitaldiaren ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.