Su-etenik gabeko komedia bat

Mikel Laskurainek eta Ane Gabarainek 'Zoaz pake santuan' obra estreinatuko dute bihar, Donostiako Antzoki Zaharrean. Txalo konpainia arduratu da komedia beltz hori ekoizteaz

Ane Gabarainek eta Mikel Laskurainek bikote harreman baten porrota irudikatuko dute Zoaz pake santuan obran. GORKA RUBIO / FOKU.
Maider Galardi
Urnieta
2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Antzerkirako bikote aproposa osatzen dute Mikel Laskurain eta Ane Gabarain aktoreek. Sarritan izan dira bikotekide antzerki obretan. Oraindik ere badira, Etxeko saltsak lanean. Urteak daramatzate «ofizioan», eta ongi ulertzen dute elkar. Txalo konpainiarekin aurkeztuko duten obran, ordea, Gabarain Laskurain hiltzen saiatuko da, «egunerokoak eta errutinak gaina hartuta». «Umore beltzez» betetako obra da Zoaz pake santuan, Begoña Bilbao zuzendariaren esanetan. «Asperdurarako tarterik ez duen komedia», Gabarainen ustez. Bihar estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, 20:00etan.

Bilbaok aukeratu zuen obra: «Komediak irakurri eta irakurri ari naiz etengabe, eta halako batean topatu nuen hau, Emmanuel Robert-Espalieuk idatzia». Jatorrizko obra frantsesez bada ere, Laskurainek eta Gabarainek euren eremura ekarri dute: «Umorearen gakoetako bat da gertukoa izatea, eta horregatik gurea egin dugu obra, ez hizkuntza aldetik bakarrik». Izenburua bera aldatu izanak eragina izan du, Gabarainen ustez: «Noiz izan zen azken aldia zen frantsesez, Zoaz pake santuan da euskaraz. Diferentzia agerikoa da, eta moldaketa horiek igarriko dira oholtza gainean». Bilbaok esanda, ikusleek gertuko sentituko dituzte aktoreek egiten dituzten erreferentziak: «Antzerkiaren iruditeria Euskal Herriari lotuta sortu dugu».

Tokikoa izanagatik, ordea, komediak badu ukitu unibertsala, zuzendariaren ustez: «Obra oso unibertsala da. Umoretik kontatzen du bikote baten porrota: gaizki esanak, haserreak, adiskidetzeak...». Hori da, funtsean, Zoaz pake santuan lanak kontatzen duena: «Nik harreman hau hautsi nahi dut, eta erabakitzen dut Mikel hiltzea dela onena», dio Gabarainek. Berehala, ordea, irauli egiten da kontua: «Etxean giltzapetuta gelditzen dira biak», nabarmendu du Laskurainek. «Orduan hasten da benetako gorabehera: elkarri inoiz esan gabeak esaten dizkiogu. Ane nazkatu egiten da eguneroko errutinarekin, baina nik esaten diot ezin dela harremana norbait hiltzen amaitu».

Hala, etenik gabeko elkarrizketetan murgilduko dira protagonistak. «Esaldi laburrak eta gag-ak tartekatzen ditugu, ordu eta hamar minutuan ikusleak tentsioa mantendu dezan», azaldu du Laskurainek. Eta, erritmo horri eusteko, ezinbestekoa izan da bi aktoreen arteko lan sakona. Zazpi astez aritu dira obra prestatzen, baina bazuten abantaila: egin dute aurretik lan elkarrekin, eta ongi ezagutzen dute komedia generoa. Laskurainek aletu du sortze prozesua: «Elkarri gomendioak eman dizkiogu pertsonaiak osatzen ari ginen momentuan». Gabarainek egin du azpimarra: «Badugu ofizioa honezkero, eta elkarrekin lan asko egindakoak gara; horrek erraztu du elkarren osagarri diren bi pertsonaia osatzea». Bilbaok ere hasieratik izan zuen argi Laskurainekin eta Gabarainekin lan egin nahi zuela: «Etxeko saltsak obran bikain ari dira bikotekide moduan, eta eskarmentu handia dute biek. Bagenekien horrelako komedia batek izango zuela arrakasta beraiek protagonista izanda». Zuzendari gisa aritu da, baina azaldu du gomendioak eman dizkiela, zuzendu baino gehiago; «kanpoko begirada hori» eskaini diela, alegia.

Generoa eta hizkuntza

Hain justu, komedia egiteagatik dira ezagun, besteak beste, Gabarain eta Laskurain, eta ongi dakizkite generoaren argi-ilunak. «Digeritzen errazak dira komediak. Gurea adin guztietako ikusleentzako egina da. Laburra baina bizia. Freskagarria eta barregarria», adierazi du Gabarainek. Horregatik estreinatuko dute Donostiako Aste Nagusiaren harira: jai giroan publikoak halako antzerki obrak eskatzen dituelako. Bilbaoren esanetan, komedia da gehien ikusten den antzerki mota: «Ikusteko erraza da, eta aktoreek jolaserako lizentziak hartzen dituzte; horregatik da erakargarria». Nabarmendu du, gainera, Txalo ekoiztetxeak komediaren aldeko apustua egina duela azken denboran: «Hiriburuetan ez ezik, Euskal Herriko herri txikietan egiten ditugu emanaldiak, eta ikusleak halako antzerkiak eskatzen ditu». Areago, esan du dela helburua komedia egitea, baina euskaraz.

«Inondik ere, apustu handia da Donostiako Antzoki Zaharrean obra bera eskaintzea lau egunez jarraian», ohartarazi du Laskurainek. Gabarainek gogora ekarri du nola hasi ziren Donostiako jaietan emanaldiak eskaintzen: «Lehen, soilik Madrildik etorritako ekoizpenak izaten ziren antzokietan, baina duela sei bat urte udalak euskarazko antzerkiaren aldeko apustua egin zuen. Ordutik, harrera ona izan dugu».

Bi aktoreek azpimarratu dute, gainera, komedia egitea dela aukera bakarrenetarikoa euskarazko antzerkia egiteko, hori baita sarrera gehien saltzen dituena. Biak eroso daude genero horretan, baina nahiko lukete bestelako estilo batean ere lan egin. Gabarain: «Gustura egingo nuke ondoren drama bat». Azken egunotan, ordea, buru-belarri aritu dira Zoaz pake santuan obra entseatzen. Bi jendaurreko entsegu egin dituzte jada, eta publikoari «neurria» hartzeko baliatu dituzte: «Ikusleekin doitzen ditugu azken ukituak. Komedian, ezinbestekoa da hartu-eman hori», azpimarratu du Laskurainek. Izan ere, aktoreen helburua da bikotearen eztabaida etengabeak etengabeko barrea sor dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.