Su artean, baina erre gabe

Xavier Alvarez de Eulate frantziskotarraren serie bereko hogei margolan ikusgai daude Donostian

Sasia sutan seriean ia 40 lan margotu zituen Alvarez de Eulatek; formatu handiko hamar eta beste hamar txikiago daude ikusgai Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2015eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herrian arte erlijiosoaren ordezkari nabarmenetako bat da Xavier Alvarez de Eulate frantziskotarra (Donostia, 1919-Bermeo, Bizkaia, 2012). Bere fedea artearen bitartez islatzen jardun zuen ibilbide artistiko osoan, eta bere usteei lotutako hainbat gai kutun izan zituen, pinturaren bidez jorratu zituenak. Bibliako Itun Zaharrean jasotako pasarte bat izan zen horietako bat: Jainkoa Moisesi sutan zegoen baina erretzen ez zen sasi batean agertu zitzaionekoa. Kontakizun hura oinarri, ia berrogei margolaneko serie bat ondu zuen, Sasia sutan izenburupean. Lan horietako batzuk ikusgai jarri dituzte Donostiako Santa Maria Basilikan Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur fundazioak. Alvarez de Eulateren obra Gipuzkoako publikoari ezagutaraztea du helburu erakusketak, eta apirilaren 5era arte izango da zabalik.

Sasia sutan serieko formatu txikiko hamar lan eta tamaina handiagoko beste hamar dira Donostian ikusgai jarritakoak —horiekin batera, Atotxako frantziskotarren komenturako beiratearen zirriborroa jasotzen duen beste obra bat ere jarri dute—. Kolore argiak dira nagusi, gorriak, okreak, horiak eta urdinak. Ohol gaineko akrilikoak dira guztiak, eta su artean dauden sasiak irudikatu zituen artista donostiarrak denetan. Baina estilo aldaketa nabari da margolan batzuetatik besteetara: 1994koak dira margotutako lehenak, 1997koak azkenak, eta espresionismo abstraktutik figuraziorako bilakaera erakusten dute. «Hasieran pentsatu genuen figuraziotik hasi zela, eta pixkanaka pasatu zela abstrakziora, espresionismo abstraktura, baina ez zen hala izan», Edorta Kortadi erakusketako komisarioaren hitzetan. AEBetako espresionista abstraktuen eragina —Jackson Pollock eta Mark Rothko margolariena, bereziki— nabarmena da Alvarez de Eulateren lanetan, Kortadiren ustez. Baina lagun eta maisu handi baten eraginak ere busti zuen, Jorge Oteizarenak.

Arantzazuko artista taldean

Alvarez de Eulate 50eko urteetan Arantzazuko Santutegi berria apaintzeko lanetan jardun zuen artista taldeko kide izan zen Oteiza, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Lucio Muñoz eta Xabier Egañarekin batera, eta tximeleta formadun beirateak egiteagatik ezaguna da batik bat. Halere, pintura landu zuen bereziki bere ibilbide osoan, eta 600 lanetik gorako uzta utzi zuen. Erriberriko komentuan bizi izan zen ia bizitza osoan, eta, horregatik, haren obra ezagunagoa da Nafarroan.

Sasia sutan irudikatzea, Alvarez de Eulateren kasuan, ez dela halabeharra uste du Iñaki Beristain frantziskotarrak. «Bere barrutik sortzen den lana da hau, eta bere dramatismo guztian ageri da bertan. Eulate sasi bat zen sutan, erre gabe hura ere; oso barru sutsukoa zen, eta hemen bere barruko su hori agertzen du. Harrigarria da nola hain sutsua izanik ez zen erre, horretarako arriskuak izan baitzituen. Lan hauek ondo erakusten dute Eulate zer zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.