Aditu gehienek XX. mendeko maisulanen artean sartzen dute Salome opera. Richard Straussen lanik «ausart, labur eta perfektuena» eta espresionismo alemaniarraren «harribitxia» dela uste du OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak. Horregatik eramango dute oholtzara. Hamazazpi abeslari izango dira taula gainean, 26 aktorerekin batera, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa nahiz Bilboko Operako Abesbatza izango dituzte lagun, Erik Nielsen eta Boris Dujin zuzendari dituztela. Lau emanaldi eskainiko dituzte Bilboko Euskalduna jauregian: bihar izango da lehena, eta hilaren 20, 23 eta 26an beste hirurak.
Ekitaldi bateko drama da Salome. Straussenak dira musika eta libretoa, zeinak Oscar Wilderen izen bereko obra duen oinarrian. 1905ean estreinatu zen lehen aldiz, Dresdenen (Alemania), arrakasta handiz. OLBEk bigarren aldiz eramango du oholtzara denboraldiaren barruan.
Jennifer Holloway soprano estatubatuarra ariko da Salomeren rolean. Harekin batera, Daniel Brenna tenorrak (Herodes), Egils Silins baxu baritonoak (Jochanaan) eta IIdiko Komlosi sopranoak (Herodias) osatzen dute protagonisten laukotea. Baina beste hainbat abeslari ere izango dira oholtza gainean: Mikeldi Atxalandabaso tenorra; Monica Minarelli eta Itxaro Mentxaka mezzosopranoak —lehena biharko eta hilaren 20ko emanaldietan, eta bigarrena hilaren 23 eta 26koetan—; Josep Fado, Miguel Borrallo, Igor Peral eta Jordi Casanova tenorrak; Michael Borth, Alberto Arrabal, Alberto Nuñez eta Manuel Mas baxu baritonoak; Helena Orkoien sopranoa; Jose Manuel Diaz baritonoa eta Mikel Zabala baxua.
Bestalde, Luis Gago adituak hitzaldia emango du obrari buruz,gaur, 19:15ean, Bilboko Arte Ederren museoko auditoriumean.
Straussen 'Salome' opera taularatuko dute Bilbon
Hamazazpi abeslarik parte hartuko dute obran, eta Jennifer Hollowayk egingo du protagonistarena. Bihar izango da lau emanaldietan lehena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu