Rock alternatiboaren munduan ezaguna zen Steve Albini. Bihotzeko baten ondorioz zendu da musikari eta ekoizle estatubatuarra, bere grabazio estudioko kideek jakinarazi dutenez. Talde handien diskoen atzean egon da Albini: Nirvanaren In Utero (1993) eta Pixiesen Sufer Rosa (1988) —ekoitzi zuen lehen diskoa izan zen— eta PJ Harveyen Rid Of Me (1993), esaterako. Berri Txarrak taldearen Payola diskoa ere ekoitzi zuen, 2009an. Gutxi gorabehera, 1.500 eta 2.000 disko grabatzen lagundu zuen.
Diskoa atera berritan BERRIAri eman zioten elkarrizketa batean, Berri Txarrak-eko kide ziren Aitor Goikoetxeak eta Gorka Urbizuk esan zuten Albinirekin izandako esperientzia «ia magikoa» izan zela. Astebetean grabatu zuten taldeko kideek diskoa, Chicagon (AEBak).
Ekoizpenari dagokionez, John Loder izan zen haren eredu nagusia. 1960ko hamarkadan izan zen ezaguna Loder, diskoak azkar eta aurrekontu txikiarekin grabatzeagatik. Hori bai, taldearen esentzia, musikaren kalitatea eta estetika alde batera utzi gabe.
Ekoizle baino gehiago, «soinu ingeniari» izena nahiago zuen Albinik bere lana izendatzeko orduan. Izan ere, bere egitekoa diskoen grabaketetan sor zitezkeen arazoak konpontzea zela uste zuen. Honako hau esan zuen 2004an ekoizle lanaren inguruan: «Beti iruditu zait gaizki ekoizleak edo soinu ingeniariak estudioan taldearen lana aldatzen saiatzea. Taldeak ordaindu egiten du grabaketa estudio batean egoteagatik, eta bere lana nola egingo den erabakitzeko eskubidea du. Horregatik, soinu ingeniari profesional gisa lanean hasi nintzenean, erabaki nuen nik ez nuela horrelakorik egingo».
Grabaketetan talde osoak batera jotzearen alde egiten zuen, eta ez zituen oso gustuko moldaketak. Taldearen naturaltasuna ahalik eta gehien mantentzeko asmoz egiten zuen hori.
Taldeak
Big Black eta Rapeman taldeetan aritu zen, gitarra jotzen eta abesten. 1981ean sortu zuen lehena, Santiago Durango gitarra jotzailearekin eta Jeff Pezzati baxu jotzailearekin batera. Urte batzuk geroago, Pezzatiren ordez Dave Riley batu zen taldera. Guztira, sei disko —bi zuzenekoak, bi estudiokoak eta bi bilduma—, lau lan labur eta bost single kaleratu zituzten. 1987an plazaratu zuten azken lana: Songs About Fucking —Pitchofork Media-ren ustez, 1980ko 100 disko onenen artean 54. postuan zegoen—. Horren ostean, taldea banandu egin zen.
Beste proiektu bat abiatu zuen musikariak taldea desegin zenean. Rapeman zen taldearen izena. Albinik gitarra jo eta abestu egiten zuen, eta David William Smisekin (baxua) eta Rey Washmanekin batera osatu zuen hirukotea. Ibilbide laburra izan zuen talde hark, handik bi urtera desegin baitzen 1989an.
Todd Trainerrekin egindako kolaborazio baten ondorioz sortu zen Shellac, musikariaren hirugarren eta azken taldea, 1992an. Geroago, Bob Weston bateria jotzailea gehitu zitzaien. Hirukoteak «rock minimalista» egiten zutela aipatzen zuen. 1993ko urrian kaleratu zuten lehen lana: The Rude Gesture: A Pictorial History. 2000. urtean ondu zuen taldeak 1.000 Hurts, euren lanik ezagunena. 2007az geroztik ez dute beste lanik atera, Excellent Italian Greyhound izan da haien azken diskoa.