«Orain Stalin kamaradarekin hitz egingo duzu». 1934ko ekainaren 23a da. Boris Pasternak idazleak Moskuko bere etxeko telefonoa hartu, eta, bat-batean, Iosiv Stalin topatuko du hariaren bestaldean. Ez da asko Osip Mandelstam poeta atxilotu eta espetxeratu dutenetik, eta, lagun duenez, Pasternakek horri buruz duen iritzia jakin nahi du Stalinek, motiboren bategatik. «Zer esan dezakezu Mandelstami buruz?». Zer erantzun asmatu ezinik gelditzen da idazlea. Zerbait murmurikatzen du, baina ezer argirik ez. «Hori da esan dezakezun guztia?», zapuzten zaio agintaria. «Ezbeharrak gure lagunei erasaten zienean, guk askozaz gogotsuago egiten genuen haien alde». Hiru minutu inguruko solasaldi bat, lau minutukoa gehienez ere. Baina ezin ziur jakin: dei hari buruzko hamaika bertsio gorde diren arren, ñabarduraz beteta daudelako batzuen eta besteen arteko aldeak, eta, hain justu, historiaren itsaso nahasietan urtzen den tanta telefoniko horri erreparatu nahi izan dio Ismail Kadare idazle albaniarrak Kur sunduesit grinden. Rreth misterit të telefonimit Stalin-Pasternak liburuan (Agintariak borrokatzen direnean. Stalin-Pasternak telefono deiari buruzko misterioaz). Ametsak, oroitzapenak, gogoetak, lekukotzak eta datu historikoak baliatu ditu horretarako, eta deiari buruz zabaldutako hamahiru bertsiori buruzko azterketa xehea eskaini du.
Tarteka, amets edo amesgaizto giroa da nagusi kontakizunean, eta, horregatik, iheskorra da liburuaren haria, baina Kadarek ispilu modura darabil Pasternaken figura liburuaren lehen atalean. Gogoratzen duenez, gazte zela berak ere jaso zuelako Enver Hosha ia lau hamarkadaz Albaniako agintari komunista izandakoaren dei bat. Idatzi zuen poema bategatik zorionak emateko deitu zuen, eta, Kadarek kontatzen duenez, berak ere, Pasternakek bezala, blokeaturik, «eskerrik asko» baldar batzuk besterik ezin izan zituelako esan.
Stalinen eta Pasternaken arteko telefono deiari buruz zabaldutako hamahiru bertsio bildu ditu Ismail Kadare idazleak bere liburuan.
Eta dei horrekin batera, noski, Nobel sariarena da Kadarek ispilu lanak egiteko darabilen beste elementua. Kadare bera hamaika aldiz aipatu dutelako saria jasotzeko hautagaien artean, eta Pasternakek 1958an jaso zuelako saria, eta, agintariek bultzatuta hari uko egin ziolako, azkenean.
Nobel sariaren ispilua
Polemika hori da liburuaren lehen atalaren bihotza. Kadarek Pasternaken lehen poz adierazpenak dakartza gogora lehenik, bai eta, ordu gutxiren buruan, agintariek bultzatuta sariari uko egiteko idatzitako telegrama ia burokratikoa ere. Doktor Zhivago eleberria argitaratzeko debekua izan arren, Italian eman zuten argitara Pasternaken liburua, 1957an, eta mendebaldearekin kolaboratzeagatik gaitzetsi eta zigortu zuen Sobietar Batasunak, ondorioz. Eta haren aurkako kanpaina betean izan zuelako Kadarek berak ere Stalinekin izan zuen telefono solasaldiaren berri. Idazlea gutxiesteko beti. Eta, nolabait ere, idazle harekiko izandako jarrerari buruzko berrikuspen ariketa mingarri bat ere bada liburua.
Poema liburuak ere bazituen lehendik, baina 1963an argitaratutako Armada hileko jenerala liburuaren itzulpenek zabaldu zuten Kadareren lana, eta Albaniako idazlerik ezagunena eta itzuliena da geroztik. 1960an Moskutik Albaniara itzultzera behartu zuen Albaniaren eta Sobietar Batasunaren arteko harremanen etenak, eta, gerora ere, tirabira bat baino gehiago izan zuen Enver Hosharen erregimenarekin. Azkenik, Parisen erbesteratzea erabaki zuen 1990ean, garai hartako gobernuari demokraziarako urratsak eskatu ostean. Eta tantaka eta Pasternaken eta Stalinen arteko telefono deiari buruzko obsesioaren ispiluak desitxuratuta bada ere, gorabehera horietako batzuen printzak ere eskaintzen ditu liburuak.
Kadareren bi lan oso irakurri daitezke euskaraz, Juan Mari Arzallusek itzulita biak. Stalin eta Pasternaki buruzko liburuan Kadarek aipatzen duen Hiru arkuko zubia eleberria da haietako bat (Literatura Unibertsala Bilduman), eta H. Dossierra da bestea (Alberdania). Homerok Albanian utzitako zantzuen bila abiatzen diren bi atzerritarren nondik norakoak kontatzen ditu liburuak, eta osorik irakur daiteke lana sarean, itzultzaileak idazleari eskainitako hitzaurrearekin. Eta, horrez gainera, Iñigo Aranbarrik ere Kadareren hiru poema itzuli zituen Susa aldizkarirako, eta sarean daude horiek ere.
Kadarek ez ezik, Julian Barnes idazleak ere Stalinek Xostakovitx konpositoreari egindako beste dei bat bildu zuen 'The Noise of Time' eleberrian.
Kadarek berak ere ezagun du Euskal Herria, bestalde. Bilboko Barrea saria jaso zuen 2012an, eta, aurrez, Gutun Zuria jaialdian izan zen 2009an. Irune Berro kazetariak elkarrizketatu zuen orduko hartan BERRIArako, eta, hain justu, bizitza eta literatura uztartzearen zailtasunaz aritu zitzaion idazlea. «Askok uste dute idazlearen bizitza bera dela bere literaturaren iturri nagusia. Baina ez da guztiz egia. Bizitza bera literaturarako bazka izan daiteke, baina traba ere bihur daiteke. Tentuz ibili behar da. Bizitza oztopo bilaka daiteke idazlearentzat, idazleak ez badu argi bere bizitza nola erabili nahi duen sorkuntzan. Halakoetan, pozoi bilaka daiteke. Lagundu baino gehiago, traba egin diezaioke. Bizitza ezin delako edozein modutan txertatu literaturan. Izan ere, bizitza eta literatura gidatzen dituzten arauak arras desberdinak dira elkarren artean. Areago, arau batzuk kontrajarriak dira. Bizitzan zentzu bat duen gauzak ez du zertan zentzurik izan literaturan».
Xostakovitxen deia
Julian Barnes idazleak ere Stalinen beste dei bat kontatu zuen The Noise of Time (Garaiaren zarata) eleberrian. Dimitri Xostakovitx da kasu honetan liburuko protagonista, eta haren bizialdiaren kontakizun zorrotz, adimentsu eta ederra egiten du Barnesek liburuan. Konpositorea, badaezpada, iheserako prest deskribatzen duen eszena batekin abiatzen da nobela, eta hirugarren pertsona gogoetatsu baten bidez kontatzen ditu ondoren haren nondik norakoak, beti fikzioaren eta errealitatearen arteko marra fin horretan funanbulismoan dabilela, azkenean arteari eta botereari buruzko dilema moral sakon bat plazaratzen saiatzeko.
«Stalin telefonoan jarriko da». Eta, justu, nobela erdialdera heltzen da buruzagiaren deiaren eszena. New Yorkera joateko eskatzen dio konpositoreari Stalinek, sobietar batasunaren ordezkari modura. Ea zer moduz dagoen. Eta ongi, baina tripako min pixka batekin. Bidaliko diola mediku bat. Ez dela beharrezkoa. Ea joango den, beraz, New Yorkeko bakearen aldeko kongresu horretara. Eta ezetz, Xostakovitxek, ezinezko zaiola. Bidaliko diola medikua, berriz ere Stalinek. Ezetz, ez dela hori, zorabiatu egiten dela hegazkinean. Pastillak emango dizkiotela medikuek. Ez duela frak egokirik. Lortuko diotela bat. Ez dela hori, azkenik, kontua dela bere obra batzuk ezin dituztela jo. Nola ezin dituztela jo? AEBetan baimenduta daudela haren konposizio guztiak, eta, aldiz, SESBen debekatu egin dituztela haietako batzuk, eta horretaz galdetuko diotela, eta ez duela jakingo zer erantzun. Eta nork debekatu ditu, bada, obra horiek? Errepertorioaren Estatu Batzordeak. Ezinezkoa dela Stalinek, oker bat izan dela, bere obra guztiak jo daitezkeela libreki, noski, beti izan delako horrela.
Eta, tantaz tanta, Barnesen luma dotoreak gidaturik, hala jarraituko du konpositoreak biziraupenaren logika setatiari segika, ironiak jadanik inolako ahalmenik ez duen etsipenaren ertzeraino.
Eta kasualitateak zer diren. Bi egileek idatzi dutelako Stalinen dei bat kontatzen duen liburu samin bana. Eta, halere, Kadarek 2012. urtean bezala, Bilboko Ja jaialdiaren saria jaso zuelako Barnesek ere 2014an, bere literaturan umoreak duen garrantziagatik.