Euskal Herriko eta nazioarteko jazz musikarien eta zaleen topagunea izango da Getxo (Bizkaia) uztailaren 3tik 7ra. Getxoko Nazioarteko Jazzaldiak 47. aldia izango du aurtengoa, eta bost egunez hamazazpi saio eskainiko dira Muxikebarri zentroan eta Algortako Geltokia plazan. Gaur iragarri dituzte ordainpeko kontzertuetan ariko diren artisten izenak: James Carter saxofoi jotzailea, Hiromi Uehara pianista, Kurt Rosenwikel gitarrista, Stacey Kent abeslaria eta Bill Frisell gitarrista. Ohi bezala, Muxikebarri aretoan izango dira kontzertu nagusiak, eta Talde Lehiaketako bandak jardungo dira haien aurretik.
Jaialdia hasteko, James Carter (Detroit, AEB, 1969) igoko da oholtzara, uztailaren 3an. 1990eko hamarkadako saxofoi jotzailerik «harrigarrienetako eta originalenetako bat» dela nabarmendu dute antolatzaileek; saxoaren gama osoa menderatzeko gai da, saxo altutik baritonoraino, eta klarinetearekin eta klarinete baxuarekin ere trebezia handia erakusten du. Carterrek merezitako ospea lortu zuen Billie Holiday, Django Reinhardt edo Coltrane maisuei egindako omenaldiei eta haien lanen berrinterpretazioei esker, besteak beste.
Uztailaren 4an, Hiromi Uehara (Hamamatsu, Japonia, 1979) pianistaren txanda izango da. Jazz modernoko konpositorerik berezienetako bat da, eta funka, jazza eta soinu eletrikoak uztartzen dituen Sonicwonderland diskoa aurkeztuko du jazzaldian, Hiromi’s Sonicwonder taldearekin. Hadrien Feraud (baxua), Adam O 'Farril (tronpeta) eta Gene Coye (bateria) musikariak ariko dira harekin batera.
Uztailaren 5ean, berriz, Kurt Rosenwikel gitarra jotzaile ospetsua (Filadelfia, AEB, 1970) buru duen taldea igoko da oholtzara. Rosenwinkelekin batera, Mark Turner, Ben Street eta Jeff Ballard arituko dira jotzen. Antolatzaileek azaldu dute jazz garaikideko izen handiko lau artista horiek modernitatea eta tradizioa uztartuko dituztela.
Uztailaren 6an helduko zaio txanda Stacey Kent abeslariari (New Jersey, AEB, 1968). Orain dela hamar urte bisitatu zuen azkenekoz Getxoko jazzaldia, eta, orduan bezala, gaur egun ere «mundu osoko jazz ahots nagusien artean» dagoela adierazi dute antolatzaileek.
Eta, hurrengo egunean, Bill Frisell (Baltimore, AEB, 1951) gitarra jotzaile eta konpositorearen kontzertuak itxiko du jaialdia. Artista eklektikoa da Frisell, eta folk progresiboa, musika klasikoa, countrya eta noise doinuak lantzen ditu. Hirukote forrmatuan ariko da Muxikebarrin, Tonny Scherr baxuan dela, eta Kenny Wollesen baterian, eta iragarri dute emanaldiak inprobisazioa izango duela ardatz.
Izen handien aurretik, Talde Lehiaketako lau finalistak arituko dira, eta, beste behin ere, Europako jazz gaztearen lanaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek. Doako kontzertuak, berriz, Hirugarren Milurtekoa atalean emango dituzte, Algortako Geltokia plazan. Hainbat artista gazte igoko dira taula gainera: Irati Bilbao eta Juan de Diego abeslariak, Carmen Vela txirularia eta Elias D'Hooge Trio eta Wasted Generation taldeak, besteak beste.