Musika

Stacey Kent, Bill Frisell eta James Carter ariko dira Getxoko Jazzaldian

Uztailaren 3tik 7ra egingo dute 47. Getxo Jazz jaialdia. Apirilaren 15etik aurrera jarriko dituzte sarrerak salgai.

James Carter saxofoi jotzaile estatubatuarrak irekiko du Getxoko 47. jazzaldia. GETXO JAZZ
James Carter saxofoi jotzaile estatubatuarrak irekiko du Getxoko 47. jazzaldia. GETXO JAZZ
Ainhoa Sarasola.
2024ko martxoaren 26a
12:52
Entzun

Getxoko Nazioarteko Jazzaldiak 47. aldia izango du aurtengoa. Uztailaren 3tik 7ra egingo dute jaialdia, eta iragarri dituzte ordainpeko kontzertuetan ariko diren artisten lehen izenak: Stacey Kent abeslaria, Bill Frisell gitarrista eta James Carter saxofoi jotzailea dira jakinarazi dituzten aurrenekoak. Ohi bezala, Muxikebarri aretoan izango dira kontzertu nagusiak, eta Talde Lehiaketako bandak jardungo dira haien aurretik. Sarrerak eta bonuak apirilaren 15ean hasita jarriko dituzte salgai, Getxoko Kultur Etxeko ohiko saltokietan.

Jaialdia hasteko, James Carter (Detroit, AEB, 1969) igoko da oholtzara, uztailaren 3an. Saxofoi jotzaile estatubatuarra Billie Holiday, Django Reinhardt eta John Coltraneren mailako artisten obren bere interpretazioengatik goraipatu izan dute. Saxoaren gama osoa menderatzeko gai da, saxo altutik baritonoraino, eta klarinetearekin nahiz klarinete baxuarekin ere trebezia handia erakusten duela nabarmendu dute jaialdiaren antolatzaileek. Alex White bateria jotzailearekin eta Gerard Gibb teklatu jotzailearekin hirukotea osatuta ariko da Getxon. Eta, jaialdiak iragarri duenez, «zuzeneko indartsu eta bizia» eskainiko du hirukoteak, «jazzetik abiatu eta funk erritmoek markatutako soinu lurraldeetaraino zabaltzeko». 

(ID_13736778) (/EZEZAGUNA) (;)
Stacey Kent abeslaria uztailaren 6an ariko da Muxikebarri aretoan. GETXO JAZZ

Uztailaren 6an helduko zaio txanda Stacey Kent abeslariari (New Jersey, AEB, 1968). Orain dela hamar urte bisitatu zuen azkenekoz Getxoko jazzaldia, eta, orduan bezala, gaur egun ere «mundu mailako jazz ahots nagusien artean» nabarmendu daitekeela adierazi dute antolatzaileek. «Haren musikak generoko handikien esparruan bereizten duen sentiberatasun poetikoa du ezaugarri nagusia. Artista moldakorra izanik, gai da generoko klasikoak eta bossa nova eta pop doinuak interpretatzeko, frantsesez egiten duen errepertorio zabala ahaztu gabe», gehitu dute.

(ID_13736767) (/EZEZAGUNA) frisell
Bill Frisell gitarra jotzaileak hirukote formatuan joko du kontzertua, jaialdiaren azken egunean. GETXO JAZZ

Eta, hurrengo egunean, Bill Frisell gitarra jotzaile eta konpositorearen kontzertuak itxiko du jaialdia. Artista eklektikoak, folk progresiboa, musika klasikoa, countrya eta noise doinuak lantzen dituela azaldu du jaialdiak. «Erritmo paregabeak sortzeko hainbat efektu erabiltzeagatik ezaguna, bere ibilbidea sendotzen hasi zen Pat Metheny grabazio batean ordezkatu ondoren eta, bereziki, Paul Motian eta Joe Lovanorekin hirukotea osatu zuenean». Hirukote forrmatuan ariko da Muxikebarrin, Tonny Scherr baxuan eta Kenny Wollesen baterian lagun dituela, eta aurreratu dute inprobisazioa ardatz izango duen emanaldi bat eskainiko dutela.

Igor Sarralde, kartelaren egilea

Hiru artista horien izenak jakinaraztearekin batera, 47. aldiaren kartela ere aurteztu du jaialdiak. Igor Sarralde ilustratzaile eta komikigile getxoztarraren lana da. Besteak beste, Kataluniako Museu Nacional d 'Arten eta Bartzelonako Komiki Azokan egin ditu erakusketak, eta iaz Sinestesia Drawing Band proiektua gauzatu zuen Getxon, Kultura Sormen Deialdiaren barruan. «Kultur etxeak bultzatutako ekimen horretarako, zuzenean ilustratu zituen 2023ko jazz eta folk jaialdietako emanaldiak, bi ekitaldien testigantza grafikoa emateko asmoz», ekarri dute gogora.

(ID_13736777) (/EZEZAGUNA) (;)
Igor Sarraldek egin du jaialdiaren aurtengo kartela. GETXO JAZZ

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.