Sozialtasunean beregainago

Mikel Urdangarin Irastorzak 'Simone de Beauvoir. Norbanakoa eta burujabetza' saiakera plazaratu du, Jakinekin. Filosofo feministaren subjektu eredutik abiatuta, gaurko zenbait eztabaidari heldu die

Mikel Urdangarin Irastorza filosofia ikerlaria, Donostiako Udal Liburutegian, Simone de Beauvoir. Norbanakoa eta burujabetza saiakerarekin. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Neoliberalismo patriarkaletik» eta «erantzun kontserbadoretik» aparte, Mikel Urdangarin Irastorza (Beasain, Gipuzkoa, 1994) ikerlariaren ustetan, bada beste pentsalari multzo bat, garaia eta garaiko galderak bestela harilkatzen ari dena: «Bestelako logikak, bestelako subjektuak eta, oro har, bestelako bizitzak planteatzeko ideiak ekartzen». Eta bada horien artean erreferentziazko autore bat harentzat: Simone de Beauvoir, XX. mendeko filosofo existentzialista eta autore feminista ezaguna. Hark landutako norbanakoaren eta burujabetzaren ereduan oinarrituta, egungo hainbat eztabaidari heldu die Urdangarinek Simone de Beauvoir. Norbanakoa eta burujabetza saiakeran; Jakinek plazaratu du, «bestelako logika bat eta bizitza horiek pentsatzen segitzeko ekarpen bat egite aldera, filosofiatik».

Jakinen Irakurgaiak bildumako 49. zenbakia hartu du Urdangarinen lanak, eta Joxe Azurmendik sortzetik ezarritako helburuari segitzen diola nabarmendu du Lorea Agirre zuzendariak: «Kanpoko filosofo ezagunen ekarria eta bertan sortutako pentsamendu propioa elkarrizketan jartzea». Saiakera ontzeko baliatutako bibliografia da horren erakusgarri, Agirrerentzat; tartean emakume egile ugari direla ere nabarmendu du: «Harritzekoa da oraindik, eta horrek esaten du Mikelen kokapenaz». Horien artean dira, besteak beste, Celia Amoros, Eduardo Apodaka, Jokin Azpiazu, Judith Butler, Mari Luz Esteban, Pastori Filigrana, Jule Goikoetxea, Donna J. Haraway, Aleksandra Kollontai, Amaia Perez Orozco, Brigitte Vasallo eta Monique Wittig.

«Bidaia bat». Horixe proposatu dio Urdangarinek irakurleari, Agirreren hitzetan, burujabetzaren, klasearen, aitortza kulturalaren, subjektu ezberdinen artikulazioaren eta beste hainbat gairen ingurukoa. «Modernitateko subjektu maskulino jainkotuari, buruaskiari, egin zaizkion inpugnazioen berri ematen digu; iristen ari gara, iritsi beharrean gara, beste subjektu batera, zaurgarria den eta besteen beharra duen batera. Hortik formulatu daitezke mundu hau bizigarriago egingo duten proposamen politikoak».

Askotariko pentsalarien ekarria baliatu arren, testuaren abiapuntuan De Beauvoirren Bigarren sexua (1949) jarri du Urdangarinek; lan horretako aipu famatu batek ekarri zuen paradigma aldaketa: emakume ez dela jaiotzen, egin egiten dela. Filosofian graduatua eta Joxe Azurmendi katedrako lehen bekadun ikertzailea da Urdangarin, eta liburuan landu dituen gaien bueltan dihardu doktorego tesia garatzen ere. «Subjektu eredua aztertzen, Azurmendiren giza aberearen eta korronte feministetatik sustatzen den subjektu interdependentearen inguruan», Xabier Eizagirre Jakineko kideak aurreratu duenez. «Lan honek ez ditu De Beauvoirren ideiak laburbiltzen bakarrik», erantsi du; «horiek izandako garapena aztertzean dago lanaren ekarpena».

Trantsizioen txirikorda

Hala zapalkuntza nola emantzipazioa ulertzeko eta gaurko eztabaidei argi emateko De Beauvoirren lanak zer-nolako ahala duen azpimarratu du Urdangarinek. «Hark esan zuen gizona dela bata, absolutua, eta emakumea bestea, erlatiboa. Hori ikusita, emakumeen norbanakotasuna eta burujabetza garatuko ditu; hor, eztabaida indartsu bat sortuko da filosofian: hori egitean zenbateraino pitzatzen eta zenbateraino birsortzen du De Beauvoirrek norbanako buruaskiaren ideia?».

Ikerlariaren ustetan, eta ekofeminismotik eta korronte dekolonialetik egindako kritikekin bat etorrita ere, pitzatu egin zuen batez ere: «Birsortzen badu ere, ederki pitzatzen du, eta bestelako subjektu bat aurkeztu: hezur-haragizkoa, eginean egiten dena, baldintzatua, kokatua, irekia eta, gorputzetik abiatuta, bizitzako dimentsio orotan bere norbanakotasuna eta burujabetza gauzatzeko gaitasun material eta formala izan behar duen proiektu gisa ulertzen duena [subjektua]».

Oinarri horretatik abiatuta, De Beauvoirrek irekitako arrakalek izandako sakontze batzuk aztertu ditu egileak; Butlerrena eta Wittigena, batik bat: gizon eta emakume egiteko prozesuak auzitan jartzea eta kategoria horiek «desagerrarazi beharreko klasetzat» aurkeztea, hurrenez hurren. Teorizazio berri horiei segika, beste ertz bat ere garatu nahi izan du: gizon eraikuntzarena. «De Beauvoirrek bi kritika egin zizkion gizonari: gorputza ukatzea eta horri lotutako elkarrekikotasunik eza. Horiek horrela, saiatu naiz planteatzen nola artikulatu dezakegun gizontasunaren trantsizioa premiazko beste trantsizioekin: feministarekin, sozioekologikoarekin, euskaltzalearekin, dekolonialarekin...».

Eta azken intuizio bat, ixteko: genero bateko edo besteko ez ezik, subjektu ere ez dela inor jaiotzen. «Subjektua ez da abiapuntu aurresozial bat, zeina gerora murgiltzen den mundu sozial eta ekologikoan. Etengabe da komunean, besteekin eta besteei eskerrak, mundu sozial eta ekologikoan txirikordatuta». Hortik ondorioztatu du sozialtasunean soilik gara daitekeela norbere izaera. «Interdependentzia ez da gerora josten den erlazio sarea, baizik eta subjektu gisa eratzeko modua ematen digun eta, era berean, buruaskiak izatea eragozten digun etengabeko baldintza». Eta gehitu du: «Bizitzak singularrean eta izen-abizen propioz sinatzen ditugu, baina aukera eta zentzua soilik dituzte komunean». Norabide horretan birdefinitu ditu, bada, norbanakoa eta burujabetza ikerlariak. «Zertarako? Burujabeak izateko. Sozialtasunean lortzen den gaitasun moduan ulertuta, gure gorputzak, lurrak, komunitateak, datuak, bizibidea... azken batean, bizitza bera autogobernatzeko gaitze prozesu moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.