Artea

De la Sotaren arte bilduma bistaratu du Bilboko Arte Ederren Museoak

Ramon de la Sota y Llano enpresari eta EAJ kide ezagunaren arte bildumaren parte izandako 60 artelan biltzen ditu ‘Sota familia. Artea eta mezenasgoa’ erakusketak. 1936ko gerrak eragindako etena ere azaltzen da hartan.

'Sota familia. Arte eta mezenasgoa' erakusketa Bilboko Arte Ederretako Museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
'Sota familia. Arte eta mezenasgoa' erakusketa Bilboko Arte Ederretako Museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko ekainaren 21a
17:30
Entzun

Kolore eta forma mozkorraldi batek inguratuta, mozorrotuta dagoela dirudien bikote baten dantza energikoak hartzen du Antonio  Gezala margolariaren Artisten gaua Ibaiganen koadroaren erdialdea. 1927koa da koadroa, eta Ramon de la Sota y Llano enpresariak etxean antolatutako festa baten bizitasuna eta luxua erakusten ditu lanak, bai eta hamarkada haietan Bilbon bizi zen giro artistiko kosmopolita ere. Baina, Javier Novo arte historialari eta Bilboko Arte Ederren Museoko Kontserbazio eta Ikerketa koordinatzaileak gogoratu duenez, 1936ko altxamendu militarra zela medio «amaiera garratza» izan zuen horrek guztiak. «Gezalaren koadroak irudikatzen duen alaitasun eta kosmopolitismo hori guztia galdu egin zen gerra piztean, hor dagoen charleston hori, kolore hori, abangoardia hori guztia kolpean eten zuen gerrak».

Ramon de la Sota y Llanoren bildumaren parte izandako hirurogei artelan baino gehiago jarri ditu ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoak orain. Eta, besteak beste, Francisco Goyaren, Luis de Moralesen zein Dario de Regoyosen, Adolfo Guiarden, Ignacio Zuloagaren, Aurelio Artetaren eta Antonio Gezalaren lanak topatuko ditu bisitariak haien artean. Sota familia. Artea eta mezenasgoa deitu dute erakusketa, eta urriaren 13ra arte egongo da ikusgai.

«Antonio Gezalaren koadroak irudikatzen duen alaitasun eta kosmopolitismo hori guztia galdu egin zen gerra piztean»JAVIER NOVOKomisarioa

Euskalduna ontziolako fundatzaile ez ezik, hainbat meatze konpainiaren buru eta hainbat banku eta aseguru elkartetako kide ere izan zen De la Sota, bai eta EAJ alderdiko ordezkari esanguratsua ere. Horrekin batera, hiriko arte bildumagile eta arte sustatzaile nagusietako bat ere izan zen. Hain zuzen, haren alderdi hori nabarmentzeko antolatu dute erakusketa. Novok zehaztu duenez, Bilboko Ibaigane jauregian gordetzen zuen antzinako artea, eta Getxon (Bizkaia) zuen Lertegi izeneko etxean izaten zituen lan modernoak. Guztira, berrehun artelanetik gorako bilduma zuen, eta bilduma horren parte izandakoak dira orain ikusgai jarritako artelanak.

Tiroz zulatutako eskultura

Quintin de Torre eskultorearen Lemazaina lanak zaintzen du erakusketako atea. 1913an sortutako brontzezko artelan monumental bat da, eta sei aretoko ibilbidea antolatu dute haren ondoren. Guiarden lanek hartzen dute lehen aretoa, eta, han dago, esate baterako, 1888ko Bakioko baserritarra artelan ezaguna. Areto propioa dute Ignacio Zuloaga artistaren margolanek ere, eta, antzinako arteari eta arte modernoari eskainitako aretoen artean, bada arkitekturari eskainitako atal bat ere.

Bisitariei ongietorria emateaz gain, De la Sota familiak frankismoarekin bizi izandakoa laburbiltzen du De Torreren eskulturak. Izan ere, familiako kideek gogoratu dutenez, obrak badu alderik alde gurutzatzen duen tiro baten zuloa ere. «Familiak jasandako erasoaren sinbolo gisa».

1936an hil zen De la Sota, kolpistek gerra hasi eta aste gutxira. Hil eta urtebetera, haren aurkako epaia eman zuten frankistek, gerraurrean izan zituen ardura politikoengatik; 100 milioi pezetako isuna jarri zioten, eta haren jauregi eta etxeetako hormak betetzen zituzten margolanak konfiskatu. Historia horren lekuko ere bada erakusketa.

85 urteren ondoren

Epaitegi frankistek 1937an eman zuten Ramon de la Sota y Llanok Ibaiganeko jauregian eta Getxoko bere etxean gordeta zeuzkan ehunka margolan behin-behinean konfiskatzeko agindua, eta, 85 urteren ondoren, haietako asko berreskuratzeko lanetan dihardute haren senideek oraindik ere. Bilaketa lanei buruzko datu zehatza ere eman du Ramon de la Sotak, familia osoaren bozeramaile gisa, Bilboko Arte Ederren Museoak antolatutako erakusketaren aurkezpenean: «Konfiskatutako 50 obra non dauden ikertzen ari gara, eta hamabi obra erreklamazio prozesuan daude».

Hain zuzen ere, berreskuratze ariketa batek jarri zuen abian Bilboko Arte Ederren Museoak orain zabaldu duen erakusketa. 1937az geroztik desagertutzat jotzen zituzten bi koadro topatu zituzten 2019an Espainiako paradore batean, eta hiru urteko prozesu judizialaren ondoren eskuratu ahal izan zituzten berriz ere, 2022an. Cornelis van der Voort artistaren 1623ko Gizon gazte baten erretratua eta Luis de la Cruz y Riosen eta haren lantegiaren 1833ko Maria Kristina Borboikoaren erretratua ziren De la Sota sendiak berreskuratutako bi lan haiek, eta Bilboko Arte Ederren Museoari utzi zizkioten. Eta, hain zuzen, horren berri emateko antolatutako aurkezpenean iragarri zuen Bilboko museoak asmoa zuela Sotaren bildumari eskainitako erakusketa bat antolatzeko.

«1937an konfiskatutako 50 obra non dauden ikertzen ari gara, eta hamabi obra erreklamazio prozesuan daude»RAMON DE LA SOTA De la Sota sendiaren bozeramailea

Beste koadro bat ere berreskuratu dute, duela hilabete. Anton Raphael Mengs artistak margotutako erretratu bat bueltatu die Burgosko Udalak (Espainia), 1938an frankistek lapurtutakoa. Azaldu duenez, legea alde izanik ere, prozesuak lekuan lekuko administrazioen borondatearen arabera egiten du aurrera.

Konfiskazio horiei eta margolanak berreskuratzeko lanei buruzko informazio zehatza ere biltzen du erakusketarako osatutako katalogoak. Familiari prozesu horretan laguntzen ari den ikerlari batek idatzi du testua, Patricia Fernandez Lorenzok. Edonola ere, aurkezpenean tentuz eman nahi izan dituzte artelanak berreskuratzeko prozesuari buruzko datuak. Ramon de la Sotak esan duenez, «paraleloan» doazelako erakusketa bera eta beste lanen bilaketa.

Ramon de la Sosta, Ramon de la Sota y Llanosen erretratuaren aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ramon de la Sota, Ramon de la Sota y Llanosen erretratuaren aurrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.