Musika

Soseguan, harrabotsa

1971ko otsailean Alice Coltranek New Yorken emandako kontzertu ezagun baten grabazioa berreskuratu dute 'The Carnegie Hall Concert' diskoan.

Alice Coltrane jazz musikaria.  ALICECOLTRANE.COM
Alice Coltrane jazz musikaria. ALICECOLTRANE.COM
2024ko ekainaren 9a
05:30
Entzun

«Guztientzat zegoen zerbait egitarauan. Undergroundeko lagunek beren jainkosa maitatua zuten, Laura Nyro. Rock-and-roll nerabe dantzazale eta zoroek The Rascals zeukaten, eta jazza maite zutenek Alice, eta Archie, eta Pharoah... Zalantzak ditut bertaratutakoen artean baten batek askotariko hiru saioak berdin gozatu zituen, baina inor ez zen desengainatuta etxeratu». Joe H. Klee, Down Beat jazz aldizkarian.  

Emanaldi hori 1971ko otsailaren 21ean egin zen, New Yorkeko Carnegie Hall aretoan, eta, hiru saioen artean, nabarmendu egin zen Alice Coltranek eta haren taldeak egindakoa, zeina Impulse diskoetxeak argitaratu berri baitu The Carnegie Hall Concert izenburupean, Lauren Du Graf idazleak taxututako liburuxka mamitsuarekin batera. «[Haren taldea] Carnegie Halleko oholtzan agertu diren banda izugarrienetako bat da», idatzi zuen Bob Glassenbergek Billboard argitalpenean, eta musikari zerrendari erreparatzea baino ez dago: Pharoah Sanders eta Archie Shepp saxo jotzaileak, Jimmy Garrison eta Cecil McBee baxu jotzaileak, eta Ed Blackwell eta Clifford Jarvis bateria jotzaileak. Seikoteari Kumar Kramer (harmoniuma) eta Tulsi Reynolds (tuntuna) gehitu zitzaizkien —laukote bikoitzaren formatua Ornette Colemanek eta Miles Davisek erabili zuten aurretik, Free Jazz eta Bitches Brew diskoetan, hurrenez hurren—. Coltranek, bestalde, pianoa, harpa —senarrak oparitu zion, eta urtebetean ikasi zuen jotzen—, eta perkusioa jo zituen. Grabazioaz Ed Mitchel ekoizlea arduratu zen. Diskoa, baina, ez da gaur arte plazaratu, bere sasoian bideragarritasun eskasa baitzuen, ekialdeko kulturaren eta erlijioen eraginez bustitako jazzak zuen onarpen apala tarteko.

AEBetan eta Europan 1960ko urteetan hedatutako kontrakultura, berriz, oso abegitsua izan zen ekialdeko adierazpenekin; besteak beste, hinduismoarekin eta yogarekin. Hain justu, Sri Swami Satchidananda maisu espiritual indiarrak AEBetan zehar sakabanatutako zentroak diruz laguntzeko egin zen Carnegie Halleko kontzertua. Garai hartan, guru indiarren presentzia nabarmena zen pop musikan; hala nola The Beatles eta The Beach Boys taldeek Maharasi Mahesh yogia aurkitu zuten, eta George Harrisonek, geroago, Sri Prabhupada izan zuen ondoan. Satchidananda 1966an iritsi zen AEBetara, bai eta bertan sustraitu ere, Woodstock jaialdi entzutetsuan parte hartzeraino. Oso ezagunak dira jaialdia irekitzeko bota zituen bedeinkaziozko berbak: «Musika soinu zerutar bat da, eta soinuak kontrolatzen du unibertso osoa, ez bibrazio atomikoek. Soinuaren energia, soinuaren boterea, mundu honetako beste botereak baino askoz izugarriagoa da».

Ekialdeko itzala

Rock komunitateak altzoan hartutako guruaren itzala jazzera ere zabaldu zen. Coltranerengan, hain justu, sekulako eragina izan zuen. Hain zen gertukoa maisua, Coltranek Long Islanden (New York) zuen etxean ere izaten baitzen, non musikaria bere lau seme-alabekin bizi zen John Coltrane jazz musikari eta senarra (Detroit, AEB, 1937-Los Angeles, AEB, 2007) hil zitzaionetik.

1970eko abenduan, Journey in Satchidananda maisulana grabatu eta gutxira, Coltranek bost asteko bidaia egin zuen Indian barrena; besteak beste, Ganges ibaian bainatu, eta Himalaiako monasterioak bisitatu zituen. Bidaiarekin batera, sufrimendu handiko ziklo bat amaitu zuen. «Ekialdera egindako bidaiaren bitartez nire shadana-ren [borroka espirituala] zatirik garrantzitsuena osatu da». Sasoi horretan igo zen, hain zuzen ere, Carnegie Halleko agertokira, guruaren erretolika finantzatzeko asmoz. «Ekialdeko bidaiak motibazio espirituala eman dit gehiago azaltzeko, musika gehiago egiteko. Sitarrarekin eta vinarekin egindako musika eder asko ere entzun dut... Eta entzundako zenbait kantu ere erabiliko ditut... Ekialdeko esentziaren zerbait».

Sri Swami Satchidananda maisu espiritual indiarrak AEBetan zehar sakabanatutako zentroak diruz laguntzeko egin zen Carnegie Halleko kontzertua.

Musikariak erakutsitako espiritualtasun hori bere jardun osoan islatu izanagatik ere, Satchidanandarekin izan zuen harreman estua 1972an ezereztu zen, Carnegie Halleko emanaldia egin eta urtebetera, guruak ikasleekin izan zituen harreman eztabaidagarriak zirela medio: buruzagi espiritualaren izaera zerutarra haragizko bilakatu omen zen bat-batean. «Pertsona eta yogi zoragarria izan zen. Irakurketarik onenak eman zituen, eta oso pentsamolde unibertsala zuen», esan zuen Coltranek 2003an. «Ez dut gidaritza espiritual gehiagorik bilatu haren ondotik». 1976an musikaria swami bihurtu zen, eta bere zentro propioa ere eratu zuen Kalifornian, 1982an: Sai Anantam Ashram.

Barea eta oldarra

Gaur arte grabazio piraten bitartez baino ezagutzen ez zen The Carnegie Hall Concert lau pistatan jaso zuten, baina grabazio horiek galdu egin ziren; hartara, oraintsu modu legezkoan argitaratu den diskoa Ed Michel ekoizleak gorde zituen bi pistekin egindako grabazioan oinarritu da. Soinua nahiko ona da, tarteka behera egiten badu ere.

Diskoak, zeina binilozko formatuan bikoitza baita, bi alde nabarmen ditu. Lehenengo diskoan, Journey in Satchidananda monumentalean bildutako bi doinu jasotzen dira: Journey in Satchidananda bera eta Shiva-Loka. Estudioan grabatutako bertsioak baino luzeagoak dira, eta Coltraneren ohiko soinu espiritual eta lasaia erakusten dute: bluesetik gertu dauden mantrak, erlijiozko feeling-a, erritmo hipnotikoak, inprobisazio luzeak, Indiako eraginak...

Ekialdera begiratzen zuen soinu hori, baina, gaitzetsi egin zuten sasoiko adituek, nahiz eta urteen poderioz onartu behar izan zuten, hainbat sortzailek antzeko bidea hartu baitzuten, besteak beste John eta Alice Coltranerekin aritutako Pharoah Sandersek. Horrekin batera, emakumezko instrumentistek ez zuten jasotzen puristen aitortzarik, ez baitzuten gizonezkoek beren inprobisazio bortitzetan erakusten zituzten manerak.

Bada, baieztapen faltsu hori erabat txikitzeko iritsi zen Carnegie Halleko emanaldia, zeinak 20 minutu iraun behar zuen eta, azkenik, 80ra iritsi zen. Coltranek, bere alderik baketsuena erakusteaz gain, senarraren free jazz kutsuko bi doinu hartu (Africa eta Leo), eta sekulako astindua eman zien, pianoaren teklak sutsu jo bitartean. John Coltraneren bi doinu horiekin osatzen da, hain zuzen, bigarren diskoa, zeina pianoak gidatutako tsunami bilakatzen den, instrumentistek inprobisazio burrunbatsuak egiteko aukera izan dezaten.

Diskoarekin batera datorren liburuxkan McBee baxu jotzailearen hitz hauek jasotzen dira: «Inprobisazioari dagokionez, ez dut inoiz entzun nik neuk jotako ezer biziagorik, indartsuagorik eta hain ondo diseinatutakorik. Izugarria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.