Euskal kultura etxean bertan da ikusgaitz. Ez da ezer berria. Euskal sortzaileen berri jakin nahi duenak bila joan behar du, ez baita inguruko kultura hegemonikoen berezkotasunez iristen herritarrengana. Auzi horren adarretan aritu zen Gotzon Barandiaran idazlea, atzo, Euskal sortzaileak ikusezinak dira? hitzaldian, Sortzaileak.eus webgunea aurkeztu berritan. Entzuleen artean ziren hainbat sortzaile eta eragile, tartean, Txakur Gorria kolektiboko Ane Labaka eta Mariñe Arbeo, Iñigo Muguruza musikaria, Asier Serrano idazlea, Ganbara.eus-eko Maialen Goñi eta Ines Arrue, Xabier Mendiguren idazle eta editorea, Badok.eus-eko Jon Eskisabel, eta Joxe Mari Agirretxe Porrotx.
Sortzaileetatik hasi eta zaleetaraino, kulturgintza «ekosistema» bat dela aldarrikatuz abiatu zen Barandiaran. «Sortzailea, lehenengo, zalea da, eta gero bihurtuko da edo ez sortzaile, baina aurrena zale izateko, elikatu egin behar da». Hor seinalatu zuen lehen traba: ume garaian eteten da sormena. Aurrerago aipatuko zituen beste batzuk: transmisio arauturik eza hezkuntzan, familiako transmisio etena, EITBren kultur politika falta, eta hainbat gehiago.
Bere gogoetaren lehen hazia Larrabetzuko (Bizkaia) Literatura Eskolan erne zela azaldu zuen idazleak, hasteko. «Unibertsitate popular bat izan zen. Bilkuretatik, konplizitatetik eta gauzak egiteko gogotik, sare bat sortu zen». Sare horrek sortu zituen egun martxan diren hainbat kultur egitasmo: Eako Poesia Egunak, Literaturia eta Ahotsenea. Iparra argia zen: sortzaileei «plaza duin bat» eskaintzea, haien lana ikusaraztea eta transmisiorako tresna izatea.
Orduan hasi ziren egiturazko argazkiari buelta emateko lanean. Berdin jarraitzen du argazkiak egun: «Euskal Herrian ditugun plaza fisikoak ez ditugu nagusiki euskal sortzaileok betetzen». Jakin aldizkariko bi aipu josi zizkion horri. Harkaitz Canorena lehena: «Baditugu eraikinak, ez, ordea, erakusketak antolatzeko dirudik, itxuraz». Balentziaga museoko zuzendariarena bestea: «Existitzen soilik xahutzen dugu aurrekontuaren %70». Alegia, kulturarako diru gehientsuena mantenuan eta kanpoko ekoizpenean joaten da. «Eta hor euskal sortzailea ikusezina da». Egoerak hala irautea, sortzaile falta ez, «erabaki politiko bat» da, Barandiaranen iritziko. Hala, galdera bat utzi zuen airean: «Zentzugabea litzateke plaza publikoei dagokienez kuotak ezartzea?».
Eredu bat bada, Azpeitian
Diagnostiko orokorraren ifrentzuan, kulturgintza beste ikuspegi batetik ulertu duen, eta Barandiaranentzat «eredugarria» den esperientzia bat bada: Azpeitiko Kultur Mahaia, Gipuzkoan. Herrirako kultur estrategia udalaren eta herriko kultur eragile ugariren artean, modu horizontalean, eztabaidatu eta gauzatu dute, eta hori da gako nagusia, goraipatu zuenez. Datu bi: 2017an antolatu zituzten 194 ekitaldietatik % 93,8 Euskal Herriko sortzaileenak izan ziren, eta %90,2 euskarazkoak. Bere aurrekontuaren erabilera ere txalotu zuen. «Azpeitiko ereduak dagoenean ez du balio Maule, Santurtzi edo Oionerako, baina abiapuntuak eta jarrerak balio du».
Euskal kulturgintzaren ekosistema osasuntsu baterako jarrerarik bada, hori «auzolana» dela defendatu zuen, irmo, Barandiaranek. «Horrek eskatzen du gabeziak konpartitzea, baliabideak ezagutzea, elkarren lana aitortzea, gidaritza eta rolak txandakatzea; hierarkiarik eta beto eskubiderik gabe». Horretan da euskal kulturgintza «indartsu» harentzat. Hala, sortzaile, hezitzaile, antolatzaile, komunikabide, zale eta herritarrek osatzen duten ekosistema «piramide bat ez, borobil bat» dela, eta «bilguneak» sortu behar direla berretsi zuen, «Euskal Herri mailako bilguneak».
Nazio gisara zein kultur estrategia behar den definitzekotan, erakunde publikoen jarrera aldatzea ezinbestekotzat jo zuen, bukatzeko. Hartara, kultur politikak hauteskunde logiketatik at kokatu beharraz ohartarazi zuen. «Ulertu behar dute kultur politikan derrigor parte hartu behar duela kultur sisteman eragile denak». Sortzaileek ere prest egon behar lukete eztabaidetan.
Barandiaranek, beraz, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetara iritsiko den bilgune bat sortzea proposatu zuen, hiru esparruetako kultur ekosistemako eragileak batuko dituena, sortzaile eta zaleetatik hasi, eta Euskal Elkargora, Nafarroako Gobernura eta Eusko Jaurlaritzara artekoa.
Esandakoak aho propiotik baino, kulturgintzako jendeari entzun-ikasitakotik zetozela esanez, eta haiei keinu bat egindaamaitu zuen saioa Barandiaranek. «Zentzuzkoena litzateke, herri bezala, pertsona horien jakintza, esperientzia eta motibazioa erabiltzea. Ezin da hori xahutu».
Sortzez ikusgaitz
Euskal sortzaileen ikusgarritasun faltaren auzia izan du ardatz Gotzon Barandiaranek. Eragile guztiak biltzeko aldarri ozena egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu