Raul Refree. Musikari eta ekoizlea

«Sortzen dugun guztiak darama iraganean ikasi dugunaren zama»

Larunbatean Euskal Herrian jotzekoa zen, Galdakaoko Kaiola musika esperimental festibalean. Bertan behera geratu da jaialdia, baina, eta artista katalanak ezingo du proposamen berria aurkeztu, oraingoz.

BERRIA.
Antton Iturbe.
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Raul Fernandez Miro. Bartzelonan jaio zen, 1976an; Corn Flakes hardcore melodiko taldeko kide izan zen; Remodance, Sitcom eta Elena taldeen sortzaile segidan. Raul Refree bihurtu zen 2002an.

Hainbat artistarekin kolaboratu du urteotan, baita ekoizle lanak egin ere. Lankidetza horien zerrendan daude, besteak beste, Sonic Youthen sortzaile Lee Ranaldo, Roger Mas, Nacho Umbert, Senior i el Cor Brutal, Christina Rosenvinge, Las Migas, Silvia Perez Cruz, Josh Rouse, Mala Rodriguez, Rosalia eta beste. Kaiola jaialdia bertan behera geratu aurretik erantzun ditu elkarrizketa honetako galderak.

Elkarren artean desberdinak eta itxuraz ia kontrakoak diren hainbat artistarekin egin izan duzu lan urteotan. Zein da, zure ustez, ekinaldi horiek guztiak lotzen dituen funtsezko osagaia?

Hainbat urteren bueltan, aurreiritziak eta dogmak alde batera uzten ikasi dut. Nire musikarekiko inork halakorik izan ez zezan,erabaki nuen lehenik eta behin neronek baztertu behar nituela. Nire erabaki musikalak sentsazio epidermiko batean oinarritzen dira. Berarentzat lan egitea eskatzen didan artistaren zalea naizenean ere, baiezkoa eman aurretik, eskaintzeko zerbait badudala sumatu behar dut; partekatzera goazen prozesu horretan sentituko naizela. Ekoizpen lana, nire baitan, beste pertsona batekin batera ekindako bidaia da: bi norabide ditu, eta eskaintzen dudan bezainbeste jasotzen dut amaitzean. Esaten ari naizenak ez dirudi oso profesionala agian, baina nire musika bizitza era horretan bideratzea erabaki dut.

Nola?

Buru-belarri murgiltzen naiz proiektuetan, eta kontu handiz aukeratu behar dut nire sormen energia guztia non erabili. Ahituta sentitzen naiz beti diskoa bukatzean.

Aurreikuspenak egiten beti asmatzen al duzu?

Egia da batzuetan pentsatu izan dudala, artista bat ezagutzean, bide beretik gindoazela eta elkarrekin disko on bat egin genezakeela, eta erabaki okerra izan dela. Noski, posible da hori gertatzea, baina ez diogu beldurrik izan behar abesti bat edo bi grabatu ondoren proiektua bertan behera uzteari. Zoriontsu izatea da garrantzitsuena, eta uste dut normalean garbi sumatzen dudala ezer eskaintzeko gai izango naizen eta elkar ulertuko dugun ala ez.

Zerk ematen dizu lanean intentsitate horrekin jarraitzeko indarra eta jakin-mina?

Musika maite dut, ikaragarri gozatzen dut eta nire bizitzako ekintza gehientsuenen motorra da. Tarteka nekatuta sentitzen naiz, baina etsita inoiz ez; ezta aspertuta ere. Nahi bezainbeste gauza berri probatzeko astirik ez daukat. Bila nabil beti; ezustekoen emozioak bultzatzen nau. Ezagutzen ez dudan jendearekin komunikatu ahal izateko erabiltzen dudan tresna da, ez dut beste baliabide hoberik aurkitu; beste guztiak faltsuak iruditzen zaizkit musikaren aldean.

Askotan, zure artista kuttunekin lan egin duzu Kiko Veneno,Christina Rosenvinge edo Lee Ranaldo, esaterako. Hala ere, ekoizpenen eta sormen lanen arteko bereizketa garbi bat ezartzen duzu diskoak izenpetzeko garaian. Zertan datza bereizketa hori?

Diskoen ekoizpena elkarlan moduan bizi dut. Artista eta ekoizlea, biak, ezinbesteko piezak dira disko baten sortzeko. Batzuetan, artista moduan sinatzen ditut disko horiek, eta, alde txikia bada ere, garrantzitsua deritzot ñabardura hori azaltzeari. Desadostasun eta tentsio uneetan gauzatzen da ezberdintasun hori, batik bat. Baina jarrera berarekin ekiten diot lanari bi kasuetan. Nire erabakiak edo nire espazio pertsonala gehiegi murriztuko balute, ez nintzateke disko bat ekoizteko gai izango. Ze demontre, zigilu pertsonala duen ekoizle bat naiz azken batean, onerako eta txarrerako.

«Lee Ranaldoren zale batzuk Sonic Youth inoiz entzun gabeak izateak edota nortzuk ziren ere ez jakiteak liluratuta uzten nau. Inbidia diot haren musikaz gozatu ahal izateko daukaten purutasun horri», esan zenuen behin. Ekoizle lana egitean sentsazio hori bilatzen duzu? Artisten iragana eta historia ahazten saiatzen zara nolabait?

Bai, zalantzarik gabe. Ekoizpen eskaera bati baietza ematean, elkarrekin posible dugun diskorik onena egitea da nire asmo bakarra. Artistaren etorkizunera begiratu nahi dut; artistaren bilakaeran pentsatzen dut; artistaren ibilbidean mugarri izango den disko bat lortzea dut helburu. Urteetan gogoratu ahal izango duelako bakarrik ez, baita ibilbide oparo berri batean barneratzeko aukera emango diolako ere. Zahartzean zer bilakatuko naizen pentsatzea gustatzen zait, eta gauza bera egiten dut gustukoak ditudan artistekin.

Zure bakarkako diskoak nola planteatzen dituzu? Geroz eta askatasun handiagoa sumatzen da horietan.

Sortzen dugun guztiak darama iraganean ikasi dugunaren zama, baita suntsitzea erabakitzen duguna ere. Iraganean ezinezkoa izango nuen askatasun batez egin ahal diot aurre orain nire errepertorioari. Musika bideratzeko modu honekin oso pozik nago. Nire izeneko free horrek adierazten duen bezala, askatasun osoa eta aurreiritzirik eza dira nire oinarriak.

Nolako da zure harremana Lee Ranaldorekin? Zerk batzen zaituzte?

Lee Ranaldo eta biok adiskidetasun eta lan erlazio oso sendoa eraiki dugu. Elkarrekin gozatu egiten dugu, eta ikertzen jarraitu nahi dugu. Hori da funtsa. Garai nahasi hauetan benetan zaila zaigu elkar ikustea, eta, disko berriarekin lotuta, kontzertu bakar bat eman ahal izan dugu; diskoa argitaratu aurretik, gainera [prentsarako, New Yorken]. Zuzenean sarriago jo ahal izatea nahi nuke. Hiru disko egin ditugu dagoeneko elkarrekin, eta elkar ondo ezagutzen dugun arren, asko dugu oraindik arakatzeko.

Zein proiektuetan zabiltza lanean azkenaldi honetan?

Proiektu anitz dut buruan oraintxe bertan, eta ilusio handiz ari naiz lanean, baina, gauzak hain nahasiak eta zalantzazkoak direnez, nahiago dut oraingoz ezer ez aurreratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.