Ohiko bideetatik kanpokoa izan da Idoia Asurmendik (Aramaio, Araba, 2000) orain arte egindakoa. Abestirik argitaratu gabe, eta sare sozialetan zabaldutako beste musikari batzuen bertsioak bere aurkezpen txartel bilakatuta, oihartzun zabala izatea lortu du musikariak. Orain, berriz, bere lehen diskoarekin dator (Ilun eta abar). Abuztutik azarora bitartean grabatu zuen, Donostiako Muir estudioetan, Oriol Floresek (bateria), Joanes Ederrak (baxua), Andoni Garciak (gitarra, mandolina) eta Sergio Valdehitak (teklatuak) osatutako taldea lagun zuela. «Oso eroso egon naiz estudioan. Hor konturatzen zara nola doan egosten dena, nola doan diskoa osatzen. Lehenengo baxua, gero bateria... denak hartzen du forma eder bat estudioan». Hainbat kolaborazio ere izan ditu. Eñaut Elorrietak 25. artikulua-n abestu du, eta Mundo al revés-en Asurmendiren bi ahizpek kantatu dute, Beak eta Nereak.
Bertsioekin egin zinen ezagun sare sozialetan. Baina idatzi, noiztik idazten duzu?
Letrak idazten orain dela hiruzpalau urte hasi nintzen. Institutuan lagun bat ezagutu nuen, Maria Oses, eta elkarrekin hasi ginen lanean. Pare bat kantu bion artean egin genituen, eta gero ni animatu nintzen bakarrik ere idaztera. Baina musika betidanik sortu izan dut. Txikitan, pianoan jarri eta abestiak sortuz joaten nintzen.
Diskoa grabatu aurretik ere kontzertu asko eta esanguratsuak eman dituzu: Donostiako Jazzaldian, Donostia Festibalean... Hori nolabaiteko presio bilakatu da zuretzat?
Presioa baino gehiago, ardura da. Egia da azken urtean espektatiba bat sortu dela nire inguruan, eta nire izena zabaldu egin dela. Baina egia da, era berean, askok nire izena entzun bai baina nire musika ez dutela ezagutzen. Eta hori ere bada ardura, zeren eta askotan jendea etorri izan da gure kontzertura jakin gabe oso ondo zer ikusi eta entzungo zuen.
Kutxa Kulturren programarako aukeratu zintuzten. Nola eragin du horrek zure bidean?
Disko hau egiteko bidea izan da Kutxa Kulturren laguntza. Musikari denok izaten dugu grabatzeko ametsa, baina, nire kasuan, kantuak idatzita eduki arren, ez nuen ematen haiek grabatzeko pausoa. Kutxa Kulturren laguntzarekin, garbi ikusi nuen zerbait sortu behar nuela, zerbait fisikoa eta benetakoa. Gainera, ni beti bakarlari moduan aritu naiz, eta honek aukera eman dit inguruan talde bat osatzeko eta kantuei beste gorputz bat emateko.
Bakarlaritzat daukazu zeure burua?
Kantautoretzat daukat neure burua, eta bizitza osoa pasatu dut bakarrik jotzen, baina egia da taldeak beste zerbait eman didala. Oso aberasgarria da. Kutxa Kulturreko beka jaso nuenean, Oriol Flores jarri zen harremanetan nirekin, laguntzeko prest, eta berak kontaktuan jarri ninduen Joanes Ederra eta Andoni Garciarekin. Andoni aurretik ezagutzen nuen, eta Joanes nire irakaslea izandakoa zen! Laurok eman genion forma diskoari. Orain, Oriol Katalunian dago, eta Karlos Aranzegi hasi da gurekin jotzen, eta baita Nacho Soto ere, teklatuarekin.
Diskoan badira country-folk doinuak (Hitzetan), bossa nova ahaireak (Mundo al reves), baladak (25. artikulua)...
Betidanik entzun izan dut musika asko, eta uste dut hori diskoan islatzen dela. Argi dut ez diodala mugarik jarriko neure buruari sortzeko orduan, musika dena baita: folka da, sehaska kanta bat da... Jatorrian ere hala ziren kantuak, baina, taldearekin, indartu egin dugu lortu nahi genuen soinu hori.
Viejo refranero kantuak badu garai bateko kantuen aire bat, ezta?
Niretzat berezia da kantu hori. Nire aitita beti aritu da kantuan eta esaera zaharrekin. Beti izan da etxeko saltsa, eta sortu izan ditu esaera ugari. Azken batean, amama eta aititaren historia kontatzen du. Haiek Nafarroako herri txiki batekoak dira, Artatzakoak.
Kantu horren bertsio bat ere azaltzen da diskoan, Euskadiko Orkestrarekin grabatua. Nola sortu da aukera hori?
Beti gustatu izan zait musika orkestratua, eta bereziki Fernando Velazquezen zalea izan naiz. Ez dakit nola, baina joan den udan Fernando nirekin kontaktuan jarri zen, eta galdetu zidan ea prest egongo nintzatekeen nire kantu bat orkestrarako moldatzeko. Nik baiezko borobila eman nion! [barrez] Eta gerora oso harreman polita egin dugu. Orain dela urte batzuk, batuta bat oparitu zidaten nire urtebetetzean, eta etxean Fernando Velazquez imitatzen ibiltzen nintzen! Beraz, pentsa!
Kantu gehienak euskaraz idatzi dituzu, baina badira bi gaztelaniazkoak, tartean Viejo refranero hori. Zerk eskatzen dizu hizkuntza bat edo beste?
Datozen moduan datoz. Hizkuntza bakoitzak dauzka bere berezitasunak, eta bakoitzak ematen dizu zerbait. Viejo refranero-ren kasuan, aitita-amamek erdaraz egiten dute, eta hala atera zen. Baina ez daukat horretarako irizpiderik.
Zerk batzen ditu diskoko kantuak?
Sonoritate ezberdinak nahi nituen. Bossa nova bat, sehaska bat, popa, musika orkestrala... Baina uste dut baduela diskoak logika bat. Ilun eta abar izenburua ere, hasieran, bere sonoritateagatik gustatu zitzaidan, baina, gero, ohartu naiz diskoarekin ere lotzen dela, lehen kantutik azkenera arteko bidea ilunabar baten antzekoa delako, goizean hasi eta gauera arte.
Aurrera begira, zer espero duzu?
Ba, ez dakit! Ni gustura gelditu naiz diskoarekin. Eta ingurukoak ere pozik eta gogotsu ikusten ditut. Espektatiba handirik gabe nago, halere. Datorrena datorrela, aurrera egingo dugu.
Idoia Asurmendi. Musikaria
«Sortzeko orduan ez diot mugarik jartzen neure buruari»
Idoia Asurmendik sare sozialen bitartez eta beste zenbait musikariren bertsioak eginez ezagutarazi zuen bere burua. Orain, lehenengo diskoa argitaratu du: 'Ilun eta abar'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu