Durangoko 56. Azoka. Ana Morales eta Goizalde Landabaso. Itzultzailea eta idazlea

«Sortzailea hari honetan alderik makalena da, maiz zaintzen ez dena»

Lagunak dira Morales eta Landabaso; biak Bilbotik etorri dira Durangora. Morales saltzera etorri zen lehenengoz, eta Landabaso, umea zela. Urte osoan erosten ez dituzten bitxikerien bila etortzen dira gaur egun.

LARA MADINABEITIA / BERRIA.
Andoni Imaz
Durango
2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun

Biek atzo zuten lehen eguna aurtengo azokan. Baita azkena ere. «Maskararekin ez, kaputxa batekin etorri beharko ginateke, ezagunen aurrean erosi beharraren presiorik ez izateko», bota du Ana Moralesek olgetan-benetan (Bilbo, 1969). Irri artean batu da haren planera Goizalde Landabaso (Bilbo, 1970).

Nola heldu zineten Durangoko Azokara lehenengoz?

ANA MORALES: Uste dut euskal filologia ikasten nenbilenean izan zela, lehengo lekuan zegoenean. Saltzera etorri nintzen, Enseiucarrean literatura eta hizkuntza aldizkaria egiten baikenuen. Ez genuen erakusmahairik, Deustuko Unibertsitateak ez zeukalako, eta mahai batekin jarri ginen kalean.

GOIZALDE LANDABASO: Seguruenik ikastolarekin etorriko ginen ikasle egun batean. Gurasoek ere ekartzen gintuzten.

Zerrenda eginda etorri zarete?

LANDABASO: Liburu ia denak izaten ditut, eta gustatzen zait diskoak ikustea; beti dago zerbait diferentea, azokan besterik saltzen ez dena.

MORALES: Ni kuxkuxeatzera etortzen naiz, bereziki ezohiko gauzak aurkitzea espero dezakedan lekuetara: Labayru, Euskaltzaindia... Liburu zaharrak, kasik agortuta daudenak bilatzera.

Baina bat azokari?

LANDABASO: Hotza [barrez]. Euskal kulturarekin harremanik ez duten askorentzat lehen kontaktua izaten da mundu horrekin. Maitasuna bezala da: ez da iazkoa, ezta datorren urtekoa bezalakoa ere.

MORALES: Niri gainez egiten dit batzuetan; gauza gehiegi dago, eta antsietatea sartzen zait. Denda digitala sekulako berrikuntza da.

Zertan egin da aurrera kultur komunitate gisa?

LANDABASO: Zentimetroka, batzuetan milimetroka, baina bagoaz aurrera. Ni arduratuta nago sortzaileekin batez ere. Uste dut hari honetan alderik makalena dela, askotan ahaztu egiten dena eta zaintzen ez dena.

MORALES: Esango nuke sare sozialen bidez euskal komunitateak aurrera egin duela kohesioan. Ingurune erdaldunetan bizi diren askok bigarren familia bat topatu dute. Pertenentzia areagotu da.

Bina ale aurtengo azokatik.

LANDABASO: Nabarmenduko nuke emakume gazte poetek erakusten duten maila: Itziar Ugarte, Lizar Begoña, Leire Vargas... Uste dut hori pozteko arrazoi nagusi eta sakona dela. Bestalde, gauza batek atentzioa eman dit: Kai Nakaik kasete formatuan atera du bere artefaktu musikal berria.

MORALES: Jakinguraz beteta nator. Badakit arretaz begiratuko dudala Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala, eta Harkaitz Canoren Kandelikara-k ere piztu dit jakingura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.