Leiho bat zabaltzea, eta 2.200 sortzailetik gora elkarrekin ikustea, posible da atzoz geroztik. Sarean dago leiho hori, sortzaileak.eus helbidean. Antzerkian, arte plastikoetan, bertsolaritzan, dantzan, ikus-entzunezkoetan, literaturan eta musikan lanean ari diren sortzaileak bildu ditu atari horretan Gotzon Barandiaranek, BERRIA Fundazioaren BERRIA bekaren laguntzarekin. Artista guztiak katalogo bakarrean elkartu, eta horiei ikusgarritasuna emateko asmoz jaio zen egitasmoa, eta atzo aurkeztu zuen Barandiaranek berak, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta kulturaren esparruko hainbat webgunetako ordezkariak alboan zituela, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean. Hainbat sortzaile ere hurbildu ziren ekitaldira.
Lan kolektibotzat jo zuen egileak proiektua, kulturgintzako sortzaile eta eragile askoren iritzi, gogoeta eta kezketatik abiatu zena. Kultura bilgune gisa ulertzeko iritzi partekatutik. Eta, hain zuzen, webgunea bera bilgune gisa definitu zuen Barandiaranek. Euskal kulturaren «ikuspegi oso eta integrala» eman, eta sortzaileen lanak hedatzeko, ikusgarri egiteko eta transmititzeko tresna bat izan nahi duela azaldu zuen. Eta tresna hori, sortzaileentzat ez ezik, kultur ekitaldien antolatzaileentzat, kazetarientzat, hezitzaileentzat eta herritar ororentzat baliagarria eta erreferentziazkoa izatea nahiko lukeela. Unai Iturriagak landu du diseinu grafikoa, eta Josu Landak, berriz, garapen funtzionala.
Gaur-gaurkoz, 2.229 fitxa jasotzen ditu webguneak. Ikus-entzunezkoen atalak (511) biltzen ditu gehien, musikak gero (495), eta ondoren, hurrenez hurren, literaturak (365), arte plastikoek (342), bertsolaritzak (313), antzerkiak (136) eta dantzak (67). Adierazpide batean baino gehiagotan lanean ari diren sortzaileak izanik, atal batean baino gehiagotan ageri da hainbat. Fitxetan zein artista agertuko ziren erabakitzeko, bi irizpide nagusi izan zituen aintzat: bizirik egotea, eta azken hamabost urteotan lanen bat plazaratu izana, hots, gaur egun sorkuntza lanean aritzea.
Eredu gisa, nork bere diziplinan beste hainbat webgunek egindako lana hartu du atari berriak: Armiarma.eus webgunea literaturan, Badok.eus musikan, Bertsozale.eus bertsolaritzan, Dantzan.eus dantzan, Ganbara.eus ikus-entzunezkoetan... Hain zuzen ere, horiek dira atari berriaren informazio iturri nagusiak. Zazpi diziplinatan banatuta ageri dira artistak, eta bakoitzaren fitxan sartzean, argazkia eta oinarrizko hainbat datu ez ezik, webguneetara jotzeko estekak ere ageri dira. Bai aipatutakoetara, baita beste hainbatetara ere zenbait kasutan —musikari zenbaiten webgune propioetara, wikipediara...—. Informazio osatuago baterako bidea erakusten du, hortaz, atariak. Lanik zailena arte plastikoen eta antzerkiaren arloetako katalogoak osatzea izan da Barandiaranentzat, halako datu base erreferentzialik ez zegoelako esparru horietan. Edonola, azaldu zuen helburua ez zela lehendik egina zegoen lan hori guztia bikoiztea, bilgune berean bateratzea baizik.
Bilatzaile bat ere badu atariak. Musikaz beste atal guztietan, norbanako gisa agertuko dira sortzaileak fitxetan. Musikaren alorrean, aldiz, taldeak ere ageri dira, baina musikariak pertsonalki ere identifikatzen ditu webguneak.
Elikatzen jarraitu beharra
Atariak gogoetarako ere balio dezake. Izan ere, bilketa lanak utzitako hainbat datuk zalantzan jar ditzakete azkenaldian zabaldutako zenbait pertzepzio, Barandiaranen ustez. Esaterako, generoari dagokionean. «Literaturan, adibidez, oso uste zabaldua da gaur egun plazara irteten diren gizon eta emakume idazleen kopuruak nahiko parekatuta daudela. Edo bertsolaritzan. Eta ez, ez da horrela». Webgunean bildutako fitxen arabera, gizonezko idazle kopurua %78koa da, eta emakumezkoena %22. Eta diziplina guztietakoak batuta, %30 dira emakumezko sortzaileak. Bestalde, egunerokoan kulturgintzan aritu arren, ezagutzen ez zituen sortzaile ugariren berri izatea ekarri dio bilketa lana egiteak. Atariak, hortaz, artista gehiago ezagutzera eramateko balio izatea nahiko luke.
Atarian ageri diren guztiak dira sortzaile, baina sortzaile diren edo izan diren guztiak ez dira atarian ageri. Asmoa bazuen Barandiaranek, egun aktibo dauden artistak ez ezik, euskal kulturgintzaren historian aritu izan diren guztiak ere jasotzeko. Baina lanean hasi ahala jabetu zen hori egiteko beharrezkoa zela baliabide gehiago izatea. Egin beharreko lana dela deritzo, ordea, eta argi du katalogoa elikatzen jarraitu beharra dagoela. Horretarako, finantzaketa galdegin zuen. «Proiektu honek zerbitzu publiko bat ematen duen neurrian, finantzaketaren parte batek behintzat publikoa izan beharko luke, euskararen lurralde osoko erakundeena».
[youtube]https://youtu.be/NQbzuPEmPeI[/youtube]
Sortzaile guztiak, leiho bakarrean
'Sortzaileak.eus' proiektua aurkeztu dute, zazpi diziplinatan lanean ari diren artisten sareko katalogoa. BERRIA bekaren laguntzarekin landu du proiektua Gotzon Barandiaranek. Bideoa albistearen amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu