Sortzaile gazteentzako aterpea

'Basoan' izeneko erakusketa zabaldu dute Txillida Lekun, sortzaile gazteen artelanez osatuta

Formatu eta euskarri askotako artelanak biltzen ditu Basoan sortzaile gazteen erakusketak. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Hernani
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Basoan izeneko arte erakusketa zabaldu dute Txillida Lekuko Pilar aretoan (Hernani, Gipuzkoa). Zentroko arduradun Nausika Sanchezek azaldu duenez, erakusketa hori «hilabeteetako lanaren emaitzaren bistaratzea» da. Izan ere, Gipuzkoako hainbat sortzaile gaztek sortu eta garatu dute egitasmoa, iazko martxoa eta abendua bitartean.

Orotariko sorkuntza bideak erabiliz sortu dute Basoan, eta Nagore Legarreta argazkilari eta artista ibili da proiektuaren koordinazio lanetan. Argazkilaritza, pintura, erretratua, zizelkaritza eta ikus-entzunezko euskarriak uztartu dituzte, eta «forma eta esanahi oso ezberdinetako obrak» sortu, Sanchezen arabera.

«Zerbait izatekotan, 16 eta 23 urte bitarteko Euskal Herriko gazteen sormen eta batasun gaitasunaren aldarrikapena da», esan du Legarretak, egitasmoaren kudeatzaileak. Kexu da, hain zuzen ere, gazteek pandemia sasoian pairatu behar izan duten «zentzurik gabeko kriminalizazioaz», eta uste du erakusketa horrek artista gazteen «sormen maila altua eta elkar laguntzeko borondatea» islatzen dituela.

Basoan erakusketa sei ataletan ardaztuta dago, haietako bakoitzean jorratu den arte teknikaren arabera banatuak. Zati guztiak iaz egindako esperimentazio prozesu baten emaitza dira; 2021ean, artista lantaldea hilabetean behin elkartu da, bi orduko saioak egiteko. Topaketa bakoitzean, Gipuzkoako hainbat tokitako sortzaileek parada izan dute elkar ezagutzeko eta elkarrekin behar egiteko; horrek «elkarren arteko ehuntzea» sortu du, Sanchezen iritziz.

Ataletako batean, Antonio Tapies artistak erabilitako frottage teknika baliatu dute, eta «beste molde batez eta haien eremura eramanda» plazaratu, Sanchezek azaldu duenez: «Museo inguruko elementu naturaletara jo dugu, testurekin jolastu eta gure frottage artelan propioak sortzeko». Lan horiei, gainera, Legarretak proposatutako hariak eta idazmakinarekin izkiriatutako testu zatiak txertatu dizkiete, beren talde nortasuna agerrarazteko.

Erakusketako beste txoko batean, berriz, Antiego ariketa kolektiboa egin dute. Ariketa hori ontzeko, sortzaileetako bakoitzak bere buruaren erretratua atera du, eta, jarraian, guztiak batu dituzte. Behin aurpegien iruditeria osatuta, «deformazio prozesu bat» egin dute, eta nork bere buruari argazki bat ateratzeak esan nahi duen egoaren «antipodetan» dagoen hiru dimentsioko egitura sortu dute.

Prozesua, emaitzaren ordez

Legarreta «harro eta asebeteta» ageri da ia hamar hilabeteko talde dinamikaz, eta «kolektiboaren indarra eta ilusioa» ditu ahotan. Proiektua, hastapenean, hamabi pertsonako lantaldearekin abiatu zuten, eta apurka-apurka murriztuz joan zen; dena dela, koordinatzaileak adierazi du bai hasieratik amaierara arte iraun duten sortzaileek, bai berak «egundoko kreazio esperientzia» izan dutela.

Ildo horretan, prozesuan jazotako bizipenak kamera digital baten argazkiekin dokumentatu, eta ikus-entzunezko gune batean aurkeztu dituzte. Sanchezen ustez, dokumentazio lan horren xedea zera da, bidean pizten dena erdietsitako emaitza bera baino «askoz esanguratsuagoa» dela erakustea. Halaber, argazkietan toki berezia gorde diote gorputz adierazpenaren alorrari: Myriam Perez Cazabon dantzari eta koreografoa lagun izan dute, adierazpide fisikoak, gorputz mugimenduak eta inprobisazio gidatuak zuzenduz.

Gorputzaren mugimendua, hain zuzen ere, «zutabea» da proiektuan, Sanchezek argitu duenez: «Pandemiaren ondorioz agindutako etxeratzeak, nolabait, gotortze sentimena piztu du pertsona ugarirengan, eta ahaztu egin zaie dagokion garrantzia ematea norberaren gorputzari eta, bereziki, gorputzaren mugimendurako askatasunari».

Mugimenduarekin batera, argia izan da jorratu duten langai nagusietako bat. «Argia berezko nortasuna duen material artistiko gisa landu dugu», azaldu du Legarretak. Izan ere, sortzaileek argiari pasatzen uzten dioten zenbait material bildu dituzte, eta diapositiben leihoak baliatu dituzte, argiarekin jolaste aldera eta hain begi-bistakoak ez diren xehetasunak anplifikatuta erakutsi asmoz.

Argiarekin bistaratutako kontzeptuei dagokienez, Sanchezek nabarmendu du «esperimentazio tailerreko ikasturtean izandako sentsazioak» batu dituztela. Kontzeptuok, besteak beste, jolasa, ilusioa, arnasa, partekatzea eta kooperazioa dira.

Erakusketaren azken obra gisa, Urbasako argazki batean oinarritutako zeramika mural kolektiboa sortu dute, Saioa Aiala zeramikariaren laguntzarekin. Artistek buztin zuri errefraktariozko pieza bana sortu dute, argazkiak iradokitakoak islatuz, hala figuratiboki, nola abstrakziorako bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.