Sortzaile berrien 11 lan labur sari nagusia lortzeko lehian ariko dira ACT jaialdian

Obrak erakusteaz gain, arte eszenikoen inguruan gogoetarako gune bat izan nahi du Bilboko jaialdiak

Ainhoa Sarasola.
2011ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Zortzigarren urtez, mundu osoko artista berrien lanak erakutsiko ditu ACT jaialdiak. Antzerkiaren, dantzaren eta performancearen munduko profesionalen «proposamen freskoak eta ezohikoak» ikusteko aukera izango da antolatzaileen hitzetan, ekainaren 1etik 4ra, Bilbon eta Barakaldon. Sortzaile berrien lan laburren lehiaketa izango da aurten ere atal garrantzitsuenetako bat. 45 egile hasiberrik ondutako 11 lan labur daude ACT Arriaga saria lortzeko lehian. Bilboko Kafe Antzokian erakutsiko dira lanok lehen hiru egunetan, eta Bilborock aretoan larunbatean. Japoniako, Belgikako, Finlandiako, Greziako, Austriako, Erresuma Batuko, Suediako, Herbehereetako, Alemaniako, Portugalgo, Espainiako eta Euskal Herriko egileak bilduko ditu jaialdiak, besteak beste. Sariak banatzeko ekitaldia hilaren 4an egingo dute, Kafe Antzokian.

Lehiaketako lanez gain, hainbat antzezlan erakutsiko dira, Barakaldoko Antzokian guztiak ere. Sex, Death and a Typewritter lana ekarriko du Thopss taldeak Herbehereetatik, eta Hombres, berriz, Malabrigo euskal konpainiak; biak datorren asteazkenean erakutsiko dira. Hurrengo egunean El amor de Don Perlimplín con Belisa en su jardín eskainiko du Espainiako EmE-Teatrok, eta Undergrowth, ostiralean, SEAD-Bodhi Project talde austriarrak. Antzoki berean ikastaroak eta erakusketak ere izango dira.

Guggenheimeko zero espazioak Danzine hartuko du. Bertan, Janine Dijmeijer Amsterdamgo Cinedans jaialdiko zuzendariak bi programa aurkeztuko ditu: hainbat herrialdetako bideo dantzen erakustaldia, batetik, eta artista herbeheretarren bideo dantza sorta baten aukeraketa bat, bestetik.

Esperientzien trukea

Sortzaileen lan berriak erakusteaz gain, arte eszenikoen inguruko gogoeta sustatzea ere badu helburu jaialdiak. Horretarako, International Ensemble Week izeneko nazioarteko eskola antolatu du. Astelehenetik larunbatera, goizean goizetik, Barakaldoko antzokian bilduko dira artistak, arte eszenikoen inguruan eztabaidatu eta esperientziak trukatzeko. Performerra ikuslearen aurrean hartuko dute hizpide nagusi. Europako Batasunaren laguntzarekin eta International Young Makers Exchange programaren babespean antolatu dituzte topaketak.

Ehundik gora profesional bilduko direla baliatuta, TopaketACT gunea sortu dute. Europa osoko antzoki, jaialdi eta egitarau alternatiboetako programatzaileak gonbidatu dituzte, eta haiek artistekin harremanetan jartzeko topaketa egingo dute hilaren 2an, Ambigu tabernan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.