Martxan da Errenterian 44. Musikaste musika jaialdia. Hilaren 28ra arte, hamaika kontzertu daude aurreikusita; estiloari dagokionez, askotarikoak gainera. Musikasteko zuzendaria da Jon Bagues (Errenteria, Gipuzkoa, 1955), eta sortzaile berrien alde egiten duten apustua nabarmendu du.
Ahotsa hautatu duzue Musikasteren 44. ekitaldi honetako giltzarri modura. Zergatik?
Errenteriako Andra Mari abesbatzak sortu zuen Musikaste. Aurten, koruaren sorreraren 50. urteurrena ospatzen dute. Orduan, polita iruditu zaigu abesbatza baten ezaugarri nagusia den ahotsa aurtengo Musikasteren funtsa izatea. Saiatu gara programatutako obren ardatza izatea. Nolabait aurtengo saio guztietan ahotsa protagonista nagusietako bat izango da.
Musika estiloei dagokienez, programatu dituzuen kontzertuak era eta estilo askotakoak dira. Jazzak tarte berezia izango du. Nola dago panorama Euskal Herrian?
Euskal Herrian jazz musika jaialdi oso indartsuak ditugu. Orain dela hamabost urte, Musikene sortu zenean, jazz departamentua ere eratu zuten. Horri esker, musika estiloei dagokienez, ireki egin dira kontserbatorioak; lehen, estilo klasiko eta garaikideari lotuta zeuden lehen. Publikoari erakutsi nahi diogu euskal musikaren hezkuntza sisteman jazza oso garatua dagoela. Esaterako, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kontserbatorioetako Big Band taldeak izan genituen atzo.
Denera, 26 lan estreinatuko dira heldu den larunbatera bitartean. Sorkuntzan ez da krisirik?
Ezetz esango nuke. Adin guztietako musikagileen lanez gozatzeko aukera izango da. Alor horretan, ukaezina da Musikenek egindako ekarpena, urtero musikagile andana ateratzen baita handik. Sortzaile berriei dagokien tokia ematen saiatzen gara jaialdian. Estreinaldiak 26 izango dira. Guretzat, zenbaki handia da; ziurrenik, Musikasteko historian zenbateko handienetakoa da.
Estreinaldietako batean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Andra Mari abesbatza elkarrekin arituko dira.
Hala da. Gabriel Loidiren Balea estreinatuko dute datorren larunbatean. Obra handia da, 30 minutu ingurukoa. Baina gure asmoa ez da euskal musikagileen lanetan bakarrik oinarritzea. Saiatzen gara ahal den neurrian Euskal Herriko musikariak eta zuzendariakgonbidatzen. Esaterako, atzerrian bizi den Unai Urretxo arrasatearrak zuzendukodu Loidiren obra.
Ez Dok Amairu taldeak egindako ekarpena ere gogoraraziko duzue.
Taldeak egindako abesti zenbait ezezagunak dira askorentzat. Hala, hamabi sortzailek beste hainbeste abesti egokitu dituzte abesbatzarako. Ostiralean, Fatima parrokian entzun ahal izango dira.
Jon Bagues. Musikaste jaialdiko zuzendaria
«Sortzaile berriei dagokien tokia ematen saiatzen gara jaialdian»
Jon Bagues jaialdiko zuzendariak azaldu du ahotsa izango dela Musikasteko funtsa. Eta adierazi du Ez Dok Amairu taldeari tarte berezia eskainiko diotela ostiraleko kontzertuaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu