Sortutakoa aberasteko

Agerre Teatroa Argentinako Palabra Mia ipuin kontalarien jaialdian parte hartzen ari da.Gisa horretako festibal inportanteena da Latinoamerikan

Maite Agirre eta Miel Angel Harana, Palabra Mian egindako emanaldietako batean. AGERRE TEATROA.
Igor Susaeta.
2014ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Orain dela hamar urte, ia-ia ezustean hasi ziren Agerre Teatrokoak nazioarteko ekintzetan parte hartzen. «Festibaletan ezagutzen genituen ofizioko kideak, bide batez beste jaialdi batzuetako zuzendariak zirenak, eta gero, ezer esan gabe, haiek antolatutakoetara gonbidatzen gintuzten», azaldu du Maite Agirre konpainiako zuzendariak, 1985ean sortuak. Besteak beste, Italian, Argentinan, Mozambiken, Kuban, Kolonbian, Mexikon eta Perun aurkeztu dituzte lanak, eta Argentinan daude orain, atzera. Palabra Mia Ipuin Kontalarien Nazioarteko Jaialdian ari dira parte hartzen Agerre eta Miel Angel Harana trikitilaria. Gisa horretako festibalen artean inportanteena eta luzeena da Latinoamerikan. «Horrelakoetan arituta, gure helburua antzerki mailan aberastea da».

Hamabosgarren jaialdia da aurtengoa. Joan den abuztuaren 30ean hasi zen, Chacon eta Corrientesen, eta, ibiltaria denez, azaroaren 9an bukatuko da, Punta Arenasen (Txile). Argentinako, Boliviako, Brasilgo, Kubako, Kolonbiako, Txileko, Peruko, Espainiako eta Euskal Herriko ipuin kontalariak ari dira parte hartzen. Agerre Teatrokoak jaialdia ireki zuten hirietan hasi ziren beren proposamena eskaintzen, eta orain Misionesen daude. Azkeneko emanaldiak hilaren 17 eta 21 artean egingo dituzte, Argentinako hiriburuan, Buenos Airesen.

«Aurkezten ari gara, alde batetik, Euskal Herriko elezaharrak, kopla zaharrak eta musika. Etsai programa deitzen diogu guk honi. Bestetik, nire kontakizunak ere antzezten ditugu», dio Agirrek. Euskarazko lanak dira; hala ahoratzen dituzte, baina atoan gaztelerara itzuliz. «Gure Zelestina antzezteko ere eskatu digute». Trikitiarekin lagunduta gauzatzen dute.

Palabra Mian parte hartzen duten ipuin kontalariek idiosinkrasia pertsonala azaleratzen dute. Beste horiekin alderatuta zerk bereizten dituen azaltzean, Agirrek argi dauka: «Guk euskaraz egiten dugu». Ipuin bat kontatzeak hamaika helburu eduki ditzake, baina, dioenez, denek transmititzen dute ideologia, fede bat... «Niri, zehazki, asko gustatzen zait erakustea historia nola mugitzen den kultura diferenteetan, eta zer-nolako borrokak izaten diren kulturen artean bata bestearen gainean jartzeko, eta hura baliogabetzeko edo deabrutzeko».

Agerre Teatroak Euskal Herriko elezaharrak errekuperatu ditu bere emanaldietarako. «Horiek aztertu eta zein osagai dauzkaten ikusi dugu, zer kontatzen duten... Hori dena musika eta kantuarekin batera espresio bihurtuz, garai artistiko bat eta informazio garrantzitsua igortzen dituzu». Hainbat gaiz baliatzen dira horretarako: «Ofizio jakin batzuez, sexuaz, maitasunaz, gerraz...».

Itsasoari loturikoa

Andere Juana eta argonautak da Agerreren obra berria —Izertia Itsas Antzertiola gisa aurkezten dute—. Itsasoan edo itsasadar batean hasten da lana, eta, lehorreratu ondoren, kalejiran joaten dira antzezpen tokiraino. Lekeition (Bizkaia), Zumaian eta Pasaian (Gipuzkoa) emana dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.