Musika

Sortu zenetik ehun urte pasatxo igaro diren honetan, disko bilakatu dute Guridiren 'Mirentxu' euskara hutsezko opera

Euskal operak berreskuratzeko Bilboko Koral Elkartearen proiektuaren hirugarren alea da album hori. Bilboko orkestrarekin batera grabatu dute, eta haren balioa eta kalitatea nabarmendu dituzte parte hartzaileek.

'Mirentxu' operaren diskoaren aurkezpena, Bilboko Koral Elkartearen egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
'Mirentxu' operaren diskoaren aurkezpena, Bilboko Koral Elkartearen egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko abenduaren 11
17:01
Entzun

Datu gordina eman du lehenik: «Lehenengoko aldiz, Jesus Guridiren Mirentxu grabatu egin da». Eta datu biluz horren garrantzia azaldu du jarraian: «Euskal musikarentzako egun historikoa da hau». Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko zuzendari nagusiak gogora ekarri duenez, 1910ean sortu zuen euskara hutsezko opera hura Guridik, artean 24 urte baino ez zituela. Alfredo Etxabe Bilboko Koral Elkarteko orduko lehendakariak egin zion enkargua, eta hark idatzi zion operarako libretoa ere. Hori oinarri hartu, euskal folklorearen ondarea baliatu, eta euskal opera koska bat gorago jaso nahi izan zuen konpositoreak, eta Parisen eta Alemanian egindako egonaldietan ikasi zuen guztia bildu obra hartan. Garai hartan bogan ziren veristekin lerratu zen horretarako, eta esperimentazio grinak gida zezala ere utzi zuen tarteka. Orduko euskal musikagintzaren gailurtzat daukate lan hori adituek, horregatik guztiagatik, baina sekula ez zen grabatu. Orain arte.

Bilboko Koral Elkarteak 2021ean abiarazi zuen euskal operari eskainitako proiektua. Charles Colin konpositoreak eta Etienne Decrept idazleak sortutako euskarazko Maitena opera berreskuratu eta grabatzea izan zen lehen urratsa. Santos Intxausti konpositoreak sortutako Lide ta Ixidor umeentzako ipuin lirikoa berreskuratu zuten gero, hurrengo urtean, eta Mirentxu izan da hirugarren erreskatea. Oraingoan ere, aurrekoetan bezala, Ibs Classical zigiluarekin eman dute argitara. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa ez ezik, Petronor enpresarena ere izan dute horretarako.

Iaz grabatu zuten opera. Koral elkarteko helduen eta haurren koruek ez ezik, Bilboko Orkestra Sinfonikoak ere parte hartu zuen, eta Unai Urretxok zuzendu zituen saioak. Vanessa Goikoetxea sopranoak jarri zion ahotsa Mirentxuri, Carmen Artaza mezzosopranoak Preseni, Gillen Mungia aritu zen Raimundoren rolean, Damian del Castillo izan zen Txanton, eta Julen Garcia baritonoak kantatu zuen Manuren ahotsean.

'Amaya'-ren itzalpean

«Ulertezina da hau ez grabatu izana orain arte». Enrique Azurza Bilboko Koral Elkarteko zuzendariaren hitzetan, lehen-lehen mailako lana da Guridirena. Eta izan zuen harrera beroa aipatu du horren frogatzat. Gogorarazi duenez, guztira hamabost emanaldi egin baitzituen Bilboko Arriaga antzokian, eta Iruñean, Bartzelonan eta Madrilen ere eman baitzuten. Edonola ere, zehaztu duenez, Guridik berak sortutako Amaya operak eta haren zarzuelek ere itzal egin zioten gero haren lehen lanari.

«Ulertezina da Guridiren lan hau ez grabatu izana orain arte»

ENRIQUE AZURZABilboko Koral Elkarteko zuzendaria

Lana 1910ean sortu zuen arren, 1947an berrikusi egin zuen, eta gaztetan idatzitako hainbat pasarte berridazteko eta argitzeko baliatu zuen aukera konpositoreak. Hain zuzen, Bilboko Koral Elkarteak moldaketa hori bildu du diskoan. Jesus Maria Arozamenak egokitutako gaztelaniazko libretoa ere badakar lanak, bai eta Ramon Lazkano konpositoreak egindako berrikuspen kritikoa ere.

(ID_14506573) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2024-12-11, Bilbo. Mirentxu operaren diskoaren aurkezpena, Bilboko Koral elkarteak argitaratu...
Jesus Guridiren operaren partituraren 1910eko argitalpena. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aurkezpenean, Vanessa Goikoetxea sopranoak gogoan izan du Guridirekin duen harreman berezia. «Proposamena jaso nuenean, berehala esan nuen baietz. Guridirekin harreman berezia izan dut beti; hain zuzen, Goizeko eguzki argiak izan zen Madrilen kantua ikasteko aurkeztu nituen lanetako bat». Hala, hunkituta azaldu da Mirentxu operako protagonista izateko aukera izan duelako. «Bizitzak egindako opari handienetako bat izan da».

Mirentxu taularatzeko emanaldietan ezagutu zuten elkar Guridik eta Julia Ispizua koruko abeslariak. Gerora senar-emazte izango ziren, eta hainbat seme-alaba izango zituzten elkarrekin. Eta, hain zuzen, guztietan txikiena zena ere egon da diskoaren aurkezpenean: Julia Guridi. Gogoratu duenez, gazte zela operaren hainbat emanalditan aritu zen koruan kantuan, eta, bizialdi oso baten ostean, iazko operaren grabazioan ere izan zen bisitan. «1700. urtearen ingurutik gure familian beti izan dira musikariak». Horren frogatzat, gogora ekarri du Guridi ez ezik Nicolas Ledesma musikaria ere senidea duela —aitaren birraitona, hain zuzen—. «Izeba bat ere bagenuen oso musikari ona, Parisen ikasteko beka bat jaso zuena, baina orduan emakumeek ez zuten lekurik batere. Gizonak izaten ziren».

Zubiaurreren lanak

Diskoa kaleratzeak euskarari egiten dion ekarpena nabarmendu du Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak. «Opera euskaraz ere egiten zen duela ehun urte baino gehiago, eta horrek erakusten du euskara munduko beste hizkuntza batzuekin ere bizi zela eta bizi dela oraindik ere». Horrez gainera, Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak ere hartu du hitza aurkezpenean, eta halako ondarea denen eskura jartzearen garrantzia aipatu.

Aurrerantzean ere euskal operak berreskuratzeko asmoa du Bilboko Koral Elkarteak, eta, iragarri dutenez, Valentin Maria Zubiaurreren lanekin ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.