Zinema. Estreinaldiak

Sorterrira sustraien bila

Bosniara bueltatu da Danis Tanovic zuzendaria 'Cirkus Columbia' filmean, gerra lehertu aurreko egunetara'No Man's Land' lehen lanaren arrakastatik urrun geratu dira tartean egin dituenak

Mira Furlan aktorea, Danis Tanovicen Cirkus Columbia filmean. Z / BERRIA.
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Sarritan, historiaz ikasteko ez dago ezer argigarriagorik film bat ikustea baino. Jugoslaviako gerraz jakin nahi izanez gero, ziurrenik, Emir Kusturicarengana joko genuke lehen bulkadan. Sarajevon jaioa, familia musulman batean, bere burua serbiartzat adierazi du publikoki, eta erilijio kristau ortodoxora aldatu. Underground filmarekin (1995) hautsak harrotu zituen; serbiaren aldeko propagandatzat kritikatua izan zen filma, eta, ondorioz, zinema utziko zuela ere adierazi zuen Kusturicak. Hala ere, ez zuen bete mehatxua, eta Jugoslavia ohiaren zatiketari buruzko film interesgarrienetako batzuk egin ditu gerora, Kad je zivot bio cudo (Bizitza miraria da, 2004), adibidez.

Hemen Goran Paskaljevic ere ezaguna da. Belgraden jaio zen, eta Donostiako Zinemaldian sarritan izan da; iaz epaimahaiburu izan zen. Hain zuzen ere, epaimahaiaren sari berezia irabazi zuen Zinemaldian, bosniarren eta serbiarren arteko liskarrak oinarri hartuta egindako San zimske noci (Neguko gau baten ametsa, 2004) filmarekin. Hala ere, Kusturicaren aldean epelagoa izan da Paskaljevic Balkanetako gerrarekin, eta nahiago izan ditu beste gai batzuk landu, immigrazioarena kasu.

2001ean, baina, Danis Tanovicek No Man's Land aurkeztu zuen. Donostian publikoaren saria irabazi zuen, Cannesen gidoirik onenarena, Urrezko Globoetan sari nagusia eta Oscarretan ingelesez besteko filmik onenarena. Urteko filmetako bat izan zen zalantzarik gabe. Soldadu bosniar bat eta serbiar bat, jaberik gabeko lurretan harrapatuta, kasko urdinetako sarjentu batek goi kargudunei entzungor egin eta bietako zeini lagunduko zain. Komedia ezin beltzagoa, komunikabideek gatazka hartan jokatutako rola kritikatzen duena. Etorkizunik oparoena zuen Europako zuzendari gaztetzat jo zuten Tanovic.

Baina, askotan gertatu ohi denez, hurrengo lanetan ez zuen mailari eusterik lortu. Frantzian, Krzysztof Kieslowskiren istorio batean oinarrituta, L'enfer (Infernua, 2005) errodatu zuen. Maisu poloniarraren pultsu poetikoa, sinbolismoa bilatu nahi izan zuen familia harremanak gai dituen filmean, eta ur sakonegietan sartu zen. 2009an, gerra erretratatzen hasi zen berriro, Irlanda, Espainia eta Frantziako kapitalarekin ekoitzitako Triage filmean. Collin Farrell izarra izan arren, Kurdistanen lanean ari den gerra argazkilariaren istorioak ere ez zuen Tanovicek bere opera prima-n erakutsitako balentriarik erdietsi.

Lur ezagunean

Orain, sorterrira bueltatu da bosniarra. Ondo baino hobeto ezagutzen ditu hango lurrak eta jendea, hango alaitasun eta miseriak. Eta Jugoslaviako gerraren inguruko ikasgaian sakontzera dator. Cirkus Columbia 1991n kokatzen da, gerra hasi aurreko egunetan. Urte luzean Alemanian izan ostean, jaioterrira bueltatuko da Divko, Mercedes handi batean, poltsikoak txanponez beteta eta neska gazte erakargarri baten eskutik. Herrialdea zatitzear dagoela, abandonatuta utzi zituen emaztearekin eta semearekin topo egingo du. Lehenengoa alde batera utzi nahiko du, baina bigarrena berreskuratu.

Traizioak, kulpak eta barkamenak osatutako hirukia oinarri hartuta, eszenaratze soileko filma dakar Tanovicek, gidoian indarrak batu eta pertsonaien garapena lehertzear den gerraren isla bezala erakutsiz. Protagonistaren rola Miki Manojlovicek jokatzen du, hain zuzen ere, Kusturicarekin eta Paskaljevicekin sarritan lan egin duen aktoreak. Donostiako Zinemaldian iaz aurkeztu zuten filma, Zabaltegi Perlak sailean.

'CIRKUS COLUMBIA'.

Zuzendaria: Danis Tanovic.

Aktoreak: Miki Manojlovic, Mira Furlan, Jelena Stupljanin, Boris Ler, Mario Knezovic.

Herrialdea: Bosnia eta Herzegovina.

Iraupena: 113 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.