Sortalderantz, belak zabalik

Munduari eman zioten lehen itzulia fikzio eginda, 'Elkano, lehen mundu bira' abenturazko filma sortu du Dibulitoon estudioak. Gaur egingo dute aurrestreinaldia, Donostian

Jone Landaluze ekoizpen zuzendaria, Alonso zuzendaria, Ramon ekoizlea, Beristain konpositorea eta Vitoria gidoilaria, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Marinel ausarta da Elkano gaztea, parean jartzen zaion edozein trabari abilezia ikusgarriarekin aurre egiten dion itsasgizon kaskarina. Kapitain izateko ametsarekin, eta Espainiako koroarekin pilatutako zorrari izkin egin nahian, Magallaes nabigatzailearen aginduetara itsasoratuko da bi aldiz pentsatu gabe, Moluketako espezia bila. Aurrez nabigatu gabeko bide berri bat hartuko du espedizioak, beti norabide berean egin eta, direnak eta ez direnak igaro ostean, abiapuntura iristeko bueltan. Hiru urteko bidaia 80 minutuko animaziozko filmera ekarri dute Angel Alonso zuzendariak eta Dibulitoon estudioak: Elkano, lehen mundu bira.

Juan Sebastian Elkano itsasgizonak (Getaria, Gipuzkoa, 1476 - Ozeano Barea, 1526) 40 urte beteak zituen Fernando Magallaesen eskifaiara elkartu zenerako, baina bidaiak berak heldutzen duen gazte karismatiko bat sortu dute filmean, «fikzioaren lizentziak» baliatuta. Munduari emandako lehen itzuliaren bosgarren mendeurrenaren atarian aurkeztu dute filma: gaur izango da aurrestreinaldia, 19:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Datorren ostiralean estreinatuko dute zinema aretoetan.

Askotariko pertsonaiak elkartuko ditu bidaiak: traizioa, heriotza, beldurra eta maitemina ezagutuko dituzte itsasoan. Sevillan (Espainia) itsasoratu, eta portu berera itzuliko dira hiru urte geroago, Lurra inguratuta. «Haiek baino dezente denbora gehiago behar izan dugu guk munduari bira emateko», esan zuen Ricardo Ramon ekoizleak atzo, filmaren aurkezpenean. Duela hogei urte baino gehiago heldu zioten lehen mundu bira kontatzearen ideiari, Jose Antonio Vitoria gidoilariarekin batera.

«Oso prozesu luzea izan da, baina filmaren funtsa ez da hainbeste aldatu», esan zuen Vitoriak. Hogei urtean, beste gauza batzuk aldatu dira, ordea: «Orduan, eskuz egin beharko genukeen filma, baina urte batzuk igaro dira, eta teknologia berria gure esku ere badago egun», Angel Alonso zuzendariaren hitzetan.

Dibulitoon estudioko kideek ez dute amore eman hogei urtean, argi zutelako istorioak merezi zuela abenturazko pelikula bat. «Istorioa oso handia da, eta izugarrizko ahalegina eskatu digu», esan zuen Alonsok. «Istorioak eman lezakeenaren neurriko film bat egiteko, Hollywoodeko erara egin beharko litzateke, 100 milioirekin». Horregatik, oreka bilatu behar izan dute eskura izan dituzten baliabideekin konta zezaketenaren eta abenturak eskatzen zien ikusgarritasunaren artean.

Vitoria gidoilaria hasieratik aritu da proiektuan lanean, eta, azkenean, Garbiñe Losadarekin batera osatu du filmaren gidoia. Fikzioa baliatu dute historiako elementuak nahieran moldatzeko, ez Elkanoren pertsonaiari beste garapen bat emateko soilik, baita istorioaren zatirik «gatazkatsuenak» saihesteko ere: lepo mozteak, hilketak... «Familiako» film batentzat ez dira elementurik «egokienak». Dena den, dokumentazio lan handia egin behar izan dute: gidoia idaztean lehenengo, eta hura grafikoki lantzean ondoren. Jantziak, itsasontziak zein paisaiak sortu dituzte, garaiko testu, grabatu eta koadroetako informazioarekin.

Puzzlea osatzen

Alonsorentzat, animaziozko film bat osatzea puzzle bat osatzea bezala da: irudi errealeko filmetan ez bezala, elementu bakoitza «bere aldetik» doalako, eta guztiak elkartu behar direlako, «naturaltasunarekin». Musikaren garrantzia azpimarratu zuen, horrek ematen diolako «osotasuna» pelikulari.

Joseba Beristainek sortu du Elkano, lehen mundu bira filmaren soinu banda, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Donostiako Orfeoiak interpretatu dute, Fernando Velazquez eta Jose Antonio Sainz Alfaroren gidaritzapean, hurrenez hurren. Gainera, Enrike Solinis antzinako musikan adituaren Euskal Barrokensemble taldeak ere parte hartu du, kantu batzuk filmerako egokituz.

Filmaren amaierarako, jatorrizko kantu bat sortu du Donostiako La Oreja de Van Gogh pop taldeak: Haizeaz fidatu. Bertsio bana egin dute euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Datorren ostiralean estreinatuko dute filma Euskal Herriko zenbait aretotan, baita Espainian ere. Denera, ehun zinema areto baino gehiagotan emango da filma. Nazioartean ere aurkeztu dute, Berlingo eta Cannesko zinemaldietan, eta zenbait herrialdetan saldu dute dagoeneko.

Dibulitoon estudioarentzat, «jauzia» izan da filma: ekoizpenari dagokionez, orain arte haurrentzako pelikuletan aritu dira batez ere, eta adin tarte zabalago batengana iristeko asmoa izan dute oraingoan. Jauzirik handiena, dena den, animazioan bertan eman dute: «Lehen, saiatzen ginen urik ez erabiltzen, pertsonaia gutxi egiten eta oihalik ez izaten; orain, kontrakoa egin dugu», esan zuen Alonsok.

Abuztuan beteko ditu 500 urte filmean kontatzen den espedizioak, eta laster hasiko dira urteurrena ospatzen. Mundubira 500: Elkano Fundazioa sortu dute horretarako, eta hark babesa eman dio pelikulari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.