Kritika. LIteratura

Sorrera eta akabera

Oihane Jaka / 'Itsaso amniotikoa'
Oihane Jaka / 'Itsaso amniotikoa'
2024ko irailaren 22a
05:10
Entzun

'ITSASO AMNIOTIKOA'

Egilea: Oihane Jaka.

Argitaletxea: Elkar.

Itsaso amniotikoa da Oihane Jakaren lehenbiziko liburua, Karmele Igartua bekaren bitartez argitaratua. Paratestuari erreparatuta, izenburuak zein azaleko marrazkiak, biek dakarte poema liburuan giltzarri den figura, hots, itsasoa; halaber, amniotiko hitzak eta marrazkiko orbainak ere gaztigatzen digute amatasuna, haurdunaldia eta erditzea izango direla beste gai giltzarrietako batzuk. Horiek, ordea, narratibitate handiko lanean txertatzen dira.

Izan ere, liburua ez da sinboloetan bereziki oparoa, autoreak ez baitu iruditeria ikusgarririk eta baliabide poetiko sorta ikaragarri aberatsik sortzen. Ez da, halaber, irudi leherketa etengabea, ezta harilkatu gabeko txatalen bilduma ere. Aitzitik, aski narratiboa da eta bilakaera eta garapen argia erakusten du, 11 zenbakiaren inguruan ainguratutako hiru ataletan; urteak, hilabeteak eta egunak adieraziko ditu, hurrenez hurren. Kutsu lirikoena duten poemak ere, aliteraziora jotzen duten lerro labur eta hitzen tartekatzearekin, lerro-narratibo baten barruan koka genitzake, gehienek gertaera zehatzak jasotzen dituztelako. Horiez gain, testu laburren erara daude idatzita beste batzuk, horiek bai guztiz narratiboak. 

Galera batek eta jaiotza batek mugarritzen dute liburua. Toki gehiago hartzen du aitaren galerak lehenengo atalean, baina bizitza berri baten sorrera ere agertuko da laster. Akaberaren eta sorreraren arteko norgehiagoka ni poetikoaren barnean, horixe izango da poema askoren oinarria. Poetak nagusiki itsasotik eratorritako sinboloen bidez arituko da bien uztarketan, hau da, galeraren minak eta sorreraren esperantzak sortzen dizkioten sentimenduez. Lehenengo poemako nerabearen irudian jadanik itsasoa azaltzen da bizitzaren eroale gisa, ekarri eta eramaten duen magal handiaren moduan. Itsasoaren anbibalentzia hori da bizitza berarena, hasiera eta bukaera txanpon beraren bi aldeak direnez. Harekiko elkarrizketa intimoan poetak ezin du itsasoa gorrotatu, bihotzik ez baitu. 

Itsasoarekin batera, badira liburuan garrantzi handia duten bi elementu, biak ere denboraren igarotzearekin lotuak: urtemugak eta zuhaitzaren uztaiak. Itsasoak, nire irudiko, bizitzaren sortzaile eta eroaletzat funtzionatzen du neurtzaile moduan bainoago, bizitzaren beraren substantziatzat, alegia. Urtemugek eta uztaiek modu argiagoan seinalatzen dute denbora, iragana, oraina eta etorkizuna elkartuz, azkenengo poeman adierazi legez. Hori dela eta, orbaina ere bizitasun handiagoz agertzen dute, zauria izan badagoela gogorarazten. Horiek ez ezik, poetak gorputzaren beraren arrastoak ere aipatzen ditu eta jaiotza batek utzitako orbainak behinolako zauri ikusezina azaleratzeko erabili. Hain zuzen, sinboloen —itsasoa, uztaiak, bizkotxoa, kandelak— eta gorputzeko zauri eta minen arteko elkarrekintza horri deritzot liburuko ildo interesgarrietako bat. Poema kamutsen bat gorabehera, Oihane Jakak asmatzen du modu argi, zintzo eta apalean bizitzaren akaberak eta sorrerak uzten dituzten markei hitzak jartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.