Sormenik intimo eta ilunena

Kukai dantza taldeak 'Gauekoak' ikuskizuna osatu du, eta sormen prozesuei buruzko gogoeta egin du. Jon Maia dantzari moduan itzuliko da oholtzara, Xabi Bandinirekin eta Arkaitz Minerrekin batera

Jon Maia dantzaria, Gauekoak ikuskizunaren entsegu batean, Errenterian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Nagore Arin.
Errenteria
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Oholtzara igo gabe igaro ditu azken urteak, ezkutuan; orain, baina, berriz ere izango da agertokian Jon Maia dantzaria (Errenteria, Gipuzkoa, 1977): Gauekoak izena du koreografoaren proiektu berriak. Kukai dantza taldeko zuzendaria da Maia, eta, hain justu, zuzendari lanetan ibili da azken urteotan: «Azken produkzioetan ez naiz dantzari aritu, zuzendaritzan eta abarretan egon naizelako. Iristen da momentu bat non ohartzen zaren gero eta dantza gutxiago egiten duzula, eta planteatzen duzu irits daitekeela momentu bat non ez duzun dantza gehiago egingo». Gogoeta horien jiran, galdera andana egin zionMaiak bere buruari: «Horrela utziko dut? Ez? Egingo banu, zer egin beharko genuke?».

Mireia Gabilondorekin hitz egin zuen orduan, eta proiektuari forma ematen hasi ziren. «Asko animatu ninduen», adierazi du Maiak. Gabilondoren iritzia jasota, bidea marrazteari ekin zion: «Iruditu zitzaidan polita izan zitekeela aurretiaz harremana izan dudan hainbat sortzailerekin eta koreograforekin lan egitea, harremana sakontzeko, baina, kasu honetan, dantzari gisa». Horrela batu ziren proiektura Xabi Bandini abeslaria eta Arkaitz Miner musikaria. Maiak dioenez, «konbinazio polita» osatu dute hiru interpreteek, dantza, kantua eta musika gurutzatzen diren ikuskizuna gorpuztuta. Igande honetan egingo dute lehen aldiz emanaldia, Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean (Gipuzkoa).

Adierazpide hiru izan arren, badute ezaugarri komun bat hiru sortzaileek: sortzaile izan eta sormen prozesuak ezagutzea. Hain justu, horri buruz hitz egiten du emanaldiak: sormenari buruz. Gauaren testuinguruan landu du Maiak sormenaren gaia, «gaua, beti bere misterio, bakardade, isiltasun... horretatik abiatuta». Hala, gauak eta sormenak batzen ditu hiru interpreteak, baina hiru izanik ere, «bakoitzak bere barne prozesu propioa bizi du, baina baita hirurok batzen gaituena ere». Galdera ugari biltzen du emanaldiak: «Zer zaren, nola den, zergatik, zein den zure jatorrizko dantza... Naturalizatzera jo dugu», azaldu du Maiak, «egiara, esentziara». Bakarrik egiten du dantza, eta aitortu du iraganeko sentsazio asko berritu dituela: «Sarritan tokatu zait bakarrik entseatzera etortzea, eta horrek duela hogei urte txapelketetan aritzen nintzeneko garaiak gogorarazi dizkit, baita Kukairen lehen urteetan guztia prestatzera etortzen nintzeneko uneak ere: etorri, estudioan bakarrik egon, ispiluaren aurrean jarri... Berriz ere berreskuratu dut hori».

Orain arteko «intimoena»

Intimoena. Horrela definitu du Maiak Gauekoak. «Kukairen lanak nagusiki beti izan dira oso konpainiako lanak: zazpi dantzari, kantari bat, eta ez dakit zenbat musikari. Orain bizirik ditugun proiektu horiek, Oskara eta Erritu, hain zuzen, konpainia indartsu bat eskatzen duten emanaldiak dira, eta, kasu honetan, geruza pila bat jaitsi eta bakarrik dantza egitera igaro gara».

Bere burua berriz topatzeko ere balio izan dio berriz ere oholtzara igo eta dantza egiteak. Gabilondo da ikuskizunaren eszena zuzendari, eta hark ere lagundu dio konexio hori lortzen: «Mireiak ariketa polit bat proposatu zidan. Esan zidan zerrenda bat idazteko, niri gertaturiko gauzez osatutako zerrenda bat. Lehen aldiz dantza egitera joan nintzen eguna oroitu dut, lehen emanaldia... hunkitu egiten naiz gogoratze hutsarekin. Ariketa polita izan da, oroitzapen asko paperera iraultzeko balio izan didalako eta oholtzan ere presente izan ditudalako».

Cesc Gelabert, Sharon Fridman eta Israel Galvan koreografoekin elkarlanean osatu ditu dantzak. Maiaren arabera, «euren artean oso desberdinak dira piezak», baina harremana dute: «Jatorri batetik norabide baterantz». Esan duenez, dantzari bakoitzak «berezko» duen hori edo ikasi duen hori jaso, mantendu, eta, aldi berean, besteenarekin elikatzeko eta konpartitzeko gogoz landu ditu koreografiak: «Ispilu bat izan dira niretzat, eta haien bitartez begiratu diot nire ispiluari». Hala, emanaldiak bidaia bat proposatzen du, bidaia maldatsu eta gorabeheratsu bat: «Egoera ugarietatik pasatzen naiz; une eroak, kontzentrazioz beteriko momentuak, amets bat ematen duten horiek, folk uneak...».

Pixkanaka-pixkanaka egin dute prozesua, eta, orain, lehen emanaldia egiteko garaia iritsi zaie. Igandean izango da, eta, Maiak dioenez, «urduritasuna baino gehiago, jakin-mina» sentitzen du. Hondarribiko emanaldiaren ostean, Bilboko Arriaga Antzokira joango dira, eta jarraian etorriko dira beste hamaika ikuskizun: Hernanin, Sopelan, Donostian, Errenterian, Basaurin, Arrasaten, Gasteizen, Zarautzen, Elorrion, Barakaldon eta Altsasun izango dira, datorren urteko martxoaren 21era artean. «Gerorako ere ikusten da interesa dagoela. Lehenik, hau egingo dugu, baina inportantea zen bira hastapen bat izatea eta burua horretan jartzea. Denbora eduki nahi dugu pentsatzeko, nola joan den eta nola sentitzen garen ikusteko, baloratzeko eta etorkizunari begira jartzeko», azaldu du. Ibilbide luzea opa dio lanari: «Iruditzen zait badela emateko moduko lan bat, gustura egin litekeena eta bere bidea izan dezakeena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.