Zurian beltz jarri dute jakina zena: «prekaritateak» bizi ditu euskaraz eta euskaratik kultura egiten duten sortzaileak. Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak egin du ohartarazpena, sektorean ondutako inkesta zabalaren datuak argitara emanez —254 lagunek erantzun zioten galdetegiari—. Eta datuek bistan uzten dute artistek egun duten errealitateak gehiago duela ilunetik argitik baino. Horra datu esanguratsu bat: inkestari erantzun zioten artisten %40k beren jarduera artistikoa eta jarduera horren ondoriozko lanak dituzte irabazi iturri bakar edo nagusi, eta erdiei beren diru sarreren erdiak edo gutxiago datozkie jarduera artistikotik eta jardueron ondorioz sortutako lanetatik. Eta beste bat: hizkuntza hautuari begira, euskaraz soilik sortu zuten artisten irabazi garbia, batez beste, 4.717 euro izan ziren iaz; euskaraz eta erdaraz sortu zutenen irabazi garbia, berriz, 9.672 euro batez beste.
Euskara lan tresna duten diziplina ezberdinetako lau sortzaile hizketan jarri ditu BERRIAk: Josune Velez de Mendizabal aktorea, Patxi Zubizarreta idazlea, Areta Senosiain musikaria eta Beñat Gaztelumendi bertsolaria. Euskal sortzaileen egonkortasunik eza, ordainsari apalak eta babes eskasa hartu dituzte ahotan.
«Aurrekonturik ez dagoela da jasotzen dugun erantzunik ohikoena»
«Esan izan digute gazte eta helduentzat euskaraz aritzeak ez duela publikorik erakartzen. Aitzakia horrek sutan jartzen nau». Aktorea da Josune Velez de Mendizabal (Gasteiz, 1977) —gaur egun, besteak beste, Les Bobe Bobe antzerki konpainian aritzen da, Ane Gebara eta Jason Guerrarekin—, eta ondotxo daki antzerkigintza, euskarazko antzerkigintza batez ere, ziurtasunik batere gabeko ogibidea dela, oztopoz betea eta prekaritateak erabat baldintzatua. Konpainiak euskara hutsezko lanak sortzen ditu, eta maiz ikusi du nola programatzaileek hizkuntza «aitzakia» moduan jartzen duten antzezlanak ez kontratatzeko. «Gaztelaniaz egingo bagenu kontratatuko gintuzten? Saio gehiago egingo genituzke?», bota du galdera, amorruz.
Kazetari lanak albo batera utzi, eta 2014an ekin zion bideari arte eszenikoetan, ordura arte afizio zena ofizio bilakatuta. Kazetaritzatik antzerkirako jauzia «luze» pentsatu ondotik egin zuen, «oso modu kontzientean», jakinik ordura arteko bizimodua errotik aldatuko zitzaiola, eta ez zuela izango ez ordutegi finkorik, ezta hilabete amaierarako nominarik ere. Eta ez zebilen oker. Ofizioan daramatzan hamar urteak aski izan zaizkio jabetzeko zein nekeza den arte eszenikoetatik bizitzea, duin bizitzea.
Sormena eta antzerkia ogibide hautatu izanaz ez du damurik —«pozik» dagoela dio—, baina bizirauteko kasik ez diola ematen aitortu du. Eta Lanarteak argitara eman duen inkestak balio izan dio bizi duen «prekaritateaz» aurretik zuen kontzientzia hori are handiagoa izateko, esan duenez.
Ziurgabetasunak erabat baldintzen dio egunerokoa. «Buruhauste dezente eragiten dizkit», segurtatu du. Urtarrilean diru sarrerarik ez zuela izango aspaldi zekien, eta maiatz arte ez du izango beste jarduera batzuetatik sos apur batzuk lortzeko parada. «Ohitu behar duzu diru aurrezkietatik bizitzera, noizbait deituko dizuten esperoan. Baina ez badizute deitzen, zer? Horrek antsietatea eragiten dit, hilero fakturak ordaindu behar ditut eta».
«Askotan, ekoizpen bat sortzeko prozesuan buru-belarri sartzen naiz jakin gabe gero modurik izango ote dudan obra oholtzaratzeko»
JOSUNE VELEZ DE MENDIZABALAktorea
Ziurgabetasuna «ziklikoa» dela azaldu du, eta bere «lasaitasuna», nolabait esatearren, instituzio askoren erabakien menpe dagoela. Otsailetik maiatzera izaten ditu buruhauste handienak, erakundeek diru laguntzen deialdiak orduan ateratzen baitituzte, eta urte amaieran, berriz, lan gehiena pilatzen zaio. Baina bi garai horietan ziurgabetasun erabatekoa du, eta instituzioen tempusari egokitu behar horrek ezinegon handia eragiten dio: «Askotan, ekoizpen bat sortzeko prozesuan buru-belarri sartzen naiz jakin gabe gero modurik izango ote dudan obra oholtzaratzeko». Instituzio publikoekiko menpekotasun hori mingarri zaio: «Obra saltzen hasten garenean, aurrekonturik ez dagoela da jasotzen dugun erantzunik ohikoena. Edo telefonoaz bestaldeko programatzaile eta teknikari kulturalek askotan esaten digute programazioa itxia dutela, eta deitzeko aurrerago».
Sortzaileen lanari eta kulturari oro har ez zaiola behar besteko balioa ematen iritzi dio Velez de Mendizabalek. Eta adibide gisa jarri du antzerki obra bat taularatu aurretik atzean den itzelezko lana ikusezina eta ordaindu gabea dela: «Behartuta zaude urtero antzezlan berri bat egitera, txurroen antzera, baina obra batek hiru hilabete irauten badu oholtza gainean, tarte horretan ezin duzu ia beste ezer egin, eta hilean asko jota 600 euro irabaziko duzu».
Oholtzek ez diote beti ematen diru sarrera nahikorik, eta zenbait ekitaldiren aurkezpenak egitetik lortzen du diru gehigarri bat. «Moldatzen naiz, baina, gainerako ogibideekin alderatzean, konturatzen naiz militantziaz ere egiten dugula lan», dio, etsirik eta haserre. Eta bide beretik, kexa hau: euskal sortzaileen prekaritatea mahai gainean jartzen duenean, maiz entzun behar izaten dituela «baina gustuko duzuna egiten duzu zuk» eta halako esaldiak: «Zuk aukeratutako lanbidea gustuko izatea arrazoi nahikoa balitz bezala ordainpekoa ez izateko».
«Musikarekin zerikusia duten lanetatik bizi izan naiz beti, inoiz ez kontzertuetatik soilik»
Gaztea izanagatik ere, musikan ibilbide oparoa egina du Areta Senosiainek (Iruñea, 1998): biolin ikasketak amaitu zituenean, soka laukote bat osatu zuen lagun batzuekin; Musikenen bi master egin zituen ondoren —Orkestra Ikasketena eta Kudeaketa Kulturalekoa— , eta Ibil Bedi taldea sortu 2019an, besteak beste. Talde horrekin egin zituen lehen urratsak musika akademikotik at, eta azken bost urteotan bertako musikaria da. Baina musikarekin lotutako bestelako lanak ez ditu inoiz albo batera utzi: orkestra kontzertuak, biolin-irakasle lanak, kultur kudeaketari lotutakoak... Eta, hala izanik, ez du zalantzarik egiten kazetariaren galderari erantzuterakoan: «Musikarekin zerikusia duten lanetatik bizi izan naiz beti, inoiz ez kontzertuetatik soilik».
Senosiainek bat egiten du Lanarteak sortzaileen egoeraz egin duen erretratu orokorrarekin —«musikari lanak adibide hartuta, noski, guztiz egoera prekarizatuan bizi gara musikariok»—, baina ñabartu du egoera orokorra dela, eta euskaraz eta euskaratik abiatzen ez diren musikari asko ere halako baldintza eskasetan dabiltzala. Bere ogibidean ziurgabetasuna nagusi dela azaldu du: «Izan ditut hilabeteak, eta hiruhilekoak ere bai, kontzertuetatik soilik bizi ahal izateko modukoak, baina badakizu ez dela egonkorra eta seguruenik helduko zaizula aurki garai eskasagoa». Eta horren beldurretan batetik, eta «babesgabetasun instituzionalak» bultzatuta bestetik, musikarekin lotutako lan egonkor bat hartzeko hautua egin du berriki.
Euskaraz abestu izan dute beti Ibil Bedikoek, eta uste du horrek berak, hain justu ere, egin diola mesede taldeari. Euskaraz kultura egiten duten artisten egoera prekarioa dela ez du ukatzen, baina musikarien kasuan, hizkuntza oztopo baino mesedegarri izan ahal zaiela iritzi dio, batez ere euskaraz kantatzen duten taldeen inguruan «zirkuitu» bat sortu delako. «Guk gazteleraz egingo bagenu, esango nuke Euskal Herrian behintzat kontzertu gutxiago izango genituzkeela».
«Izan ditut hilabeteak, eta hiruhilekoak ere bai, kontzertuetatik soilik bizi ahal izateko modukoak, baina badakizu ez dela egonkorra eta seguruenik helduko zaizula aurki garai eskasagoa»
ARETA SENOSIAINMusikaria
Nolanahi ere, euskal sortzaileek oro har duten prekarizazioak euskal kulturaren osasunari kalte egiten diola ziurtatu du musikariak. Ibil Bedi taldearen kasuan, adibidez, disko bat sortu ahal izateko zuzenekoetan etenaldi bat egin behar izaten dute, eta, kontatu duenez, taldeko kideek bestelako jarduera batzuetatik dirua irabaziko ez balute, kontzerturik gabeko hilabete horietan ez lukete inolako diru sarrerarik izango. Musikari askoren errealitatea da hori, haren hitzetan, baina uste du ziurgabetasun ekonomikoa handiagoa izaten dutela estilo edo molde «arriskutsuago» batzuk jorratzen dituztenek.
Senosiainek dioenez, bokazioa eta zaletasuna izan ohi dira sortzaileen motor nagusia, eta oso gutxitan dirua, eta horrek eragina izaten du baldintza hobeak exijitzeko gaitasunean eta gogoan. «Musikarion artean bada inkonformismoa, baina ez dut ikusten antolatzeko edo eskatzeko adina indarrik».
«Idazle profesionalak denbora gutxi du idazteko, beste hamaika lan txiki gaizki ordaindutan aritu behar du eta»
Betidanik izan da irakurzalea Patxi Zubizarreta (Ordizia, Gipuzkoa, 1964), baina unibertsitatean sartu eta Joan Mari Irigoien ezagutu zuen arte, ez zuen eman idazketaren munduan murgiltzeko pausoa. «Gogoan dut Kanboko Beñat Etxepare lizeoan irakasle nenbilela, Bapore Saria jaso nuela, eta orduan erabaki nuela, oso-oso inkontzienteki, literaturarekin bizitzea, nola edo hala letrak bizibide izatea». Hor hasi zen idazten artikuluak, itzulpenak, gidoiak, enkarguak; ia musu truk dena: «Gogoan dut dirua tabua zela, eta bi lanengatik bonsai bat eta begonia bat oparitu zizkidatela».
Hasierako urte haietan oso baikor zegoela oroitzen da Zubizarreta —literaturaren erakarmena eta prestigioa gogoan ditu—, baina krisi ekonomikoarekin sektorearen gainbehera etorri zenean ohartu zen idazketa zein ofizio «hauskorra» zen: «Alberdania argitaletxea urte batzuetan itxita egon zenean konturatu nintzen nire erabakiaren inkontzientetasunaz, baina eutsi, eutsi egin nion... eta gaur arte iritsi naiz».
Eta luzea eta oparoa izan da orain arteko bide hori: narrazioa, nobela, poesia, haur eta gazte literatura, antzerkia... denetarik idatzi du, eta sari ugari eskuratu: esate baterako, bost aldiz eman diote haur eta gazte literaturako Euskadi saria —1998an, 2006an, 2010ean, 2019an eta 2023an—. Zubizarretaren ustez, «ongi antolatutako» sariak eta bekak ezinbestekoak dira, eta, oro har, ordainketa gehienak «duinak» izaten dira, baina, aitortu duenez, «penagarria» da oraindik ere 60 urterekin lehiaketetara edo diru laguntzetara aurkezten jarraitu behar izatea. Jose Sacristan aktoreari behin entzundakoa bere egin du idazleak: «Glamourrak, ospeak, itxurakeriak benetako egoera ezkutatzen du askotan».
Lanarteak emandako datuak ez du harritu idazlea. Idazle profesional askoren errealitate gordina horixe bera dela azaldu du, hau da, literaturaren ondoriozko lanak egin behar izaten dituztela dirua irabazteko, eta hori ere ez dela aski pagatua izaten: «Gurean ohikoa da artikulu batengatik 35 euro kobratzea, eta jendeak ez daki horren atzean goiz oso bateko jarduna dagoela. Autonomo kuota hilero 300 euro ingurukoa da, eta udan bereziki ez dugu halako sarrerarik ere izaten. Idazle profesionala idazteko denbora gutxien daukan pertsona da, beste hamaika lan txiki gaizki ordaindutan aritu behar du eta».
«Argitaletxeak, lehen, gutxi-asko 600 eta 1.000 euro artean eskaintzen zizkion idazleari, egile eskubideen aurrerapen gisa, eta gaur egun gero eta gehiago dira ezertxo ere eskaintzen ez dutenak, non eta ez den liburua argitaratzearen pribilegioa eta poza»
PATXI ZUBIZARRETAIdazlea
Euskal Herrian idaztea ogibide dutenen baldintza ekonomikoez gogoeta egin du Zubizarretak Pirrikoa izenburupean Lanarte elkartearentzat idatzi berri duen artikuluan. «Letrak maite ditut, baina zenbakiak ezinbestekoak zaizkit» esanez hasi du idazleak testua. Bertan xehatu du egile eskubideetan eta liburu bat argitaratzearen truke idazleek garbi zenbat eramaten duten poltsikora: «Idazleak liburuko 85 zentimo jasoko ditu urtean behin egokituko zaizkion eskubideetan: kafesne edo basoerdi erdi baterako ozta-ozta».
Aurrerapenetan ere, «penetan sakondu» da azken hamarkadetan, Zubizarretaren iritziz: «Argitaletxeak, lehen, gutxi-asko 600 eta 1.000 euro artean eskaintzen zizkion idazleari, egile eskubideen aurrerapen gisa, eta gaur egun gero eta gehiago dira ezertxo ere eskaintzen ez dutenak, non eta ez den liburua argitaratzearen pribilegioa eta poza». Eta haurrentzako liburu bat argitaratuz gero idazleak trukean eramango duenaz hausnartuta, panorama ez da askoz hobea. Horrela deskribatu du: «Oso posible da ale saldu bakoitzeko jasoko duen portzentajea %5era jaistea, hau da, 42,5 zentimo, hau da, kafesne edo basoerdi laurden bat ozta-ozta: baso laurden bat. Beste erdia marrazkilariarentzat izango da».
Uste du instituzioak sarritan «makrozenbakien zurrunbiloan» harrapatuta egoten direla, baina euskal kulturak «mikroarekin» duela zerikusi handiagoa. Eta egoerari nola eman buelta? Besteak beste, «konplizitateak» jostearen aldekoa da Zubizarreta, hala sortzaileen eta agintarien artean, nola sortzaileen beren artean ere.
«Merkatu logikaren barruan oso zaila da sortzaile batek ibilbide luzea egitea eta urte askoan irautea»
«Nik espresatzeko eta mundua esplikatzeko daukadan modua bertsotan da, eta pentsatu ere bertsotan egiten dut ondoen. Eta, une honetan, bertsolaritza dut bizibide, ofizio eta ogibide». Beñat Gaztelumendi bertsolariak (Donostia,1987) «pribilegiatutzat» dauka bere burua, bertsoei nahi adina denbora eskaintzen dielako eta bertsolaritzatik bizi ahal delako, nahiz eta beste esparru batzuetan aldiro egiten dituen kolaborazioak ere ezinbestekoak dituen dirua irabazteko. Hala ere, oinak lurrean ditu: «Pentsatzen dut nahiko gauza iragankorra izango dela, eta ez dut uste aukera izango dudanik bizitza guztian bertsolaritzari orain adina denbora eskaintzeko».
Gaztelumendi oso gazte zela hasi zen bertsotan, eta bide oparoa egina du bertsolaritzan: eskolartekoetan eta gazte sariketetan sari asko irabazitakoa, hirutan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista, bitan Gipuzkoako txapelduna, eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kide izandakoa da, besteak beste. Gaur egun, autonomo gisa aritzen da. Lanku kultur zerbitzuaren bitartez lan egiten du, hainbat bertsolariren gisara. Bertsolaritza modu erregular eta duin batean garatu zedin, plaza antolatzaileei eta bertsolariei zerbitzua emateko helburuarekin sortu zen Lanku, 2003an: oinarrizko azpiegitura eta aholkularitza eskaintzen dizkie antolatzaileei, eta bertsolarien kontratazioak erregularizatzen ditu.
Gaztelumendiren hitzetan, Lankuri esker lortu dute bertso saioetan bertsolariek legalki babestuta egotea. «Udal bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta, denek ez dutenez modu berean fakturatzen, arazoak egoten dira maiz. Bertsolariok gure kabuz aritu beharko bagenu fakturatzen, eromen handia izango litzateke, eta, alde horretatik, Lankuk laguntza ematen digu», esplikatu du.
Izan ere, bertsolari guztiak ez daude egoera berean: batzuk autonomoak dira, beste batzuei eguneko alta eta baja egiten zaie gizarte segurantzan, batzuek bertsogintza eta beste sorkuntza lanak konbinatuz ateratzen dute bizimodua, eta beste batzuek, bertsogintza eta haren bueltako beste lanak konbinatuta. «Prekaritatea? Beti iruditu zait nahiko hitz arriskutsua, gauza asko kabitzen direlako barruan, eta denek ez digutelako guri eragiten», zehaztu du Gaztelumendik. Eta, jarraian, erantsi: «Baina egia da bertsolaritza jardun prekarioa dela, ekonomikoki batez ere, datuek erakusten baitute zeintzuk diren gure batez besteko soldatak eta irabaziak».
«Gu eskuak patrikan iristen gara saio bakoitzera, pentsatuta megafonia bat egongo dela, antolatzaile batek harrera egingo digula... baina ez da beti hala izaten»
BEÑAT GAZTELUMENDIBertsolaria
Bertsolaritza jardunak dituen ezaugarri bereziengatik, bertsotan aritzen direnen baldintza ekonomikoak faktore askoren menpe egoten dira, eta ez da beti erraza izaten «baldintza duinak» exijitzea. Gaztelumendi: «Askotan herri mugimenduek antolatzen dituzte gure saioak, eta zaila izaten da prekario den norbaiti baldintza duinak eskatzea». Haren ustez, gainera, diru ikuspegitik harago zabaldu beharko litzateke prekaritatearen definizioa, eta saioen azpiegiturekin lotutako baldintzak jarri ditu adibide: «Gu eskuak patrikan iristen gara saio bakoitzera, pentsatuta megafonia bat egongo dela, antolatzaile batek harrera egingo digula... baina ez da beti hala izaten. Batzuetan, kosta egiten da ulertzea, adibidez, saio bakoitzean monitore bat beharrezkoa dela gai jartzaileak esaten duena entzun ahal izateko, edo elkarri entzun ahal izateko».
Euskal sortzaileen —eta zehazki bertsolarien— egonkortasun eta baldintza duinen inguruan azken gogoeta bat ere mahaigaineratu nahi izan du Gaztelumendik: «Gu merkatu logika baten barruan gaude, elkarrekin lehian, hala nahi ez dugun arren, eta logika horretan oso zaila da sortzaile batek ibilbide luzea egin ahal izatea eta urte askoan iraun ahal izatea. Uste dut kulturari beste leku bat eman nahi badiogu, eta euskal kulturari aitortzen badiogu hizkuntzaren bueltan baduela funtzio bat, agian beste logika batzuetan pentsatzen hasi beharko genukeela».