Kultur Sorkuntzaren Transmisioa egitasmoak antolatuta, hasi da Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldiaren beste aldi bat —hirugarrena—. Azpeitian da (Gipuzkoa), San Agustin kulturgunean, eta hau da aurtengoari jarri dioten izenburua: Euskal kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak. Antolatzaileen hitzetan, euskal kulturgintzaren transmisioa «ataka larrian» dago; hori dela eta, hedabideen gaineko ezagutza eta ondoriozko elkarlana «ezinbestean jorratu beharreko» lan ildoak direla uste dute.
Ahotseneak, Bertsozale Elkarteak, EIZIEk eta Lanarteak antolatu dute jardunaldia, Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Goizean eta arratsaldean izango dira hitzaldi, mahai inguru eta aurkezpenak, eta BERRIA horiek guztiak zuzenean ari da ematen streaming bidez.
Ikerketa
Behategiak eta Elhuyarrek egindako ikerketa baten emaitzak aurkeztuz hasiko dute eguna. Libe Mimenzak egingo du aurkezpena, Euskal Herriko Unibertsitateko Nor ikerketa taldeko kideak. Euskal Herriko 11 hedabide digitaletako edukiak aztertu dituzte, ikusteko zer-nolako presentzia duen euskal kulturgintzak haietan. 2023an Kultura kategorian argitaratutako edukiak bildu dituzte —tartean, BERRIArenak—, eta euskal kulturgileei eta kulturari loturiko gaiak zenbat agertzen diren aztertu dute, baita agertzen diren pertsonen profilak zein diren ere.
Euskal kulturgintzaren komunikazio jarduna izango da hizpide 11:00etan egingo den mahai inguruan. Hauek parte hartuko dute: Iñaki Etxeleku BERRIAko kazetari, aktore eta kultur eragileak, Ane Zuazubiskar kazetari eta bertsolariak, eta Josune Velez de Mendizabal aktore, ipuin kontalari eta kazetari ohiak. Inma Errea idazle, itzultzaile eta kazetariak gidatuko du saioa.
Eguerdian atsedenaldia egongo da bazkaltzeko, eta 14:00etan ekingo zaio berriro egitarauari. Kultur kuoten inguruko saioa izango da jardunaldiko azkena. Bi hizlari izango dira: Amagoia Gurrutxaga Lanarteko koordinatzailea eta Pol Cruz-Corominas Kataluniako Plataforma Per La Llenguako kultura batzordeko aholkularia. Nazioarteko kultur kuoten ereduak azalduko ditu Gurrutxagak, bai eta orain arte izan duten bilakaera ere. Cruz-Corominasek, berriz, Kataluniako kultur kuotaren sistema eta Espainiako ikus-entzunezko lege berria izango ditu hizketagai.