«Natura, Velazquez eta Rembrandt, ez dut beste maisurik izan». Hala mintzatu zen Francisco de Goya margolaria bere obran eragina izan zuten faktore zein lankideen inguruan. Haren arteak, berriz, aztarna sakona utzi zuen bere garaiko eta ondorengo artista askorengan. Bereziki, grabatuaren teknika baliatzeko modua irauli zuen Goyak, sormenezko lanaren erdigunean kokatuz. Horrez gain, grabatuak sortzeko prozesua maisuki menperatzen zuela erakutsi zuen: marrazkiak egiteko hainbat tresna eta baliabideren erabilpena uztartu zituen.
Maisu aragoiarraren lau grabatu serie osatzen dituzten 224 lanak ardatz hartuta, teknika horren bilakaera historikoaren berrikuspena egin du Bilboko Arte Eder museoak Goya. Asmatutako estanpak erakusketaren bitartez.Aurkezpen ekitaldian, museoko zuzendari Javier Biarrek jakinarazi duenez, berezko bildumekin osatu dute datorren irailaren 12ra bitartean ikusi ahalko den erakusketa. «Baliabideak optimizatzeko eginda dago», gaineratu du.
Goyak sortutako grabatuen lau serieak erosteko prozesua «oraintsu» bukatu dutela azaldu du museoko zuzendariak. Goyaren grabatuek erakusketa monografiko bat egiteko moduko «balioa» dutela esan du Biarrek. «Goyak begirada berri bat ezartzen du pinturaren historian: historiari eta bere garaiko gizarteari so egiteko orduan, hurbiltze errealista eta bortitza egiten du ». Haatik, orain arte estanpak gordeta egoteko arrazoia ere eman du: «Papera oso material hauskorra da, noizean behin baino ezin daiteke erakutsi».
Bestalde, museoko bilduma ezkutuak «argitara eman» eta «ikertzeko» aukeratzat jo du erakusketa. Izan ere, estanpen bitartez «kontakizun bat» sortu nahi dute museoko arduradunek, «eta ez soilik obrak erakustea». Halaber, etorkizunean Arte Eder museoak zer artelan erosi zehazteko «erabilgarria» izango da erakusketa,Biarren aburuz.
Aurrekariak eta herentzia
Bildumaren oinarria izanagatik, Goyaren lanak ez dira ikusgai izango diren bakarrak. Hala, hautatutako artelanen bidez grabatuaren historiari gainbegiratu bat egiten dio Bilboko Arte Eder museoak. Erakusketaren komisario eta museoko bildumen arduradun Javier Novok azaldu du teknika hori XIV. mendearen bukaeran sortu zela, Nurenbergen (Alemania). Haren hitzetan, Albrecht Duerer, Israel van Meckenem eta halako artisten lanak luzatu zuen iparraldeko Europak grabatuaren artean zuen nagusitasuna, «XVII. mendean Rembrandtekin goia jo arte». Hortaz, Goyaren aurretik grabatua landu zuten artistek ere presentzia handia dute erakusketan. Alabaina, horietako gehienak ez ziren obra originalak, erreprodukzioak baizik: artean margolari handiek lanak kopiatu eta zabaltzeko erabiltzen zen grabatuaren teknika.
Bilbon egunotan erakusten diren Goyaren lanak, aitzitik, sormenezko lanak dira. Novoren iritziz, «Goyari ez zitzaion grabatua interesatzen artelanak erreproduzitzeko teknika gisa. Sormenezko grabatuaren bitartez une horretan zituen zalantzak eta ezinegonak islatu nahi zituen» Are gehiago, haren esanetan «paperaren gainean margolanetan baino askeago lan egiten zuen Goyak». Izan ere, gai zehatzen inguruan margolariak zuen ikuspegi kritikoa zehazten du lau bildumetako bakoitzak. Marrazkien beheko aldean, irudiaren inguruko ohar gisa erabil daitezkeen izenburuak jarri zituen Goyak. Hala ere, oharrak era enigmatikoan idatzita daude, horietan islatzen ziren kritika zorrotzen ondorioz errepresioa pairatzeko beldur baitzen margolaria.
Kapritxoak izan zen Goyak sortutako grabatu bildumen artean lehena: 1797. eta 1799. artean egin zituen seriea osatzen duten 80 lanak. Novok azaldu duenez, konposizio horiekin «Goyak garai horretan gertatzen ari ziren hutsegiteak eta bizioak salatu nahi izan zituen». Ezjakintasuna, sorginkeria eta nobleziaren zein kleroaren jarrera lizunak salatu zituen, besteak beste. Hori dela eta, irudi satiriko ingelesek, eta, batez ere, William Hogarthen obrak Kapritxoetan duten eragina nabarmendu du erakusketaren komisarioak. Hala, Hogarth eta Piranesiren sormen lanak ikus daitezke, XVIII. mendearen bukaeran Goyak sortutakoekin batera.
Gerraren hondamendiak, ostera, Napoleonek Espainia inbaditu zuen garaian sortu zituen, 1810. inguruan, eta gerraren ankerkeriak islatu zituen bertan. Tauromakia osatzen duten 40 lanak, berriz, 1815-1816ko epean grabatu zituen, eta korridetako eszenak biltzen dituzte. Goyaren grabatuekin batera, zezenketa jorratzen duten lanak ikusi daitezke, Francis Bacon, Antonio Saura eta Pablo Picassorenak, besteak beste. Burugabekeriak bilduma enigmatikoak —Goya hil ostean baino ez zen argitaratu— ixten du margolari aragoiarraren inguruko ibilbidea, eta horrekin batera erakusten dira, Mariano Fortuny, Dario de Regoyos eta Francisco Iturrinoren lanak, Goyak erabili zituen teknikek eta gaiek gaur egunera arte pinturan izan duten eraginaren oroigarri gisa.
Sormenean grabaturik
Goyaren sormenezko grabatuekin osatutako lau bildumei eskainitako erakusketa bat ireki berri du Bilboko Arte Eder museoakArtistaren lana ardatz hartuta, grabatuaren historia ezagutaraziko diote bisitariari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu