Teknologia, pintura, eskultura... erakusketak denetariko obrak biltzen ditu. Bakoitzak mundu bat osatzen du, sei erakusketa balira bezala. Ikusleak arkitekturari buruzko gogoetak aurkituko ditu, gizarte globalizatu eta kapitalistaren kritika, meditazio teknologikoa, Ikea gizartearen isla, tiro batean sortutako erretratuak eta osaturik gabe diruditen koadroak. Erakusketa ekainaren 30era arte egonen da zabalik.
Alfonso Askunze
Tiro bakar bateanFormatu txikiko ehun margolan eta hainbat eskultura txiki jarri ditu Alfonso Askunzek zentroko lehenbiziko solairuan. Cien disparos y una figura (Ehun tiro eta irudi bat) da haren lanaren izena. Emakumeei egindako erretratuak dira guztiak, eta margotzeko moduak eman dio izena obrari. Izan ere, behin hasita, margolaria ez da gelditzen erretratua bukatu arte. «Tiro bat da, eta koadroa bukatzean obra hilko balitz bezala da», azaldu du Julia Manzano zentroko koordinatzaileak.
Fermin Diez de Ultzurrun
Eutsiezineko sistemari kritikaArbeit macht frei (Lanak libre eginen zaitu). Auschwitzeko kontzentrazio esparruaren sarreran jarri zuten karteleko hitzak dira, baita Fermin Diez de Ultzurrunen lanaren izena ere, nahiz eta alderantziz idatzi duen. Haren obra ikusteko, Auschwitzeko xaflaren kopia baten azpitik pasatu beharra dago —hori ere buruz behera—. Gelan sartuta, diziplina anitzeko proiektua ikus daiteke. Gizartearen kritika zorrotza egin du.
Lehenik eta behin, brontzez egindako lau tximu daude, portzelanazkoak diruditenak. Manzanok azaldu duenez, tximuak gizakiak dira. Aurrerago, tximuak autoen gainean daude, eta autoak harrapatuta hilik ikus daitezke. Museoko koordinatzaileak horren esanahia azaldu du: «Artistak dio guk geuk harrapatu dugula geure burua».
Gizakiak bere burua hiltzen duelako ideia behin eta berriz aipatzen du. Adibidez, haren seme jaioberriaren irudia eta haren aitaren hilarria jarri ditu parez pare. «Biek izen bera dute, horregatik, sortze eta hiltze hori irudikatu egin du», esan du Manzanok. Bestalde, merkatuari kritika egiteko aprobetxatu du. Brontzezko tximuen armada egiteko aurrekontua eskatu zuen Txinan, eta erakusketan utzi du ordainagiria.
Alvaro Gil
Ikea fenomenoa«Gaur egun zuk zeuk dena egiten duzu». Manzanok horrela azaldu du Ikea fenomenoa. Ideia horri tiraka, Bricolajismos y otros menesteres hechos a medida. Hágaselo usted mismo (Brikolajismoak eta neurrira egindako beste beharrak. Zuk zeuk egin ezazu) obra sortu du Alvaro Gilek. Egurrezko hiru eskultura egin ditu, jar eta ken daitezkeen hainbat atalekin. Pieza gehienak eskuz egin ditu, eta koloretsu margotu. «Tuning estetika erabili du».
Paretan eskultura sortzeko jarraibideak daude, urratsez urrats marrazkien bidez azaldurik. «Irribarrea eragiten du obra honek, eta oso ludikoa da». Izan ere, eskulturaren zatiak batetik bestera mugitu eta jostatzeko egin ditu, nahiz eta erakusketan ezin den jolasean ibili.
Javier Arbizu
Bukatu gabe ere, osoBukatu gabeak diruditen irudiak sortu ditu Javier Arbizuk, eta, horretarako, tenpera oliotsuak erabili ditu paper eta oihalean. Manzanok azaldu duenez, irudia erabat ez agertzearekin jolastu du artistak. «Oztopo bat balego bezala da, baina obra bukaturik dago», esan du. Sudango mapa, animaliak, zaldunak eta erretratuak margotu ditu lausotzeak erabiliz. Obra horren bitartez, ikuslearen parte hartzea bultzatu du, bukatu gabeko irudiak adimenari esker ikus baititzake osaturik.
Irantzu Sanzo
Arkitekturarekiko obsesioaEgunerokotasunean erabiltzen diren objektuak interesatzen zaizkio Irantzu Sanzori. Amatxirekin herrira joan zen bizitzera, eta etxeko egongela estudio handi bihurtu zuen, «argazki-eskultura laborategia», alegia. Argiekin jolastuz, argazkigintza tradizionalaren prozesua erabili du obran. Bestalde, kristalezko eskultura batzuk sortu ditu, bertikaltasunarekin eta horizontaltasunarekin jolastuz. «Arkitekturari buruzko hausnarketa bat da», azaldu du Manzanok.
Patxi Araujo
Erlaxazio espiritualaDaruma izeneko maisu baten istorioan oinarritu da Patxi Araujo. Urtebete eman du Uharte zentroko hirugarren solairuan lanean. Kondaira horren arabera, Daruma meditatzen zegoela lo geratu zen, eta betazalak moztu zituen. Meditatzen jarraitu zuen, eta, hainbeste denbora eman zuenez, besoak eta hankak galdu zituen. Irudi femeninoa Ehime Daruma da (Daruma printzesa), eta hura da Araujoren obra. Robot bat da, eta bizi dela iduri du.
«Bizirik dagoen pieza esperimentala da, gure mugimenduak antzematen ditu kamereneta izpi infragorrien bidez»,esan du Manzanok. Inguruan mugimendurik sumatzen ez badu, meditatzen hasten da. Erlaxatzeko musika aditzen da, eta proiektoreek islatzen dituzten pixelak Darumaren inguruan biltzen hasten dira, eraztun bat osatuz.
Inor mugitzean, baina, Daruma beldurtu egiten da, eta jendearengandik urrundu egiten da berehala. Azkar mugitzen da alde batetik bestera, ihesi. Musika ere aldatu egiten da orduan. «Bizirik dago», esan du zentroko koordinatzaileak. Eta hala da. Nafarroako sormen artistikoa bezala. Uharteko zentroan dagoen erakusleihoa da horren lekuko.