Bizitza eta artea bat dira Esther Ferrerrentzat (Donostia, 1937); hala bizi du 1960ko hamarkadan lanean hasi zenetik. Arte ekintza izan du bere; ez hori bakarrik, baina adierazpide horrek ezaugarritu du, batik bat, bere ibilbidea. Ordutik hona egin duen bidera hurbiltzeko aukera izan da azken asteetan Donostiako Tabakaleran, 2,3, 5, 7, 11, 13, 17, 19, 23... erakusketan. Igandean bukatuko da, eta artista jaioterrira itzuliko da bihar; erakusketa osatu duen performance zikloa itxiko du, 18:00etan. 40 urte baino gehiago dira Parisen bizi dela, baina Bilbon izan da asteon, bere obraren gaineko dokumental bat grabatzen ari den taldearekin. Handik erantzun dizkio galderak BERRIAri.
Erakusketa ezohikoa da Tabakalerakoa; instalazioak erakustearekin batera, zure hainbat ekintza egiteko aukera ematen dio bisitariari. Arte ekintza zuzenetik etorrita, nola bizi dituzu erakusketak?
Sekula ez zait askorik gustatu, egia esan. Erakusten dut behin egindakoan lanak nigandik irten behar duelako; horregatik, oso ondo iruditzen zaizkit mota honetako erakusketak, bisitariak, nahi badu, parte hartze aktibo bat izan baitezake. Ez da soilik aretotik paseatzea, obrak ikustea eta horiek ontzat jo edo baztertzea —bere eskubide da, bidenabar—; horiek birsortu nahi baditu, aukera du nik partituretan esaten dudanetik abiatuta bere egiteko modua asmatzeko.
Aldatzen da ekintza bisitariak egitean edo zuk zeuk?
Derrigor, ikusleak egingo duelako nahi duena, eta nik egingo dudalako nahi dudana. Denon artean obra aberasten dugu.
Garai askotako obrak jasotzen dira erakusketan, 1960ko urteetatik hasita. Agerikoak dira orduan garrantzitsuak izan ziren korronteak: minimalismoa edo Fluxus deitua, besteak beste, eguneroko bizitza eta artea berdintzeaz ziharduena.
Jakina, ni arte kontzeptuala eta minimalismoa definitzen hasi ziren garaian hasi nintzen lanean, eta, nire garaiaren alaba naizenez, garai horri dagokiona egiten dut. Hori guztia airean egon da: egiteko modu bat da, bizitzeko modu bat, pentsatzeko modu bat. Hor murgilduta egon gara denok. Minimalismoa aipatu duzu, eta niri asko gustatu izan zait beti. Performance bat zein instalazio bat pentsatzen dudanean, egiten dudan lehen gauza beti da kentzea. Guztiz beharrezkoa ez den guztia, apaingarria, kendu egiten dut. Uste dut nire obrak eskeletoak bezalakoak direla ia: zutik eusten dion hori geratzen da, beste ezer ez. Bestea, nahi badu, ikusleak erantsiko du.
Material pobreekin lan egitea maite duzu, «materialetan pobrea eta ideietan aberatsa den artea» egitea. Zergatik?
Gustatu egiten zait. Erakusketa baterako aulkiak behar baditut, merkatuan dauden aulkirik merkeenak bilatuko ditut, balio badidate, listo. Material hori edonon topatu daiteke; txinatarren dendan erosten dut askotan. Koaderno bat behar badut, edozein koadernok balio dit. Eguneroko objektuak dira: hautsontzi bat, aulki bat... Baina objektuak berak ez dit inporta, nahi dudana transmititzeko balio behar du, besterik ez.
Ekintzetan egiten dituzun mugimenduak ere soilak dira: hitz egitea, ibiltzea, esertzea...
Ekintza bat egiten dudanean, ahalik eta naturalen egiten saiatzen naiz, ekintza egiten ari ez naizenean bezala: berdin hitz egiten dut, berdin esertzen naiz. Ahalik eta gehien esatea gustatzen zait ahalik eta elementu gutxienekin.
Sistiagaren bitartez heldu zinen ZAJ taldera, musika esperimentalarekin lan egitera; John Cagerekin ere aritu zineten... Zure lan ugarik zerikusi handia dute musikarekin; nolakoa izan da harreman hori?
Arte kontzeptualean eta performancearen munduan musikak eragin handia izan du, eta Cage funtsezko elementua da hor. Harengandik hartu dugu edozein soinu musika izan daitekeela, entzunaldia dela soilik hori banatu eta berriz abiatzen duena. Cageren munduak niri gauza asko ikusarazi dizkit: teorikoki musika ez zela irakatsi zidaten hori dena baztertu, eta ustez musikarekin zerikusirik ez duten soinuekin gozatzera igaro naiz. Soinu aberastasun hori nire lanean modu askotara agertzen da, ez nahita, baina jada barneratuta daukat.
Ekintzen denbora neurtzea ere, esaterako, bada musikatik etor daitekeen zerbait.
Bai. Nik ekintza bat pentsatzen dudanean partitura deitzen dudan orri batean hasten naiz lanean; seguru asko, horrek guztiak eraginda izango da. Paperaren gainean, ekintza pentsatzean eta idaztean, erritmo bat ematea gustatzen zait. Gero, ekintza in situ egitean, gerta liteke ezin errespetatzea eta eraldatzea, istripu bat izan delako, unean bestela egin beharra sentitu dudalako eta abar. Hori da arte ekintzaren munduaren balioa: eraldatu egin dezakezu in situ, arte bizi bat da. Bizitza etengabe eraldatzen da, performancea ere bai. Erritmoa denbora egitura batek markatzen du, eta hori asko zaintzen dut ekintzetan.
Denbora elementu funtsezkoa da zure lanetan.
Bai, eta ez soilik performanceetan. 1981etik egiten ari naizen autorretratuetan ere funtsezkoa da; bost urtetik behin egiten ditut argazkiak. Laster tokatzen zait berriz. Baina zenbaki lehenekin lan egiten dudanean ere hor dago; kontatzeak denbora esan nahi du. Igarotzen den denbora horretaz oso kontziente naiz lan egitean; zerbait fisikoa da niretzat.
Denboraren erritmoan 2 lana erakusketan dago; pendulu bat da; tira egin eta gelditu arte aurrean itxaroteko ariketa proposatzen da. Inor gutxik itxaron omen du hura guztiz geratu arte.
Ez nau harritzen, baina ez du axola. Mugimendu handia, hasierakoa, geratuz doa apurka, baina mugimendu txiki bat geratzen da gero. Hasteko, lurra mugitzen ari delako. Gero, Tabakaleran ere mugimendu asko dago, jendea dabil, goitik, behetik, eta hori penduluak igarri egiten du. Beraz, agian inoiz ez dugu lortuko guztiz gelditzea.
Esanguratsua da, halere, denbora nola bizi dugun ikusteko.
Jakina. Denak azkarra izan behar du gaur: janari prestatuak kontsumitu behar ditugu, eta dena bide horretatik. Gaur egun ezin dugu ezer itxaron. Kontenplaziozko mundua desagertzera doa.
Hain justu, 1970eko urteetan Zen filosofiaren gorakada ere ezagutu zenuen: gorputzaren kontrola,denborarena... Horrek ere zeharkatzen du zure lana?
Nigan eragin handia izan du; beraz, nire obretan ere izango zuen. Esaterako, hutsaren ideia lantzea hortik etor liteke: gauzak hutsuneari esker direla erabilgarri, hori Taok esaten du. Ez badago hutsik nik ezin dut edan katilu honetatik; ez badago hutsik, ezin naiz bizi etxe honetan. Horregatik uzten dut hutsunea nire ekintzetan; kendu eta kendu egiten dut jendeak hor proiekta dezan, ahal duena, berak dakarrena. Horregatik gustatzen zait nire performanceetan hutsune asko uztea: uneak non badirudien ez dela ezer pasatzen. Alde horretatik, erritmo bat ematea gustatzen zait, Cageren isiltasunarekin edo Taoren hutsunearekin lotu daitekeena. Eragin horietaz, baina, hau bezalako elkarrizketetan gogoetatzen dut, ez lan egitean.
Denborarekin batera, beti agertzen da espazioa; txanpon beraren bi aurpegi direla diozu. Igaro beharreko espazio modura planteatzen duzu denbora?
Ez dut horrela pentsatzen, egia esan. Kontua da espazioa hautemangarriagoa iruditzen zaigula, ibiltzen garelako, zeharkatzen dugulako... Oso erraza da espazioa ulertzea. Denbora konplexuagoa da, baina bat ezin da existitu bestea gabe.
Horiekin batera gorputza da, presentzia, arte ekintzetako hirugarren hanka. Denbora eta espazioa bezala, gorputza eta denbora ere lotzen dituzu.
Bai, baina presentzia denena da; nirea, baina baita objektuena eta han dauden guztiena ere. Denbora eta gorputzarena, agian, jada aipatutako Autorretratua denboran lanean da agerikoena. Nik ez dakit zer den denbora, baina uzten dituen arrastoengatik hauteman dezaket, eta hori jasotzen dute nire aurpegiaren argazkiek: pasatzen doan denbora da, eta arrasto horiek guztiak uzten ditu nire aurpegian. Hori izan naiz ni, hori dena denboran.
Denbora horretan aldatu duzu ekintza bati aurre egiteko era?
Mundua aldatu da, eta ni harekin aldatuko nintzen. Baina funtsezko koordenatuak eta elementuak ez dira aldatu: pobre lan egitea, elementu sinpleekin, zuzen, transmititu nahi dudan ideiatik ikuslea urrundu dezakeen guztia kenduz, ez pilatuz ezer; hori guztia hor dago gaur egun ere. Instalazioak egiten ditudanean eta gero desmuntatzen direnean ez da ezer geratzen, soilik ikusi dutenen oroimenean geratzen da, eta hori asko gustatzen zait.
Diozu ez duzula nahi jendearen emozioak piztea, sortzaile askori entzuten zaienaren kontrara.
Tira, bakoitzak nahi duena egin dezake, denetik behar da mundu bat egiteko. Baina nik neuk ez dut hori nahi. Bestela ere emozioz beteriko mundu batean murgilduta bizi naiz, eta artean hori guztia ezabatzen saiatzen naiz, sinpleki. Ez zait batere interesatzen jendeari zirrara eragiteak.
Obraren eta bisitariaren artean elkarrizketa bat irekitzea bada asmoetako bat?
Obra bat egiten dudanean, ez dut ikuslearengan pentsatzen, ez bada, esaterako, genero indarkeriaren edo errefuxiatuen politiken kontrako lan bat. Hor dena sakrifikatzen dut eraginkortasunagatik; hor nahi dut jendeak ulertzea transmititu nahi dudana: hau pasatzen ari da, hemen, era honetan, zu eta ni bizitzen ari garen mundu honetan. Konpromiso bat dute errealitatearekin, eta horiek egiteko beharra dut. Baina bestelako lanekin, Zenbaki lehenen poemekin, performance askorekin, ez dut inondik ere, baina inondik ere, ikuslearengan pentsatzen. Niretzat egiten dut. Niri balio eta haiei ere balio badie, zoragarri.
Erakusketari izena eman dion lana da zenbaki lehenena; 70eko hamarkadatik diharduzu horretan, besteak beste, zoria eta infinitua lengoaia plastikora eramaten. Hor gurutzatzen dira bizitza eta artea?
Bai, noski. Nik artea egiten dut, eta nire bizitza da; ezin dut bereizi. Jatea, salto egitea, lagunekin egotea bezala, nire bizitzako elementu bat da.
Kontraste bat dago zenbaki lehenak edo alfabetoa erabiltzen duzun lanen ordenaren eta zenbait ekintzetan ageri daitekeen desordenaren artean.
Bai, egia da. Espazio-instalazioak egitean, zenbaki lehenak erabiltzean, Pi zenbakia.. Horietan egitura ordenatu bat hautematen da. Baina performancearen munduan ordena ausazkoagoa da askogatik. Are, desordena oso ondo ezkontzen da performancearekin. Mundua hori da: ordena eta desordena. Are, ordena jakin bat desordena izan liteke eta, aldi berean, desordena bat ordena.
Aurreko batean, arte ekintzaren inguruko saio batean, entzule batek esan zuen artea bizi esperientzia modura ulertzea ez ote den «artea desegitea». Zer uste duzu?
Niri gauza horiek ihes egiten didate. Zer esan nahi du artea desegiteak? Halakoak, itxura batean, eduki asko duten esaldiak dira, eta sarri erabiltzen dira, baina nik ez ditut ulertzen. Bakoitzak egiten du berak nahi duen artea, nahi duen moduan. Entzule horrek izan dezake artearen gaineko ikuspegi bat, eta nik izan dezaket beste bat: biak guztiz errespetagarriak. Baina artea desegitea? Arteak forma bat eta bakarra al du? Forma jakin batekoa izan behar du eta bestela ez da? Ezin dut erantzun, ez dut ulertzen.
Hori ere izan daiteke erantzun bat. Hain justu, hortik jo zuen gidariak: hori dela aldatu dena, artearen esanahia zabaldu dela.
Arteak okupatu ditu terreno batzuk lehen ez zirenak artearen munduaren partetzat hartzen; hori bai, aldatu da. Baina hori ez da desegitea. Esaterako, mugimendu feminista guztiak artearen mundura ekarri ditu elementu mordo bat lehen guztiz baztertuta zeudenak, eta orain dinamika artistikoaren parte direnak. Artea terreno zedarritu bat balitz bezala ulertu izan da, baina orain leku guztietan dago, musika bezala.
Elorrioko eskola esperimentalean aritu zinen, besteak beste, 60ko urteetan. Hezkuntzan artea lantzeaz aritu izan zara.
Oso ederra eta beharrezkoa iruditzen zait haurrei adierazteko aukerak ematea, terreno guztietan: musikan, margoan, akzioan... Soil-soilik aukera bat gehiago emateko bada ere. Deskuidatuz gero, hori da gustatzen zaiena, eta euren bizitza hor ardaztu nahi dute. Eta, bizitzen segitu behar dugunez, hobeto benetan gustatzen zaigun hori egiten bizitzea.
Artearen esparruko eragile askok artearen transmisioan dagoen hutsuneaz ohartarazten dute. Kezkatzen zaitu?
Artisten lana ezagutzea oso ondo dago, baina hori baino hobea da sortzeari beldurra galtzea. Gero nahi duena joango da museoak bisitatzera, ikastera... Agian jende asko dago ez doana museotara, baina Picasso bezain sortzailea dena, bere erara, bere beharren arabera. Garrantzitsuena sortzeko aukerak ematea da. Arteak gauza asko erakusten ahal ditu. Poz handiak ekar diezazkizuke. Sormenak, ororen gainetik, bizitza bizitzen laguntzen du. Arteak, bere adierazpide guztietan, beste aukera bat izan behar du.
Esther Ferrer. Artista
«Sormenak, ororen gainetik, bizitza bizitzen laguntzen du»
Arte ekintza ugari bisitarien eskura jarriak ditu Esther Ferrerrek Donostiako Tabakaleran, bisitariak «aktiba» ditzan, nahi izatekotan. Bihar, bera izango da performance bat egiten, igandean erakusketa itxi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu