Kazetari eta sortzaile. Edo sortzaile eta kazetari. Biak ala biak izan dira edo dira gaur egun Iñaki Etxeleku, Josune Velez de Mendizabal eta Ane Zuazubiskar. BERRIAko kazetaria da Etxeleku (Miarritze, Lapurdi, 1977), baina dantzatik iritsita, antzerkian ere aritu da zenbait urtez. Velez de Mendizabalek (Gasteiz, 1977) kazetaritzan jardun du —Radio Vitorian eta Gara egunkarian, adibidez—, eta gaur egun ere kolaboratzen du Naiz Irratian, baina ipuin kontalaritzara eta antzerkira dago emana orain batik bat, eta Zuazubiskar (Arrasate, Gipuzkoa, 1997), berriz, bertsolaria da, baita Bertsozale Elkarteko zuzendaritza taldeko kide ere, eta hainbat komunikabidetan aritu ondoren (BERRIA, Euskadi Irratia), eskolak ematen ditu egun, Huhezin.
Hedabideak eta sormen mundua ezagutzen dituzte hirurek, eta badakite zer-nolako dinamikak eratzen diren sortzaileen eta kazetarien artean, baita zenbaitetan zer-nolako zailtasunak dituen kultur eragileak komunikabide batzuetan lekua izateko ere. Alde horretatik, Inma Errea kazetari, idazle eta itzultzaileak gidatutako solasaldian, bat etorri dira Nor taldearen ikerketaren emaitzek aurretik zituzten intuizioak berretsi dituztela.
Zuazubiskarrek azaldu duenez, «badago publiko potentzial bat zeini ukatzen ari zaion euskal kulturaren eta sortzaileen existentzia». Eta horren atzean erabaki bat dagoela ere adierazi du: «Hautu batetik abiatzen da hutsune hori». Velez de Mendizabalek sormena du gaur egun bere lanaren ardatz, eta berak ere uste du «ez ikusiarena egitea» hautu bat dela. «Soziolinguistika Klusterraren datuen arabera, euskararen erabileran bigarren hiriburua da Gasteiz. Eta, halere, ez dugu islarik erdal komunikabideetan, kanpoko kulturaren transmisoreak baitira». Euskaraz aritzen diren hedabideak eta ele biz edo erdaretan aritzen direnak bereizi ditu Etxelekuk ere. Antzerki amateurrean aritu izan denean, beti sumatu du euskarazko komunikabideek bere jardunarekiko interesa izan dutela. «Erdarazkoek, aldiz, interesik ez dute. Non eta ez den ikusgarritasuna duen zerbait».
«Datuen arabera, euskararen erabileran bigarren hiriburua da Gasteiz. Eta, halere, ez dugu islarik erdal komunikabideetan»
JOSUNE VELEZ DE MENDIZABALKazetaria eta antzerkigilea
Ikusgarritasunaren edo ekitaldi handien gaiari ere heldu dio Zuazubiskarrek. Izan ere, bertsolaria eta kazetaria izanik, badaki hedabide batzuetan bere sormen jardunak une jakin batzuetan baino ez duela protagonismorik hartzen; txapelketetan, hain zuzen. «Oso gutxitan hartzen da bertsolaritza kultur adierazpide moduan. Ni ere aritu naiz kronikak egiten txapelketetan, eta uste dut askotan kirol kronikak balira bezala egiten direla. Finalaren aurretik txapelketaren berri emango balute, ni konformatuko nintzateke, bertsolaritza jende multzo handia biltzen duenean bihurtzen delako inportante. Jarduera erdi-normal bat balitz bezala tratatuko balute, ni gustura».
Euskal hartzaileengana iristea
Datuek adierazten dute kulturari buruzko informazioa erdal komunikabideetatik jasotzen duten hartzaile asko euskaldunak direla. Iristen zaizkien edukien artean, ordea, euskarazkoak gutxi dira. Eta horiengana iristea da helburu nagusietako bat. Etxelekuk: «Idealena litzateke guztiengana iristea eta erdaldunei ere gure berri ematea, baina euskal mundura iristen bagara lorpen bat da». Eta bide beretik, Zuazubiskarrek: «Erdaldunengana iristen bagara, zoragarri, baina hartzaile euskaldunengana iritsi behar dugu, oraindik batzuek ez daukatelako euskal kultur sortzaileen berri». Alde horretatik, Huheziko irakaslearen iritziz, «hedabideak oraindik ere ari badira duela 40 urteko eskema ideologiko eta soziolinguistikoarekin, badago tarte bat lanerako eta euskal sortzaileen lana jasotzeko».
Euskaraz aritzen dira Etxeleku, Zuazubiskar eta Velez de Mendizabal, eta sumatzen dute hizkuntza ezagutzen ez duten kazetariek, erdara hutsez aritzen direnek, oraindik ere galdera bera egiten dietela: Zergatik euskaraz eta ez gaztelaniaz edo frantsesez? Velez de Mendizabal: «Askotan egiten digute galdera hori, baina gure hautua da eta horrela egitea erabaki dugu. Badaude gaztelaniaz aritzen diren beste batzuk».
«Erdaldunengana iristen bagara, zoragarri, baina hartzaile euskaldunengana iritsi behar dugu, oraindik batzuek ez daukatelako euskal kultur sortzaileen berri»ANE ZUAZUBISKARKazetaria eta bertsolaria
Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanez ere aritu dira gaur goizean Azpeitian eginiko solasaldian, eta Etxelekuk adierazi du susmoa duela garai batean harremana handiagoa zela. «Euskarazko antzezlan bat egin, eta izaten zen aukera Hegoaldera eramateko. Ausartzea ere bazen, baina apustua egiten zen. Baina urruntze bat egon da, eta orokorra da, erreferenteetan ere bai». Paradoxikoa bada ere, euskal erreferenteekin ez bezala, mundializazioarekin Ipar Euskal Herrian nahiz Hego Euskal Herrian erreferente batzuk komunak bilakatu direla uste du Etxelekuk. Nolanahi ere, azkenaldian «harreman eta truke interesgarriak» sortu direla ere nabarmendu du, eta Artedrama konpainia jarri du adibide.
Digitalizazioaren erronka
Komunikazioko irakaslea da Zuazubiskar, eta ikasleen artean ere sumatzen du komunikabide tradizionalak «erreferentzialtasuna» galtzen ari direla. «Joeraren parte dira, eta ez dira plataforma digitaletatik ateratzen, Instagrametik eta abarretatik». Horri lotuta, euskal kulturak erronka handia duela deritzo, «euskaraz aritzen diren gazteek, are euskaltzaleak ere badirenek, ez dutelako bizi komunikazio kontsumoa euskaraz». Horregatik, sare sozialei eta plataformei erreparatu behar zaiela uste du. «Ez ditugu deabrutu behar; algoritmoa ez da mesedegarria txikitik ari denarentzat, hizkuntza gutxitu batentzat, baina ezin ditugu albo batera utzi». Izan ere, hala egin ezean, euskal kulturak betetzen ez duen espazio hori beste norbaitek beteko duela uste du Zuazubiskarrek.
«Jende gaztea eta ez hain gaztea aritzen da maskaradetan, antzerki taldeetan... euskaratik euskaraz. Baina noiz arte? Nola egingo dugu transmisioa bermatzeko?»IÑAKI ETXELEKUKazetaria eta aktorea
Euskal kulturaren transmisioak esparru amateurrean egin dezakeen bideaz ere kezka azaldu du Etxelekuk. «Jende gaztea eta ez hain gaztea aritzen da maskaradetan, antzerki taldeetan... euskaratik euskaraz. Baina noiz arte? Nola egingo dugu transmisioa bermatzeko? Nola formatu dantzariak, bertsolariak eta oholtza zuzendariak?».