Bere barnetik ateratzen zaizkion sentipenak eta bizipenak hitz bilakatzen aritu da Jose Angel Irigarai (Iruñea, 1942), eta bere buruari galdetu dio zerk behartzen duen sortzera. «Horrek betidanik kezkatu izan nau. Nik uste dut liburuaren edukiak honen inguruan grabitatu bakarrik ez, baizik eta ardatz direla». Hitz joko bat eginez, hitzendatzea kontzeptua asmatu du. «Izendatzea esaten da, baina nik hitzendatu diot, hitz bilakatu. Hitz poetikoak, hitzen arteko pasarteak, metaforak eta dena delakoak egiten aritu naiz». Isiltasunaz hunatago da prozesu horren emaitza. Pamiela argitaletxearekin plazaratu berri du poesia bilduma.
Hamabost urte ziren Irigaraik ez zuela poesiarik argitaratu. Hasieran, ez zuen lana batasun baten gisan irudikatzen, eta liburua nahiko anarkikoa zela iruditzen zitzaion. «Oso fragmentarioa, oso puskatua, oso sakabanatua zegoen, puzzle gisako zerbait zen. Barthesek sintaxi discontinuo deitzen zion horri, eta oso egokia iruditzen zait». Dena den, «maila apal batera jaitsiz», liburuan badela haririk edo loturarik adierazi du. Pixkanaka joan zen egituratuz. Izan ere, argitaratzeko zalantzak izan zituela ere aitortu du. «Gaur egungo munduan liburu asko publikatzen da, eta ez publikatzeaz lotsatuta eta publikatzeaz ere lotsatuta egon naiz». Duela bospasei urte atera behar zuen liburua, baina utziz joan zen. «Uzte horrek denbora eman dit liburua taxutzeko, kimatzeko, konturatzeko eta poesiak beste modu batera ulertzeko». Denbora horretan jabetu zen, liburuan, batez ere, bere buruarekin ari zela hizketan: «Oso berandu konturatu nintzen liburua nire buruarekin elkarrizketa bat zela, nire alter ego-arekin, nire munduarekin, edo munduarekin baino gehiago, nik proiektatzen dudan munduarekin».
Bildumaren sortze prozesua izan du hizpide, batez ere, lan berriaren aurkezpenean, eta prozesu horretan izandako aurkikuntzak azaldu ditu. «Poesia dago poesiaren barruan, eta hitzendatzearen mentura horretan, ikasi dudala konturatu naiz. Beste puntu batera iritsi naiz, isiltasuna den muga horretara».
Idaztean «marginalian» egotearen sentsazioa izan du hasieratik, nahiz eta azaldu duenez, oso prozesu arrazionala ez den izan. «Marginalian egote hori absentzia batetik edo zure baitan sumatzen duzun gabeziatik, zure baitan dagoen amildegitik, alegia, ez zarenetik dator».
Bizipoza vs Pathos
Idazketa prozesuan, gaztaroan batez ere, sumatu izan duen beste fenomeno bat ere izan du hizpide. «Egiterakoan nahikoa dela iruditzen zaizu, eta horri esker heldu diozula bideari. Erdituko zarela eta erditzeko garaian nolabait ere mugarri bat sortuko duzula zure bidean». Dena dela, egindakoarekin nahiko azkar sentitzen da «asegaitz».
Bera idaztean «zirimolan sartuta» egoten dela azaldu du, eta bere buruari galdetzen diola: «bizitu idatziz ala idatzi bizituz?». Dikotomia hori aurkeztu du: «Bizipoza vs Pathos. Nahiz eta bistan den dena ez dela zuria edo beltza. Batzuetan bizipozaren alorrean zaude gehiago edo bizipozak hunkituta zerbait gertatzen zaizu; eta beste batzuetan pathos-ak eramaten zaitu amildegira. Beti bada gehiago batean edo bestean. Nik esango nuke beti pathos-ek erakartzen zaituela gehiago, eta pathos-ek berak asegaitz moduan deitzen zaituela, eskatzen dizula».
Estimutan duen poeta bat ekarri du gogora, halaber: Marina Tsvetaieva. «Jakintsuago bizitzaz, gutxiago idaztean», esan ohi zuen poeta errusiarrak, hau da, «zenbat eta osatuago izan bizitzan, beharbada ez duzula idazteko behar hori sentitzen».
Poesia da idazlearentzat literatur genero zintzoena. «Pathos-a, absentzia, ez zaren hori beti hor dagoelako. Horrek bultzatzen zaitu idaztera, eta grina horrek eraginda, etengabe asegaitz jartzen zara sormenezko bidean». Hori gertatu zaiola uste du. «Idaztean, kantuan edo beste edozein arte plastikotan, beti hobetu nahi duzu. Pentsatuz, gainera, 'hurrengoan bai, hurrengoan lasai geldituko naiz, eta lortuko dut'. Ez fama edo oihartzuna, zeure buruarekiko sosegua baizik, amildegia betetzea».
Etengabe hobetu nahian dabil idazlea, beraz. Hasieran egiten diren «desmasien eta gauza eskasen» ondoren, konturatu da garrantzitsua ez dela zer esaten den, «baizik eta nola» esaten den. «Hitzak badu bere poesia, bere musika, bere erritmoa, eta hor badago lanketa tekniko bat». Idazten hastean, ez dela buruan helbururik edo lorpenik izan behar uste du, eta teknika menderatzea dela garrantzitsuena.
Hitzaren garrantzia azpimarratzean, marginalia kontzeptua atera du berriro ere mahai gainera. «Marginalian dagoen hizkuntza batean idazten ari zarela konturatzen zara. Marginalian dagoen herri batean, eta, orduan, hizkuntzarekiko leialtasun bat loratzen zaizu». Sortzeko garaian leialtasun horren garrantzia nabarmendu du, eta hizkuntza horrek dituen hitzak, esamoldeak edo esanahiak barneratu eta landu behar direla dio. Eta gero, «modu poetiko bat erantsi, esateko manera bat».
Kantuarekin ere lotu du poesia. Euskal Herrian, azken 50 urteetan, poesia asko musikatu dela ekarri du gogora, eta horri esker «bestela zabalduko ez litzatekeen moduan» ezagutarazi eta zabaldu dela. Adibideekin lagundu du azalpena: «Izotz ondoko eguzki etortzen zait burura, Leteren musika, Lizardiren hitzak. Hitz horiei Letek zer musikaltasun erantsi dien ikustean konturatzen zara kasik horrela sortu direla, bikiak bezala. Musikarekin dagoen uztarketari esker, poesia beste maila batera pasatzea lortzen da».
Sormen bidean «asegaitz»
'Isiltasunaz hunatago' poesia liburua eman du Jose Angel Irigaraik. Hamabost urte ziren ez zuela poesia argitaratzen. Bere «zirimolan» sartuta, pentsamenduak hitz bilakatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu