Lau estreinaldirekin datoz Azpeitiko (Gipuzkoa) 36. Antzerki Topaketak: Atx! Teatroaren 7ak bat. Gaiztoetan gaiztoena lana ez ezik, han oholtzaratuko dira lehen aldiz Inondik inora (Benetan Be Teatroa), Roman eta Julieta (Borobil Teatroa) eta Matxinada (Azpeitiko Kultur Mahaia) lanak ere. Inondik Inora-k, besteak beste, desobedientzia eta arauen aurrean zer egin lantzen du, eta haurrentzako nahiz helduentzako ikuskizuna da. Roman eta Julieta-k, berriz, emaztearen heriotzagatik zeharo deprimituta dagoen 80 urteko adineko baten istorioa du ardatz. Maitasuna, diru gosea, harrotasuna, aurreiritziak eta beldurrak dira agertzen diren gaietako batzuk.
Estreinaldi egunak pozgarriak izanik ere, haraino iritsi aurreko prozesu horretan ere bidelagun izatea da Azpeitiko Udalaren eta Azpeitiko Kultur Mahaiaren nahietako bat. Hala, lehen aldiz, sormen astea ere antolatu dute topaketetan. Azaroaren 5etik 9ra izango da, eta hiru egitasmo nagusi hartuko ditu bere barruan: Oier Guillanek eta Jabier Barandiaranek Tartean dauden gorputzak izeneko tailerra eskainiko dute; Maita(k) ale borroka eta Kronopia mikroantzerki saioak ikusteko aukera izango da; eta2019rako antzerki sormen egonaldien deialdia ere egingo dute.Aurtengoetan, lau konpainiak hartu dute parte, tartean topaketetara beren lana estreinatzera datozen Atx Teatroak eta Benetan Be Teatroak.
Larunbatean hasiko dira topaketak, eta azaroaren 24ra arte iraungo dute. Guztira hamalau antzezlan ikusteko aukera izango da, estreinatuko diren hiru horiez gain, honako hauek: Matxinada (Azpeitiko Kultur Mahaia), Lur (Xake produkzioak), Txarriboda (Hika Teatroa), Oxido (Pez Limbo), Dublindarrak (Ados Teatroa), Ulises (Gorakada), Xokolat (Paraiso Teatroa), Takoidun Zapata Gorriak (Piszifaktoria), Elurra (Eromen Produkzioak), Linbo planeta (Dejabu Panpin Laborategia) eta Martin Zalakain (Artedrama). Horrez gain, antzerki alternatiboaren ziklo berezi bat ere izango da azaroaren 22an, eta Kamikaz kolektiboaren Tomiris eta Ttak Teatroaren Agur eta Dolore antzezlanak ikusteko aukera izango da. Eskolentzako antzerki egunek eta Corrado Masacciren Txotxongiloen ametsak erakusketak osatuko dute egitaraua.
Hasiera indartsua
Atzo egin zen topaketen aurkezpena, eta Josu Labaka Kultura zinegotziak iragarri zuenez, hasiera berezia izango dute topaketek. Izan ere, ehun herritar inguru igoko dira oholtzara larunbatean Matxinada ikuskizuna antzeztera. Imanol Elias idazle eta antzerkigile azpeitiarrak idatzitako obra musikatu bat da, eta Gariaren Matxinada deiturikoan oinarritzen da —Elias bera topaketen sortzaile eta sustatzaile izan zen urte askoan, baina 2013an hil zen—. Azkoitian eta Azpeitian gertatu zen protesta hura, 1766. urtean, jauntxoek gariaren prezioa igo eta herritarrak matxinatu egin baitziren. Duela urte pare bat, gertaeren 250. urteurrenaren harira, Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Kultur Mahaiak hainbat ekitaldi antolatu zituzten, eta Eliasek idatzitako antzezlana taularatzeko erronkari heldu zioten. Eliasen jatorrizko testuari Alaitz Olaizolak egin dizkio moldaketak, eta Unai Frantzesenarena izango da musika.
Topaketak antolatzeko diru aldetik urtero izaten dituzten zailtasunak ere aipatu ditu Labakak: «Orain bizpahiru urte esaten genuen jasotzen genituen laguntza apur horiek gutxitzen eta izozten ari zirela. Aurten ere egitaraua osatzeko nahiko lan izan dugu, baina egin dugu beste ahalegin ekonomiko bat, nahi genuelako punta-puntako antzerkilari horiek hemen egotea».
Sormen astea ere izango dute euskal antzerki topaketek aurten
Larunbatean hasi eta azaroaren 24ra arte, antzerkiari lotutako egitarau oparoa izango da Azpeitian. Lau obra estreinatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu