Durangoko 57. Azoka. Ahotsenea

Sorkuntzari arreta, sortzaileari ahotsa

Sortzaileei plaza bat emateko eta sorkuntza erdigunean jartzeko jaio zen Ahotsenea, orain dela hamabost urte. Ehunka musikari, idazle eta artista hartu ditu ordutik, eta erreferente bilakatu da, sustatzaileen ustez. Baina badu aurrera begirako erronkarik ere.

Gotzon Barandiaran eta Miren Narbaiza, aurten Ahotseneko zuzenekoak hartu dituen Durangoko Plateruena kafe antzokiaren atarian, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Durango
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Ez da harritzekoa ideia han sortu izana. Sortzaileek, kultur eragileek eta zaleek egunero egiten dute topo Durangoko Azokan, eta, ezin bestela izan, kultura izaten dute hizpide nagusi. Halako elkarrizketa batzuen ondorioz sortu zen Ahotsenea, lehen urteetan koordinatzaile izaniko Gotzon Barandiaranek gogora ekarri duenez. «Orain hamasei bat urte, hemen genbiltzan diskoetxe eta argitaletxe txiki batzuk azokari buruz gogoetan, eta eztabaidan hasi ginen, ez ote zen bihurtzen ari salerosketarako azoka bat. Guretzat produktua ezinbestekoa da, ze industria gure kultur ekosistemaren parte da, baina produkturaino heltzeko bide oso bat egin behar da, eta hor lehendabizi sorkuntza dago, hori gabe beste guztia ez dagoelako». Hain zuzen ere, arreta sorkuntzan jarri eta sortzaileei ahotsa emateko jaio zen Ahotsenea; hamabost urteko ibilbidea beteta, bide berean sakontzen segitu nahi du.

Salmahaien atzealdean zeuden sortzaileak aurrera ekartzea, eta haiei euren lanak euren ahotsetik ezagutarazteko aukera ematea, bai zuzeneko kontzertuen bidez, bai literatur solasaldien bidez. Zeregin hori jarri zion Ahotseneak bere buruari, eta ehunka artistak hartu dute aterpe bertan hamabost urteotan. «Hori zen nahi genuena: sortzailea eta zalea hurreratu, eta batez ere sorkuntzari berari garrantzia eman, ez bakarrik produktuari», Barandiaranen hitzetan. Gerediaga Elkartera jo zuten, proposamena egin zieten, eta aurrera jo zuten. «Hirugarren urterako sekulako indarra hartua zuen. Berehala izan zuen zale eta sortzaileen oniritzia; harrera oso ona jaso zuen. Uste dugu formatuak funtzionatu egin zuela».

Diskoak zuzenean aurkezteko bi oholtzadun karpa bat, liburuez solastatzeko areto bat, eta sortzaile bakoitzari ordu erdiko tartea. Hori izan da, labur esanda, Ahotsenearen formatua urteotan, bidean zenbait moldaketa izan badira ere —esaterako, karparen ordez Plateruenak hartu ditu aurten zuzenekoak, eta literatur solasaldiak Bartolome Ertzilla Musika Eskolan ari dira egiten, garai bateko Landako guneko aretoan beharrean—. Baina beti eutsi dio sortzaile orori baliabide eta denbora berak eskaintzeko ereduari. Eta hala, musikari, diskoetxe, idazle eta argitaletxeentzat «ezinbesteko erreferente» bihurtu dela dio Barandiaranek. Beste diziplinei lotuta sortutako guneekin, gainera —lehenik Saguganbara, eta ondoren Irudienea, Kabi@ eta Szenatokia—, «liburuen eta diskoen azoka bat izatetik euskarazko kulturaren azoka bat izatera» igaro da, haren ustez.

Ereduan asmatu dutelakoan dago Barandiaran, baina badute aurrera begirako erronkarik ere. «Zaleentzat erreferente nagusia Landako da, eta oraindik badaukagu lana jendeari esateko: 'Etor zaitez hona, hemen ere badituzu euskarazko musika, antzerkia, literatura, filmak... sormena bertatik bertara gozatzeko aukera'».

Miren Narbaiza musikaria da Ahotseneko egungo koordinatzailea, eta bat dator Barandiaranekin. Pandemiak aldaketak ekarri zituela gaineratu du, guneak «berrasmatzea» eskatu zielako egoerak, besteak beste. Eta leku egonkorren beharra sumatzen du berak, «jendeak ikasteko denbora ere behar duelako».

Harago eraman du gogoeta, aurrera begira jarrita. «Azoka bera handitzen ari da zentzu askotan, eta uste dut horri buruz ere pentsatu behar dela». Horren adibidetzat du bezperan ilara luzeak nonahi ikusten zirela, eta, hainbat ekitalditarako lekuak beteta, jende ugari kanpoan geratu zela. Eta nabarmendu du egun gutxian euskal kultur ekoizpen osoa kontzentratzen dela Durangon, baina urte osoan hari arreta ematea ere garrantzitsua dela. «Hau nukleo garrantzitsua izango da, eta jarrai dezala izaten, zeren behar dugu. Baina ikusten da nahi beste gauza badagoela urte osoan kontatzeko, eta pena da, ze hemen hainbeste dago, gauza pila batek ihes egiten dizula halabeharrez».

Bizirik dagoen plaza

Narbaizaren ustez, denbora beharko da azken urteotako aldaketek zer ekartzen duten, zaleek horiek barneratzen dituzten eta xedeak betetzen dituzten baloratzeko. Gako horiei lotuta ikusten baitu Ahotseneak jokatu beharreko rola etorkizunean. «Uste dut gure erronka dela jarraitzea izaten sortzaileen zerbitzura dagoen plaza bat, eta zubi bat sortzaileen eta zaletuen artean. Bizirik dagoen gune bat izan behar da Ahotsenea».

Hori lortzeko zer bide urratu gogoetatzen jarraitzea ezinbestekotzat dauka musikariak. Badute abantaila bat, haien ustez: kulturgintzaren inguruko etengabeko gogoetan bizi direla sortzaileak.

«Honek guztiak aurrera egingo badu, inbertsio publiko handiago bat behar da», gaineratu du Barandiaranek. Fokua kontsumitzean jarri ohi dela uste du, baina horretarako zaletasuna sustatzeko eta sortzaileen baldintza duinak bermatzeko kultur politikak beharrezkoak direla nabarmendu du. «Esaten badute hau dela euskarazko kulturaren plaza nagusia, sumatu dadila inbertsioetan ere, eta ez dezatela hartu gastutzat, hau inbertsioa baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.