Sorkuntzaren marabilli

Urriaren 10etik 13ra arte egingo dute Bigarren Marabilli sormen jaialdia Ondarroan

Marabilli jaialdiaren antolatzaileak eta Aitzol Aramaioren senideak, aurtengo kartelarekin. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Sormen festibala. Abizen hori jarri diote antolatzaileek urriaren 10etik 13ra Ondarroan antolatu duten Marabilli izeneko jaialdiari (Bizkaia). Ez da kasualitatea. 2011n hil zen Aitzol Aramaio zinemagile ondarroarra gogora ekatzea eta omentzea da jaialdiaren asmoa, eta, beraz, zinemak pisu berezia izango du horregatik. Literaturak, musikak, arteak eta dantzak ere izango dute beren tartea, ordea, eta horregatik abizena: sormen festibala. Musu bat, Aitzol! leloaz abiatu zuten egitasmoa iaz, eta Bi musu, Aitzol! leloa jarri diote aurtengoari. 20 ekitaldi baino gehiago prestatu dituzte, guztira, programa ofizialean eta estreinaldi bat ere izango da tartean. Kirmen Uribe idazlearen poemekin, eta Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valderderen laguntzaz osatutako Jainko txiki eta jostari hura ikuskizuna. Kiko Veneno eta Muchachito musikariak, Fernando Leon de Aranoa eta Koldo Almandoz zinemagileak ere izango dira jaialdian. Horiek, beste askoren artean.

«Bixitxi marabilli re». Maiz errepikatzen zuen Aramaiok esaldi hori, eta horregatik izendatu dute jaialdia Marabilli. Bizizaletasun hori delako ekitaldiekin zabaldu nahi dutena. Kalea izango da aurten jaialdiaren erdigunea. Hala azaldu du, behintzat, antolatzaile taldean ere badagoen Kirmen Uribe idazleak. Iaz Ondarroako Kafe Antzokian egin zituzten ekitaldirik gehienak, baina hura itxi, eta aurten festibal kaletarragoa egitea erabaki dute horregatik. Bilgune izan nahi dutela ere gehitu du. «Ez dira besterik gabe ikustera eta entzutera joateko antolatutako ekintzak, baizik eta ekintza parte-hartzaileak, eta errealitatearekin azterketa kritiko bat sortu nahi dugu beti».

Aramaio zinemagile izanik, egunero izango dira zinemari eskainitako saioak Bide onera zinema aretoan. Agur esateak dokumentala emango dute 10ean, Pura vida izenekoa 11 goizean, eta Fernando Leon de Aranoa eta Asier Altunaren arteko solasaldia izango dute jaialdiaren bigarren eguneko arratsaldean. Koldo Amandozen lanak emango dituzte 12n goizez, eta Amaren eskuak filmaren emanaldia eta gala egingo dute arratsaldean. 13an, Amalur lanaz arituko da Fernando Larruquert zinemagilea urriaren 13ko goizean, eta #Resist Ondarru dokumentalaren estreinaldia izango da gero.

Baina izango dira bestelakoak. Hamar minutuz beren sorkuntza prozesuari buruz arituko dira hizketan Oier Lertxundi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, Nagore Aranburu, Ismael Iglesias, Unai Iturriaga eta Pantxo Bedialauneta sortzaileak (10ean). Hitzaldia eskainiko du Ramon Chao kazetariak (11n) eta txiste poteoa egingo dute herrian Anartz Iturberekin (12n). Musika emanaldiak ere izango dira. Besteak beste, Muchachito y sus compadres taldea izango da 10ean, Bide Ertzean arituko da 11n eta Kiko Veneno 12an. Uribek idatzitako poemekin sortutako Jainko txiki eta jostari hura ikuskizunak itxiko du jaialdia. Liburu-CD bat egingo dute lan horrekin, eta estreinaldi aurreko saioa izango da Ondarroakoa. New Yorken egingo dute estreinaldia azaroan.

Programa ofizialean ageri direnez gain, beren sormen lanak herriko kaleetara eramateko deia egin diete. Iñigo Zabala diseinatzaileak egin du aurtengo kartela, eta bizkarreko ur zurrusak botatzen dituen balea ageri da irudian. Aramaioren familiak eskertu egin du ekimena.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.marabilli.re
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.