Sorkuntzan (ere) militatzea

Mari Dapena artistaren ibilbide osoko lanak biltzen dituen erakusketa antolatu du Sopuertako Enkarterrietako museoak.Kartzelan zegoela egindako grabatu sorta bat ere badago bilduman

Sopuertako Enkarterrietako museoan ikus daitekeen Mari Dapena artistaren azken sasoiko margolanetariko bat. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKIPRESS.
Inigo Astiz
2016ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Pintzel bakarraren parte dira konpromiso politikoa eta sorkuntza artistikoa Mari Dapena artistaren kasuan (1924, Barruelo de Santullan, Espainia- 1995, Bilbo); baina, hain zuzen ere, militantzia bikoitz horrek eraman zuen Euskal Herriko XX. mendeko bigarren erdialdeko arte mugimendu nagusien erdigunera. Arte erakusketa ibiltariak antolatu zituen 1950eko hamarkadan Agustin Ibarrolarekin eta Ismael Fidalgorekin, Bizkaiko Estampa Popular taldeko sortzaileetariko bat izan zen 1960ko hamarkadan, eta Euskal Arte Eskolen mugimenduko parte ere izan zen Emen taldean. Margolari, grabatzaile, eskultore, idazle eta kultur eragile, frankismoaren aurkakoentzat eta kulturgileentzat babesleku izan zen beti bere etxea, baina ia ezezaguna da oraindik haren izena. Dapenaren ibilbide osoa biltzen duten ia 50 artelan batu dituzte orain Sopuertako Enkarterrietako museoan (Bizkaia). Urte amaierara arte egongo da zabalik.

Javier Barrio museoko zuzendariak azaldu duenez, umetatik ezagutu zuen frankismoaren errepresioa Dapenak. 36ko gerraren aitzakian espetxeratu egin zioten aita, eta jabetza guztiak kendu zizkioten familiari, eta 1960ko hamarkadan kartzelan izan zen Dapena bera ere, erbestetik itzulitako Ramon Ormazabal alderdi komunistako kideari aterpea emateagatik. Gizarte borrokan eman zuen bizitza, baita artegintzan ere. «Beti bizi izan zituen lotuta artea eta politika», dio Barriok. Eta funtsezkoa da errepresioarena gogoan izatea, klabea baita sortzailearen jardun artistikoa ulertzeko.

Errepresio horregatik daude galduta Dapenaren lanetariko asko, adibidez. Leire Makazaga arte historialariak kontatu zuen zergatia, 2014an artistari buruz egindako ikerketan: «Ezin da zehatz jakin zenbat [grabatu] egin zituen, ez non estanpatu ziren, ez zenbateko tirada izan zuten, ez nork editatu zituen, ez eta beste gauza asko ere, haren erakusketak marjinalak zirelako eta haietariko asko polizia politikoak eta Guardia Zibilak bahitu eta suntsitu zituelako argitalpen subertsibo eta klandestinoekin parekatuta». Eta ez da soilik poliziak suntsitutako lanak falta direla, poliziaren beldur artistak berak ere hainbat lan suntsitu behar izan zituelako maiz.

Kartzelako grabatuak

Balmasedan hasi zituen arte ikasketak, eta sasoi hartako natura hil batzuk ere badaude erakusketan. Baina Ibarrolari ikasitako xilografia eta grabatu teknika dira klabea, aldatu egin baitzuen horrek Dapenaren sorkuntza. Koadro inpresionista kritikoak egiteari utzi, eta nagusiki grabatuak egiten hasi zen garai hartan, eta orduan sortu zuen Bizkaiko Estampa Popular taldea, Ibarrola eta beste hainbat artistarekin batera. Taldeko emakumezko bakarra zen Dapena. Eta Euskal Arte Eskolen mugimendua hasi zenean ere, Estampa Popularren kide zituenekin batera sartu zen Emen taldearen parte izatera.

Artea eraldaketa sozialerako tresna zela uste zuten Estampa Popular taldekoek, eta, horregatik, xilografia eta litografiara jotzea, teknika horiek kopiak egiteko aukera eskaintzen dutelako, eta eskuragarriago bilakatzen dituelako horrek piezak. Ikuspegi kritikoko figurazioa egiten zuten taldeko kideek, eta horretan aritu zen Dapena ere sasoi hartan. Irudietan arrantzaleak, nekazariak, amak, umeak, fabriketako langileak...

Kartzelakoak dira erakusketako piezarik deigarrienetariko batzuk, halere. 1962an atxilotu zuten Dapena bere senarrarekin batera, eta bi urtez eduki zuten preso. ¡Sr. Juez! (Soy presa de Franco) liburuan kontatu zituen han bizitakoak gerora, eta espetxean zela kartzelako bizitza irudikatzen duten grabatuak ere egin zituen, eta sorta hartako lau lan ikus daitezke orain Enkarterrietako Museoan. «Preso komunekin izandako hartu-emanaren ondorioz, sasoi hartan areagotu egin zitzaion feminismoa», zehaztu du Barriok.

Grabatuak eta koadroak dira nagusi erakusketan, baina hortik harago doa Dapenaren sorkuntza. Eskultura lantzen ere hasi zen 1964tik aurrera, eta poesia ere idazten zuen. Eta diziplina guztietan nahasian doaz konpromiso soziala eta artea. 1950eko hamarkadan, esaterako, artea herritarrei gerturatzeko antolatu zituzten arte erakusketa ibiltariak, eta, 1970eko hamarkada hasieran,helburu berarekin sortu zuen Dapenak Arteta galeria Santurtzin.

Leherketa bat aipatzen du Makazaga ikerlariak, Dapenari buruzko 2014ko azterketan haren estilo aldaketa azaltzeko. Data zehatza: 1967ko urtarrilaren 17ko gaua. Eta gertakaria: lau butano bagoiren leherketa Santurtziko tren geltokian. Bederatzi eraikin suntsitu zituen eztandak, eta Dapenak ere argi igarri zuen leherketaren eragina, geltokitik 500 metro eskasera bizi baitzen orduan. Eta eztanda horrekin dator aldaketa artistikoa ere. Naturaren hauskortasuna igarri zuen leherketa horren atzean, eta, pixkanaka, ordura arteko errealismo kritikoa baztertzen hasi, eta gero eta pintura abstraktu eta koloretsuagoa egiten hasi zen. Eta tematika berria ere badakar aldaketak, 1970eko hamarkadatik aurrera maiz lantzen baitu gizakiaren eta naturaren arteko harremana bere lanetan.

Barriok deskribatu du azken sasoi horretako produkzioa: «Baso asko agertzen dira, eta baso horietan, emakumeak, eta, maiz, emakume horiek landare ere bilakatzen dira. Oso fase intimista izan zuen, eta koadro oniriko asko ditu. Nahasten ditu natura, ekologismoa, feminismoa eta bere nortasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.