Sorkuntzak hasi eta bukatzeko zentroa

Uharteko Arte Garaikidearen Zentroaren orain arteko ibilbidea alboratu gabe, norabidea aldatu nahi dute zuzendaritza berriko lau kideek. Erakusketa gune ez ezik, arte ekoizpenerako eta elkarlanerako tokia izatea ere nahi dute.

Naiara Elola.
Iruñea
2016ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Orain arte egindako ibilbidea aintzat hartu, eta proiektuari «norabide berria» eman nahi dio Uharteko (Nafarroa) Arte Garaikidearen Zentroaren kudeaketaz arduratuko den zuzendaritza talde berriak. Artearen munduarekin harreman zuzena duten Oskia Ugarte, Nerea de Diego, Betisa San Millan eta Elisa Artetarena izango da ardura. Lehenengoz, emakumez osatutako talde bat arduratuko da zentroaz. Jakinarazi dutenez, ekoizpena, hezkuntza, feminismoa, ikerketa, parte hartzea eta gizarteari emandakoa itzultzea dira datozen lau urteetan garatuko duten proiektuaren oinarriak. Gainera, zentroa gune irekia izatea nahi dute, «nahi duenak proiektuan parte har dezan».

Artistek dituzten beharrei erantzutea izango da zuzendaritza berriaren xede nagusia.Sorkuntza prozesua hasieratik bukaerara arte gauzatu ahal izango dute artistek aurrerantzean. Hala jakinarazi du Oskia Ugartek. «Uharte ekoizpen zentro bihurtu behar da. Orain arte erakusketa gune izan da», kritikatu du. Alde horretatik, dagoeneko desagertua dagoen Donostiako Artelekuren eredua kontuan izango dutela gaineratu du. Izan ere, De Diegok aitortu duenez, prozesuan jarri dute batez ere beren interesa: «Azkeneko produktuak baino gehiago, sorkuntzako etapa guztiek zentroan tokia izatea nahi dugu». Izan ere, zentroaren bidez eragile ezberdinen artean sinergiak sortzea nahi dute, etorkizun hurbilari begira aukera eta proiektu berriak izan daitezen. «Superprodukzioen garaia amaitu da. Ez dugu zerbait negatibo gisa ikusten. Gizartearentzat eraginkorragoak diren proiektuek izango dute gurean tokia», adierazi du De Diegok.

Helmugarako bideak

Aurreikusi bezala, Sanferminak bukatuta ekin diote lanari ofizialki Ugartek, De Diegok, Artetak eta San Millanek. Lehen aldia da zentroa talde moduan kudeatuko dena. Ekinbidearen izaera feminista ere hor topatu daitekeela aldarrikatu dute: «Talde gisa aurkeztea, kudeaketa horizontala planteatzea eta parte hartzea sustatzea uste dugu feminismoarekin lotuta dagoela». Hain justu, hori euren ekinbidearen indarguneetako bat dela irizten diote. «Egia da ez dela batere ohikoa Uhartekoa bezalako toki bat taldean kudeatzea, baina erronka bat da», azaldu du Ugartek.

Datozen lau urteetan, artearen ekoizpenari dagokion prozesuan ez ezik fokua beste lau arlotan ere jarriko dute. Ikerketa izango da horietako bat. Ugarteren arabera, «praktika artistikoan ikerketa gai gisa lantzeko interes berezia dugu». Modu horretan, artea egiteko bide berrietan sakontzeko aukera izango da aurrerantzean. Gainera, Uhartekoa gune irekia izatea nahi dute, eta, horretarako, parte hartzea sustatzeko asmoa dute. «Prozesuak aurrera ateratzeko artistek bakarrik ez daudela jakitea nahi dugu, batzuen eta besteen arteko elkarlana indartzeko».

Bestalde, itzalpean, ezkutuan, azaleratu gabe egon daitezkeen gaitasun artistikoen sustapena ere landuko dute. Hezkuntza izango da hori ahalbidetuko duen tresnetako bat. Baina ez hezkuntza ikastetxeei begira bakarrik, «baita kulturaren demokratizazioaren bidean ere». Ideia horretan sakonduz, gizarteak modu batera zein bestera egiten duen ekarpena itzultzeko beharra dagoela irizten diote. Horregatik, proiektua zirkulu forman dute planteatua, hartzen duenak emateko aukera ere izan dezan Uharteko zentroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.