Durangoko 53. Azoka. Josune Arakistain, Huntza musika taldeko abeslaria eta Malen Amenabar, Txakur Gorria sormen taldeko kidea.

«Sorkuntza zirkuitu asko dago azokaz harago, eta balioa eman behar zaie»

Azokako korridoreetan gora eta behera aritzen ziren lehen, eta, orain, urte batzuen ostean, erakusmahai atzean egoten dira biak. Durangokoa plaza garrantzitsua da haientzat, baina urte osoko jardunean jarri dute arreta.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Durango
2018ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Aurtengo Durangoko Azoka berezia da Malen Amenabar (Larrabetzu, Bizkaia, 1994) Txakur Gorria sormen kolektiboko kidearentzat. 53. aldiko kartela ontzeko ardura izan dute Txakur Gorriako kideek, eta azoka gertuagotik ezagutu du horregatik. Erakusmahaiaren atzean izango da egunotan, sormen kolektiboaren uzta aurkezten. Josune Arakistain Huntza taldeko abeslaria ere (Deba, Gipuzkoa, 1996) bisitari huts zen lehen, eta salmahaiaren beste aldean aritzen da orain. Bi-biek aitortu dute, umorez, ia ez dutela atsedenerako tarterik izango, eta, nekagarria izan daitekeen arren, gustura hartzen dutela Durangora bidea.

Nola oroitzen duzue azokara etorri zineten lehen aldia?

MALEN AMENABAR: Niri hotza datorkit gogora, eta karpa erraldoi bat. Azokako lehen oroitzapenetan, euria ere etortzen zait burura, eta Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoen bideoa.

JOSUNE ARAKISTAIN: Nire txikitako oroitzapenak bi dira: fabrika zahar baten tximinia, batetik; eta, hostoen forma duen lurra, bestetik.

Zer da zuentzat Durangokoa: azoka bat ala elkargunea?

M.A.: Biak. Erakusmahaian beste sortzaile batzuekin batera egoten gara, eta, alde horretatik, elkargunea da niretzat. Baina, bere horretan, azoka ere bada: gure kolektiboarentzat, erakusleihoa.

J.A.: Gure kasuan, kontzertuetan, oholtza baten gainean gaudenetan, publikoa gertu sentitzen dugun arren, oso bestelakoa da zaleekin dugun hartu-emana: hemen, zure lana entzuten dutenekin edo entzungo dutenekin zuzeneko harremana duzu; beroagoa.

Aisia ala lana da azoka?

M.A.: [Irriak] Ba, orain dela gutxi arte, aisia; orain, aldiz, lana.

J.A.: Lana da, bai... Edonola ere, sarritan, gogoz kontra egiten dugun horrekin lotzen da lana, eta kasu honetan ez da horrela. Gustura egiten dudan lan bat da egunotakoa.

Zein da azokan izan duzun unerik bitxiena?

M.A.: Ez da azoka barruan gertatutakoa, baina zerikusia du harekin: Durangoko Azokako kartela egiteko eskatu zigutela esan zidaten une hori surrealista izan zen. Sekretuan gorde behar izate hori izan da, niretzat, okerrena; esan nahi eta ezina. Hitz asko egitekoa naiz, eta kostatu zait. Ondo gorde dut, hala ere [irriak].

J.A.: Hemen izan ginen lehen urtean, Aldapan gora abestiaren arrakastaren ondoren, dena zen berria guretzat. Lehen talka hori izugarria izan zen. Espero ez genituen gauzak gertatzen zitzaizkigun etengabe.

Azoka aldatu egin da, zuen ustez?

J.A.: Bai, zalantzarik gabe. Nire bizipenak aintzat hartuta, lehen ikusle nintzen, eta, orain, beste aldean nago. Horrek guztiz aldatu du azokaren inguruan dudan ikuspegia. Ikusle nintzenean ezagutzen ez nituen azokako txoko ugari ezagutzen ditut orain. Eta berdin jendearekin ere.

M.A.: Bai, gauza bera esango nuke nik ere. Aurtengoa begiratzea besterik ez dago. Azoka maiatz eta apiril inguruan hasi da guretzat, kartelaren prestaketa guztiarekin. Bada, izugarria izan da Durangoko Azokak zenbat hartzen duen jakitea. Ikaragarria da ikustea zein zainduta dagoen dena. Horrek asko eman dit.

Durangoko Azoka gehiago behar ditu euskal kulturak buruestimua igotzeko?

M.A.: Ez. Hauxe behar da: Durangoko Azokatik kanpo sortzen den guztia baloratzea. Euskadi Irratiko Arratsean saioan izan ginen duela gutxi. Irratsaio bakoitzean bi proiektu edo bi sortzaileri buruz aritzen dira saioan egunero. Esan nahi dut: egunero dago zerbait, eta ez gara konturatzen. Azokaz harago, sorkuntzarako zirkuitu asko dago, eta horiei guztiei balioa eman behar zaie.

J.A.: Guztiz ados nago. Azokaz harago, kultura asko dago, ezagutzera iristen ez dena.

Norekin hartuko zenituzke trago batzuk?

M.A.: Mikel Laboarekin.

J.A.: Hemen gauden sortzaile guztiek joan beharko genuke, elkarrekin, poteoa egitera edo triki-poteoa egitera.

Urteotako guztiotako kantu bat eta liburu bat?

M.A.: Ruper Ordorikaren edozein abesti. Eta, liburuari dagokionean, Eider Rodrigezen Haragia.

J.A.: Iazko azokan, adibidez, Plastikozko loreak [Txakur Gorria] liburua erosi nuen [irriak].

M.A.: Ez du balio horrek. [Irriak]. Orduan nik, kantua, Huntza taldearen baten bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.