Jon Bagues. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko zuzendaria

«Sorkuntza lan gehienak autoekoizpenak izatea ez da ona»

Elkarteak 40 urte bete ditu, eta «osasuntsu» dago. Erabiltzaile eta bisitari kopurua hazi da, eta, gainera, artxiboa gizentzen jarraitzen dute. Musikarekin harreman zuzena ez duen jendea ere erakarri nahi dute, ordea.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Errenteria
2014ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Nahiz eta Euskal Herria fisikoki txikia izan, sortzerakoan ausartak izan behar dugula iruditzen zaio Jon Bagues (Errenteria, Gipuzkoa, 1955) Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko zuzendariari. Bera behintzat, elkarrizketa hasi aurretik determinazioz mugitzen da alde batetik bestera: azkar eta pauso txikiak emanez. 1985etik 2011ra arte Capilla Peñaflorida ahots taldearen kidea izan zen. Antzinako musika kantatzen zuten. Txistua jotzen du, baita biolina, txirula barrokoa eta pianoa ere. «Baina ganora handirik gabe». Eresbilen, ordea, sortzea beharrean kudeatzea dagokio.

Kultura munduan negar asko egiten dela esaten da. Zuek, ordea, agerraldi publikoa egin zenuten joan den astean zeuen egoeraren berri emateko, eta ez zineten ezertaz kexatu. Hain osasun ona al du Eresbilek?

Zertarako kexatu, ezta? [umorez]. Bai, krisi ekonomiko bat pairatzen ari da gizartea, eta jasotzen genituen laguntzak murriztu dira, bai. Baina osasuntsu gaude, ez dugu beldurrik. 40 urte beteko ditugu aurten, eta horrek esan nahi du erakundea sendotu dela; gainera, gure lana gizarteratu dugula uste dut. Kezkatuta, egotekotan, euskal musikaren egoerarekin gaude kezkatuta, batez ere sorkuntza eta produkzioa murrizten ari direla ikusten dugulako. Diskoetxeek indar txikiagoa daukate, esaterako.

Diskoetxeek jaitsi dute produkzioa, baina oraindik ere sortzen dira lanak, inoiz baino gehiago, ziurrenik, horretarako beste bide batzuk erabiltzen diren arren.

Bai, arrazoia duzu. Diskoetxeak mehetzen ari dira, baina egia da Euskal Herrian produkzioa mantendu egiten dela orotara. Ados, egia da. Baina diskoetxeek osatzen dute, nolabait, sare bat, eta, sare hori musikaren eta kulturaren ardatz bat denez, kulturaren zutabea indartu edo ahuldu egiten dute. Egia da sorkuntza lan asko daudela, baina horietako gehienak autoekoizpenak dira azken urteotan; eta hori ez da ona. Estrukturatu gabeko sorkuntza da. Horrek esan nahi du bakoitzak bere kabuz lan egiten duela, zaila egiten zaiela kultur autobideetatik eta kultur korridoreetatik joatea. Tira, agian, oraindik ez ditugu kultur autobideak eratu.

Eta beharrezkoak al dira?

Horiek ez edukitzea inorentzako ez da ona. Euskal Herriak kultura potente bat edukiko balu, hemendik kanpo salduko litzateke; eta jendeak horretatik bizi ahal izango luke. Horrek ahalbidetuko luke, aldi berean, mentalki askeagoak izatea eta proiektuak askatasun eta ausardia handiagoarekin egitea.

216.206 dokumentu dauzkazue, eta oraindik katalogatu gabe dauden beste 26.000 gordeko dituzue , beste zortzi funtsi esker. Kopuru hori handia al da artxibo bat izateko?

Nondik begiratzen zaion, norekin konparatzen duzun zeure burua... Euskal Herria aintzat hartuz gero, handiak gara; hemendik kanpo, txikiak. Kataluniarekin konparatuta, esaterako, haiek askoz ere handiagoak dira, baina kontuan hartu behar da Bartzelona hiriak berak Euskal Herriaren biztanle kopurua bikoizten duela. Katalunia eremu oso kultua da.

Eta Euskal Herria ez?

Ez hainbeste; hori argi dago. Erreferente izan dira Errenazimentu garaitik. Sasoi hartako zer musika daukagu? Oso gutxi...

Zein da Eresbilera fisikoki etortzen denaren edo Internet bidez eskaera bat egiten duenaren profila?

Hiru multzo daudela esango nuke. Batetik, jende arrunta dago, une jakin batean partitura edo disko bat nahi duena. Hainbat arrazoirengatik etor daiteke jende hori. Bestetik, erabiltzaile musikariak daude. Orkestretako eta bandetako jendea, koruetakoak... Eta azkenik, hirugarren multzoan, ikerlariak daude.

Lehen multzo horrentzat, zuk jende arrunta deitutako multzokoentzat, zein balio eduki dezake Eresbilek?

Jendea ohartzen denean orain gutxiko grabaketak edo diskoak ditugula, zera esaten dute: «Kontxo, hori ere badaukazue eta!». Jende askok pentsatzen du partiturak, antzinako musika edo klasikoa soilik gordetzen dugula. Gure eginbeharra da genero eta estilo desberdinetako ahalik eta dokumentu gehiena gordetzea.

Taldeek diskoarekin etortzeko ohiturarik ba al dute?

Batzuk etortzen dira, bai. Orain dela gutxi bizpahiru diskoetxerekin jarri gara harremanetan, eta esan diegu nobedadeak bidaltzeko, guk kataloga ditzagun.

Ez al daukazue akordiorik diskoetxeekin?

Orain arte ez. Idatzi bat bidali diegu duela gutxi. Uste dut bai diskoetxeei eta bai geuri ere interesatzen zaigula. Taldeek edo diskoetxeek komunikabideetara disko bat bidaltzen dutenean, horrekin batera ohar bat igortzen dute, taldea zein den, nola sortu den eta bestelakoak aipatuz. Ba, ohar hori, aldi berean, garrantzitsua da guretzat. Dokumentuek, beharbada, unean-unean ez dute garrantzirik, baina bai historikoki.

Kasu praktiko batez mintzatze aldera: inork, adibidez, Koska taldearen disko bat nahi baldin badu, jo dezake Eresbilera haren bila?

Bai, bai; kopia bat egin diezaiokegu. Deskatalogatuta dauden lan asko dauzkagu.

Eta musikari ezagunak etortzen al dira Eresbilera?

Ez gehiegi, baina bai. Folk musikariak, adibidez, bai. Sortzaileak baino gehiago taldeak etortzen dira, baina horrek badu bere logika: sortzaileak, azken finean, beste sortze prozesu bat jarraitzen du, eta bere iturriak beste batzuk izaten dira.

Kuriositate hutsez hurbiltzen al da inor?

Egia esan, ez asko, ez baikara hain ezagunak. Egiten ditugu bisita gidatuak hirugarren adinekoekin, musika eskoletako ikasleekin... Baina jende arrunta...

Musikarekin harreman zuzena ez duen jende gehiago erakarri nahiko zenukete.

Bai. Bisitak ere antolatzen ditugu. Ona da jende arruntari erakustea zein motatako dokumentuak gordetzen ditugun, eta jakin dezatela eskuragarri daudela.

Bihar goizean edonork bisita bat egin nahi baldin badu, etor daiteke, hortaz?

Normalean ez da horretarako arazorik egoten .

Zer egin daiteke gizartean ikusgarriago egoteko?

Interneten bidez lortu nahi dugu hori. Argi daukagu ez dugula bisita presentzial masiborik nahi; prestatuta ez gaudelako, ez toki eta ez pertsonal aldetik ere. Orduan, gure kaleko leihoa Internetek izan behar du. Orain arte informazioa eman dugu batez ere, baina hemendik aurrera dokumentu gehiago jarri nahi ditugu sarean.

1.102.221 ikus-entzunezko dokumentu, 79.222 partitura, liburutegiko 18.012 dokumentu eta 16.751 dokumentu orokor (gutunak, argazkiak, kartelak...). Zein elementuk jasotzen ditu eskari gehien?

Oraindik ere partitura dela esango nuke. Jendeak fotokopia bat egiten du, edo bestela PDF artxibo bat bidaltzen zaio posta elektronikoz. Prezio sinboliko bat ordaindu behar da [Bederatzi euro CD-en kopiagatik].

Katalogatzeke dauden 26.000 dokumentu horietatik 23.000 Herri Irratiko fonotekakoak dira.

Fonoteka horretako dokumentu gehienak CDak dira. Guk, funts handi gisa, Donostiako SER eta Radio Nacionalen fonotekak dauzkagu. Orain, Herri Irratiarena jaso dugu. Lehen bietakoak biniloak dira, batez ere. Euskal musika gehiena barruan daukagula uste dut, baina hori ez dena biltzen badugu [Herri Irratiko fonotekaz ari da], lagunduko digu artxiboa gizentzen. Eduki aldetik, ondo. Bestetik... Zaila da. Zergatik? Kontserbazio aldetik biniloa CDa baino hobea delako. Hemendik urte batzuetara desagertu egingo da ziurrenik. Horrek esan nahi du hemendik epe batera erabaki bat hartu beharko dugula: edo hori guzti hori digitalizatu eta gorde, edo aukeraketa bat egin.

Erosketak egiteko diru gutxi edukita, dohaintza al da artxiboa gizentzen jarraitzeko bide bakarra, ala bilaketa lanean ere segitzen duzue?

Bai, jarraitzen dugu bilaketa lanean. Askotan jendeak eskatzen digu zer nahi duen, eta geure bildumaren hutsuneak osatzeko balio baldin badu, aurrera, bilatzen hasten gara.

Jakin al daiteke zer ari zareten bilatzen?

Gauza asko. Hainbat musika arlotan egiten ari diren genero berrien grabaketak ez ditugu galdu nahi, adibidez. Fusion, funk... Euskal musika ulertzen laguntzen, eta azaltzen duen guztia interesatzen zaigu.

Musikaren Euskal Artxiboa dauka izena elkarteak. Zein irizpide jarraitzen duzue dokumentu bat gordetzerakoan?

Hainbat irizpide daude. Alde batetik, euskara eta musika lotzen dituzten dokumentuak daude. Euskal Herriarekin lotura dutenak ere badira, noski; berdin zaigu sortzailea hemengoa den edo kanpokoa. Madonnak disko baterako erabili duen euskal kantuaren grabaketa interesatzen zaigu, adibidez.

Baita Euskal Herrikoak izan baina ingelesez kantatzen duten taldeen diskoak ere?

Horiek ere bai. Zirkulu zentrokideen teoria erabiltzen dugu hori azaltzeko. Euskal Herriarekin zerikusia duen edozein paper jasotzea da gure eginkizun nagusia.

Zer eman diezaioke Eresbilek gizarteari?

Euskal musikaren sormenari laguntzea. Gure pozik handiena izango zen Euskal Herriko sortzaileek munduan izen eta leku bat edukitzea; eta hori bultzatzea izango zen Eresbilen beste eginkizunetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.