Zer ulertzen dugu memoria historikoarekin? Eta memoria historikoari zer ekarpen egin diezaiokete literaturak, sorkuntzak, fikzioak?». Mario Santana Chicagoko unibertsitateko (AEB) irakasleak gaia mahai gainean jarri zuen joan den asteartean, Baionako Iker zentroan Jean Haritschelhar katedrak antolatutako Sorkuntza literario garaikidea euskaraz eta gazteleraz: memoriaren lana mintzaldian. Memoriaz eta literaturaz aritu ziren Santana eta Iñaki Aldekoa Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea.
Etxepare Euskal Institutuak eta Bordeleko (Frantzia) Montaigne Unibertsitateak hitzarmen bat izenpetu zuten 2016an, euskal ikasketak unibertsitatean sustatzearren. Akordio horren segida gisa sortu zuten Jean Haritschelhar Katedra, eta 2017tik geroz abian dute proiektua. Katedraren 2018ko edizioa hizkuntzen arteko kontaktuaren eta eleaniztasunaren inguruan harilkatu bazen, aurtengoan literaturari utzi diote lekua.
Maiatzaren 13an eta 14an antolatuakzituzten jardunaldiak, lehenik Bordelen eta biharamunean Baionan, Literatura sorkuntza eta memoriaren lana izanik ardatz. Hain zuzen ere, memoriaren eta literaturaren artean izan daitekeen harreman hertsia landu dute bi egunotan, Espainiako gerra abiapuntutzat harturik, eta betiere literaturari loturik.
Astearteko saioan, Santanak memoria historikoa eta fikziozko obra garaikideak landu ditu, eta Aldekoa, berriz, iragan hurbilaren memoria literarioari buruz aritu da. Euskal literaturaren eta memoria historikoaren arteko lotura lantzeko, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso hartu ditu oinarri.
Espainiako gerra, frankismoa eta ETA abiapuntutzat hartuz, iragan traumatiko hori espainiar eta euskal literaturan nola islatzen den azaldu du Santanak.«Nola ulertzen da memoria gaurko literaturan? Zer egin gerra zibileko biktimekin? Zer egin memoria horrekin?». Santanaren ustez, memoriaren gaiak «eragin handia» du gaurko ekoizpen kulturalean, baina zehaztasun bat falta zaio, haren ustez. Eta hortik hasierako galdera: Memoria historikoari zer ekarpen egin diezaiokete literaturak, sorkuntzak eta fikzioak?»
Iragana eta oraina salbatu
Santanak honela definitu du memoria: «Orainaldian eragiten digun eta argitu nahi dugun iragan bati buruzko jakintza da memoria». Horrela, oraina esplika dezaketen iraganeko uneei begiratuz, komunitate gisa egin daiteke memoriaren lana, haren ustez. «Komunean dugun iraganak elkarrekin bizi dugun oraina argiago ikusten utziko liguke, eta hori jakintza intelektual soiletik harago doa; eragiten digun horrek zerbait egiteko eskatzen digu».
Aldekoarentzat, ordea, memoria historikoa eta memoria kolektiboa ez dira nahasi behar «Historialarien erranek eta idazleen erranek ez dute zertan bat egin». Aldekoak gehitu du memoria «irudimenaren ondorio» dela.
Walter Benjamin filosofo eta literatura kritikari alemaniarraren hitzak oroitaraziz, memoria historikoak memoria, historia eta parte hartze etiko edo politiko bat eskatzen dituela gaineratu du Santanak. Horrez gain, iragan faktiko batek iragan posible bat gordetzen duela ohartarazi du, eta, hain zuzen ere, iragan posible hori orainaldi posible batekin lotu daitekeela. «Beti badira beste orainaldiposibleak. Memoriak iragana eta oraina salbatzen ditu, beste orainaldi bat sor dezakegulako».
Memoriaren problematika edo eginbehar horren aitzinean, literaturak, Santanaren iritziz, bi bide hartu ditu orain arte, iragana erakutsiz fikzioaren bidez. Lehenik, eleberri autobiografikoak egin dira. Horiek iraganeko oroitzapena dakarte, eta iragan kolektiboaren eta indibidualaren arteko muga erakusten dute lehen pertsonaren bidez. Pertsonaiaren kontzientzia emana zaio irakurleari argitan. Bestalde, eleberri historikoak ere egiten dira, eta antzinako belaunaldien gertaerak kontatzen dituzte horiek. «Guk bizi izan ez ditugunak, beste garai batekoak».
Halere, beste eredu baten berri eman du Santanak. Memoria historikoa darabilten eleberriak idazten dira gero eta gehiago, zeintzuetan memoria historikoaren problematika gai nagusitzat hartzen den. Eleberri horietan narratzaileek iragana ikertzen dute, orainean izanik ere. Pertsonaia nagusiak iragana ezagutzeko eta oroitzeko beharra du, beti orainaldiko egoera argitzeko.
Horrek iraganaren eta orainaldiaren arteko loturak azpimarratzen ditu, eta horrek ekartzen dituen mugak argitaratzen. «Nork du iraganaz oroitzeko eskubidea? Zer inplikazio politiko edo etiko dakartza horrek?»
Horrela, literaturaren bidez, gorderik edo isilpean dirauen historia irakur daiteke. Belaunaldien arteko aldaketak aipatu ditu Santanak, horrek ahalbidetzen baitu gai korapilatsuei buruz distantzia gehiagorekin mintzatzea. «1981ean, Espainiako populazioaren %8 baizik ez ziren frankismotik landa sortuak. 2001ean, aldiz, biztanleen %28k ez dute ezagutu frankismoa». Trantsizio garaiak lekua utzi die belaunaldi berriei gai horiei buruz mintzatzeko, eta bost eleberriren adibidea eman du Santanak: Dulce Chaconen La voz dormida, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea, Jordi Solerren Los rojos de ultramar, Kirmen Uriberen Mussche eta Carme Rierak idatziriko La meitat de l'ànima.
Obra bakoitzean, pertsonaia nagusiak iraganaren eta orainaren arteko loturak egiteko bere bidea egiten du, eta baliabide literarioen bidez lantzen du egileak memoria historikoa. Gehitu du eleberri horiek, orokorrean pertsonei buruzkoak badira ere, gero eta gehiago objektuek ere ahalbidetzen dutela iraganaren eta orainaren arteko zubia.
Hortaz, Aldekoakazaldu du nola landua den memoria historikoa Jenisjoplin eta Hamaika pauso obretan. Bien ikuspegi historiko politikoaz aritu da hizketan, bi belaunaldi desberdinen arteko aldaketa erakutsiz. Uxue Alberdik, 1984an sortua izanik, hurbilagoa den garai baten lekukotasuna ekartzen du. Izan ere, Alberdiren eleberria 2010ean hasten da, eta, ETA oraindik aktibo izanik ere, beste borroka batzuen eramaile da protagonista.
Sorkuntza eta memoria lana
Memoriak sorkuntzan eta zehazki literaturan izan duen eta duen eraginari buruz mintzatu dira Mario Santana eta Iñaki Aldekoa, Baionan egindako jardunaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu