Obra arkitektonikoak, kafearekin eta igeltsuarekin eraikitako eskulturak, trafiko seinaleekin sortutako artelanak, bideoak... Horiek denak biltzen ditu egunotan Bilboko Rekalde aretoak. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ertibil lehiaketan aurten saritutako hemezortzi artisten lanak dira denak, eta irailaren 17ra bitarte egongo dira ikusgai.
«Bizkaiko gaitasunak, talentua, artea eta etorkizuna irudikatu izan ditu beti Ertibilek. 41 urteko ibilbidearekin, erreferente bihurtu da arte bisualen esparruan», Begoña Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariaren hitzetan. Adierazi duenez, bi dira Ertibilen helburuak: sortzaile berriei laguntza eskaintzea, eta euren lanak sustatzea. «Sortzaile gazteen espektro artistikoaren alderdi berritzaileena hartu du Ertibilek, eta arte garaikidea eskuragarriago egiteko aukera ematen du».
Askotariko teknikak erabili dituzte artistok beren obrak sortzeko. Jon Ander Garciaren Sufi obra da bisitariek aretora sartu orduko aurkituko duten lehena. Hain zuzen ere, haren lanak eraman du lehiaketako lehen saria. Margolaria da Garcia, eta material ugari erabili ditu aurkeztu duen obran; besteak beste, oihalak, pintura akrilikoa, jutea, kotoia eta haria. Oihal zatitxoekin bere interpretazio figuratiboak osatu ditu artista gazteak, eta formak nabarmentzen dira haren marrazkietan. Garciak berak eman ditu bere obraren inguruko azalpenak: «Lan honek haurtzarora narama, Stick Stack izeneko album batzuetara».
Maider Aldasorok eskuratu du lehiaketako bigarren saria. Burdinazko xafla baten gaineko soldadura oinarri duen lana aurkeztu du berak. Pieza handia eta astuna da Shirt off nere back izenekoa. Aldasorok kontatu duenez, 2021ean hasi zen obra lantzen: «Metalarekin hasi nintzen lanean. Hasieran, pieza handi bat neukan, eta ez nekien zer egin harekin; eraldatze prozesu baten emaitza da ikusgai dagoen hau».
Bizkaiko Foru Aldundiak 1983. urtean jarri zuen abian Ertibil lehiaketa, sortzaile berrien lanak biltzen dituena. Aurten, Bizkaian bizi edo lan egiten duten 146 artista gaztek parte hartu dute. Horien artetik, epaimahaiak hemezortziren lanak hautatu ditu erakusketa osatzeko, arte garaikidearen aniztasuna eta kalitatea islatzen dutelakoan. Alazne Zubizarretak; Naia del Castillok, Aimar Arriolak eta Miriam Alzurik osatu dute aurten epaimahaia. Halaber, hiru sari ere banatu ditu: Garciari eta Aldasorori ez ezik, Ibai Madariagak eta Miel Oiartzabalek osatutako bikoteari ere egin dio aitortza.
Madariagak eta Oiartzabalek azaldu dutenez, «konbentzio guztietatik ihes egiteko» joera dute sortzeko garaian. Horregatik, material industrialak eta ohiko erabilera duten tresnak baliatzeari ekin ziotela kontatu dute. Hala du izena bien artean sortu duten lanak: (-_-). Badu zergati bat izen hori jarri izanak; izan ere, makila horizontal bat da eskulturaren ardatza, eta «soiltasunez» betetzen du espazioa, ikusleari bolumenaren inguruko jolasak proposatzeaz gainera.
Julen Martin artistarena da erakusketan ikusgai dagoen beste obretako bat. Bi piezak osatzen dute harren Tempus Fugit obra. Igeltsua, kafea, koloratzailea eta oihalak dira, besteak beste, erabili dituen materialak. Haren hitzetan, «edertasuna eta hilkortasuna» uztartzen ditu. Idoia Leatxek, aldiz, trafiko seinaleetatik ateratako altzairu galvanizatutako bi pieza aurkeztu ditu. Eta Daniel Alegretek, bestalde, beldurrezko zinemaren zenbait sekuentzia uztartu, eta film labur bat berreraiki du lehiaketarako.
Horiez gain, honako artista hauen lanek osatzen dute bilduma: Izaskun Araluzea, Alejandro Gonzalez, Julene Gregorio, Leire Lakunza, Ibon Landa, Claudia Rebeca Lorenzo, Lugha Mathews, Estela Miguel, Javier Ozkoidi, Ander Sagastiberri, Amaia Santamaria, eta Imanol Abadek eta Imanol Expositok osatutako bikotearenak.
Japonian egonaldia
Obra guztiak irailaren 17ra arte Bilbon ikusgai egongo badira ere, beste leku batzuetara ere eramango dituzte aurrerago. Izan ere, urteak dira Ertibil erakusketa ibiltaria ere badela. Aurten, esaterako, Bizkaiko beste lau udalerritan ere jarriko dute ikusgai, urriaren 16tik aurrera: Getxon, Sestaon, Balmasedan eta Barakaldon.
Bestalde, eta aitortza jasotzeaz gain, Japonian bi hilabeteko egonaldi bat egiteko aukera ere irabazi dute hiru saridunek: Garciak, Aldasorok, nahiz Madariagak eta Oiartzabalek osatutako bikoteak. Erakusketarako hautatutako gainerako artistek 2.000 euroko ordaina jaso dute.
Sorkuntza berriak erdigunean
Ertibil lehiaketaren 41. aldian parte hartu duten hamazortzi artistaren lanak bildu dituzte Bilboko Rekalde aretoan. Irailaren 17ra bitarte egongo dira bertan ikusgai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu