'SORIONAREN' OSTEKO LOKATZETAN

Irulegiko Eskuko idazkunean, 'sorion' hitza bat dator Blanca Urgell eta Borja Ariztimuño hizkuntzalariek orain arte ezagutu dituzten erreferentziekin, baina ez dute modurik horren ondoko 'ku' hori denborarekin 'ko' bihurtu dela azaltzeko. Eta, lehen hitzaren amaieran, problemak hasi besterik ez dira egin.

BERRIA.
Andoni Imaz
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Ospakizun giroa izan du Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren biharamunak. Azalean, ikusi dira bateko berotasuna, besteko hoztasuna, eta batzuen eta besteen arteko ika-mikak; eta, horren guztiaren azpian, nabarmena izan da hizkuntzalarien isiltasuna, eta hitz egin dutenen jarrera zuhurra. Blanca Urgell eta Borja Ariztimuño hala mintzo dira: dibulgazioari uko egin gabe, poza eta zorroztasuna neurri berean transmititu nahian. Beste asmo batzuk zituzten aste honetarako, baina eskuak haiei ere heldu die, eta batetik bestera ibili ditu, oraindik ezer ez jakitearen segurtasun soilarekin. Lanerako prest, baina atseden beharrean. «Honi hozten utzi behar zaio».

Ariztimuñok «poz izugarriarekin» bizi izan zuen aurkikuntza aurkeztu zuten unea, baina «frustrazio» pixka batekin ere bai. Frustrazioa, lehen hitza irakurrita ematen duelako hor egon litekeela bide bat testua euskararekin lotzeko, baina oraindik ez dutelako abiatzeko elementu askorik. Tantaloren mitoarekin gogoratu da Urgell: «Jatekoak hurbil-hurbil zituen, baina, hartzera zihoanean, urrundu egiten zitzaizkion. Ba, horrelako sentsazio bat dugu. Hortxe dago, baina ezin diogu heldu».

Dena dela, Irulegiko Eskuko testuak duen garrantzia ukaezina da: «Hizkuntza berean egindako testu bat izateak ematen dio garrantzi guztia; ez dago orain arte aurkitutako gauzatxoekin konparatzerik», esan du Urgellek. «Baina ezin diogu etekinik atera».

Eskoletan, ikasleei kontatzen die hizkuntza baten historia egiteko bi modu daudela: bata kanpoko historia da, hiztunek bizi dutena, eta bestea, berriz, barnekoa, hizkuntzak berak izan duen bilakabidea. Oraingoz, aurkikuntzak gauza gehiago esan du kanpokoaz, barnekoaz baino: «Hau baskoieraren adibide bat balitz, egiaztatuko luke baskoiak ez zirela uste genuen bezain agrafoak, baizik eta idazkeraren ohitura hartu samartuta zeukatela. [Javier] Velazak esan zuen inork ez duela egokitzen idazkera bat lau gauzatxo idazteko, eta hori horrela da. Baina, hizkuntzaren aldetik, oraingoz, ez dugu ezer ikasi, ez dugulako ondo ulertzen».

Orain arte, akitanierazko materiala zegoen, pertsona izenek, jainko izenek eta leku izenen batek osatua. Joakin Gorrotxategik hori aztertu zuen bere doktoretza tesian. Garai hartan, ikasten bukatzen ari zen Urgell: «Orduan ikasi genuen akitanierak holako eta halako ezaugarriak zituela, eta, horregatik, neurri handi batean euskararen arbaso bat zela, [Koldo] Mitxelenaren ustez, eta hari lagundu ziola aitzineuskara berreraikitzen, zeren baditu ezaugarri batzuk gaurko euskarak ez dituenak».

Gorrotxategi konturatu zen, ordea, ezberdintasun batzuk egon zitezkeela. «Eta logikoa da, zeren oso lurralde zabala baita, eta garai haietan ez zegoen ez akademiarik, ez gramatikarik, ez ezer: zatikatzea normala zen. Espero duguna da egotea dialekto bat baino gehiago, aldaera txiki asko, eta agian hizkuntza bat baino gehiago ere bai. Gure lekukotasunak hain dira txikiak, non gehiago ikusten ditugun berdintasun nabarmen horiek, euskararekin edo aitzineuskararekin lotarazten digutenak, ezberdintasunak baino», azaldu du Urgellek.

Dabilen hizkuntza

Iparraldean 300 bat hitz aurkitu dituzte, eta Hegoaldean, dozena bat ere ez; hortaz, zaila da hortik gauza sendorik ateratzea, Ariztimuñoren hitzetan. «Gainera, askotan ahazten da gehienak gaur egungo Iparraldetik kanpo daudela, ez gaur egungo euskararen eremuan; orduan, euskararekin lotu izana zor diogu Mitxelenari, eta aurrekoei».

Hala ere, gerta liteke akitanieraren eta euskararen arteko lotura uste baino urrunagoa izatea. «Ez zegoen hasperena zeukan beste hizkuntzarik inguruan, eta elementu batzuk euskararekin lotzeko aukera ikusi zuten. Baina pertsona izenak dira, ez testuak».

Izan ere, erromatarren aurreko hizkuntza horien eta aitzineuskararen arteko zubiak hutsune asko ditu oraindik pauso irmoz igaro ahal izateko. Ariztimuño: «Ezaugarriak dira: fonologikoak, beharbada morfologikoren bat eta elementu lexiko gutxi batzuk. Testu hau ulertuko bagenu, laguntza handia litzateke».

Adibide bat jarri du Urgellek: «Geneukan horretan guztian ez dago aditz jokatu bakar bat ere; denak izenak dira. Eta, agian, munduko hizkuntzaren batean, deituko dira Dabilen Zaldia, baina akitanieraz, itxuraz, ez», kontatu du, irribarrez. «Badakigu gure aditz jokatu batzuek behintzat berri samarrak behar dutela izan, baina ez dakigu zer den berri samarra, mila urte edo hiru mila». Eta biek uste dute Irulegiko Eskuaren testuak izan behar duela aditzen bat. Baina ez dakite non. «Ez dakigu oso sintetikoak ziren, oso eliptikoak... Auskalo, gramatikaz ez dakigu ezer», Ariztimuñoren esanetan.

Transkripzioa irakurrita, hizkuntza baskonikoan ageri den lehen hitzaren eta euskararen arteko lotura begi bistakoa da gaurko euskaldunentzat: sorioneku-tik zorioneko-ra ez dago tarte handia, itxuraz. Bada, Urgellen eta Ariztimuñoren ustez, lehen hitz hori argi dagoela esatea ere gehiegitxo da oraindik: «Akitanierazko izenetan, ba omen dago sori, eta on ere bai. Gainera, baskoierazko pertsona izenetan, badago Onso eta badago Onse; beraz, bi zati horiek ontzat eman daitezke orain artean genekienarekin», azaldu du Urgellek.

Hortik aurrera iluntzen da dena; «zorioneko gisa interpretatu nahi bada, behintzat», Ariztimuñok zehaztu duenez. «Sorioneku, ulertu, ulertzen da, baina esan dezaket edozein hitz bokal bat aldatuta, eta ulergarria izan daiteke, eta horrek ez du esan nahi hitz hori horrela denik. Gainera, ko zeinua agertzen da testuan bertan», jarraitu du.

Pentsa liteke ku hori ko bihurtu dela denborarekin, baina horrek ere baditu bere problemak: «Aldaketa fonologikoak normalean orokorragoak dira, ez hitz bakarrekoak. Oraingoz, ez daukagu zantzurik esateko ku amaiera ko bihurtu dela». Eta hori ez da dena: zorioneko hitza euskarazko testuetan ez da agertzen XVIII. mendera arte. Zorion bai, baina zorioneko ez. «Sorion-era arte, ederki, baina hortik aurrera hasten gara lokatzetan sartzen, nolabait esateko», Urgellek.

Hiztegia hasi berri

Sorion hori zorionarekin lotzea interpretazio bat da, testuinguruari lotutakoa; «ez dirudi txarra denik horrelako zerbaitekin hastea». Halere, harrigarria da, Urgellentzat: «Harrigarria da hain argia izatea sorion, eta hain iluna gainerako guztia; ez bakarrik frustrantea, harrigarria ere bai».

Dena dela, kontrakoa espero izateko arrazoi askorik ere ez zegoen, Ariztimuñok esan duenez. «Akitaniako izenetan ere gertatzen da: gizon, andere eta horrelako gutxi batzuk daude, eta gero hitz pila bat hasperenez josita, ezaugarri fonologiko koherenteak dituztenak, baina ez dakigu zer esan nahi duten».

Urgellek zenbakitan irudikatu du egoeraren neurria: «[Joseba] Lakarra egiten ari den berreraiketan, 190 bat erro izango ditugu, batuz gero orain bizi direnak eta bestela atera direnak, aitzineuskara zaharrenekoak. Hori ez da ezer. Guk ezagutzen ditugun 190 erro horietako batzuk agertzeko, kasualitateak ere lagundu behar zigun, sorionak. Akitanieraren eta aitzineuskararen bitartez, ez dugu inondik inora ere hiztegi bat egiten. Egiten ditugu lehenengo hogei orrialdeak, eta igual pasatu egin naiz. Testuaren laguntza behar dugu, baina, era berean, ez dakigu nola heldu ahal zaion».

Sorion bezain erraz ikusten den hitzik ez dago testuan; ageri da garri atzizkia, eta Gorrotxategik aurkezpenean esan zuen hirugarren lerroko ese hitza irakurtzeko aukera bat dela ez partikularen antzinako formatzat hartzea. «Beste azalpen bat badu: etxe ulertzea, baina oso txarra da, zeren ziurrenik hertsi-tik dator, eta espero genezake orduan hortik hurbilago egotea, eta ez jada r-a galduta», Urgellen hitzetan. Haren ondoren dago akari; horrek Urgelli eta haren lankideei Andeloseko ekien eta iberierazko ekiar ekarri dizkiete gogora, baina ezin urrutiago joan; gogoetarako «hazitxoak» besterik ez dira.

Hitzak nola bereizi

Garbi dago, hala ere, hitzak banatu egin beharko dituztela, Gorrotxategik aurkezpenean esan zuen moduan. Ese eta akari banatu litezke, eta bigarren lerroan be eta e gisa transkribatu dituzten zeinuak ere hartu litezke hitz baten amaiera eta beste baten hasieratzat. Urgell: «Orain zaurgarritasun bezalako gauzak ditugu, baina oso jasoak dira, eta, logikoki, espero dugu silaba gutxiagoko hitzak egotea, oro har».

Horretarako, zeinuak gehiago zehaztu beharko dira, Ariztimuñok azaldu duenez: «Esaten dute lehenengo marrak egin zituztela eta gero puntuak, baina batzuetan ez datoz bat, eta erabaki beharko da zeini egin behar zaion kasu. Beharbada biei, eta puntuekin batzuetan osatu egiten zuten marrekin egin ez zutena, edo nahi gabe osatu gabe utzi».

Biek ulertzen dute testua argitzeko eta euskararekin lotzeko gogoa, baina ez dute uste terminologia nahastea komeni denik. «Uste dut denok kontziente garela gatazka linguistiko oso latz batean sartuta gaudela, eta agian inon baino gogorragoa dela justu Nafarroan. Bihotzetik gauza asko ateratzen dira, baina gure esparrutik mantendu behar dugu izendapen zehatz eta ezberdinen beharra», esan du Urgellek.

Horrek euskararen historia hobeto adierazteko ere balio dezake, gainera, haren ustez: «Oraindik jende askok sentsazioa dauka euskara beti bat izan dela; maileguak kentzen badizkiogu, nolabait esanda, neolitoko hizkuntza bat dugula. Horregatik, horrelako izendapenek —aitzineuskarak berak, baskoierara joan gabe— garbi adierazten dute beharbada oso ezberdina zela».

Lanerako prest dira Urgell eta Ariztimuño, eta badakite horrek ikastea ere eskatuko diela: «Bistan da orain gutako batzuk jantzi egin beharko garela ezer aterako badugu, dudarik gabe. Epigrafiez ikasi beharko dugu», Urgellek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.