Soriazuk eta Abadiasek Donostia eta jazza bildu dituzte diskoan

Aritz Luzuriaga eta Vincent Thomas musikariekin batera, bederatzi abestiz osatu dute diskoa

Satxa Soriazu eta Jorge Abadias zuzenean jotzen. JON URBE.
Donostia
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Zuri kaleratu dute Satxa Soriazu piano jotzaileak eta Jorge Abadias gitarristak elkarlanean, «% 100 jazz» estiloa jorratzen duen diskoa. Aritz Luzuriaga kontrabaxu jotzailea eta Vincent Thomas bateria jotzailearekin batera osatu dute laukotea, bikotearen hasiera bateko ideiari «osotasun handiagoa»emanez.

Donostian bertan trebatutako lehendabiziko jazz musikari belaunaldiaren ordezkariak dira Soriazu eta Abadias, Musikenen ikasitakoak baitira biak. Bederatzi abestiz osatu dute diskoa, zazpi beraiek konposatutakoak eta Frank Churchillen eta Pat Methenyren bertsio banarekin. Aipatzekoa da Mendibururi izeneko pieza ere, Antonio Arzakekin batera moldatutako XIX. mendeko zortzikoa.

Emanaldiak laukote gisa eskaintzea «baliabideen araberakoa izango da. Ea behingoz uzten diogun lau euroren truke arrastaka ibiltzeari», adierazi du Abadiasek. Bestela, Soriazurekin bakarrik ere emango ditu kontzertuak.

Soriazu oso gustura agertu da azken emaitzarekin, «%100 bihotzez, inolako baldintzapenik gabe ekoitzitakoa baita, muga komertzialik edota bestelakorik gabe». Gaur egingo dute jendaurreko aurkezpen kontzertua, Hernanin. Biteri kultur etxean joko dute iluntzean,20:00etan hasita, eta Thomas Vincent bateria jotzailea Borja Barruetak ordezkatuko du, lehendabizikoa ezin etor daiteke eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.